Zein asmo duzu oporretarako?

ikamika

Normalean, garai honetan, udako oporretan izan ohi dugu burua: uda ate joka, zer egin edota nora joan pentsatzen hasten gara. 2020ko udaberria, ordea, erabat ezohikoa da, eta nahikoa kezka dugu buruan: osasun larrialdia, horrek ekonomian eragindako triskantzaren ondorioak... Halere, era berean, itxialdiak etxetik ateratzeko gogoa areagotu digu. Zuek pentsatu al duzue zer egingo duzuen udan, ala horretarako gorputzik ez? Izan ere, gaixoen eta hildakoen kopuru izugarriak direla, langabezia dela, geroarekiko ziurgabetasuna dela... zaila da hain egoera larria burutik kentzea. Alabaina, atseden egunek burua arintzeko ere balio dezakete. Baduzue oporretan joateko asmorik? Ala etxeko ekonomiak edota osasun egoerak ez dizuete halako aukerarik ematen? Donostiako Irrintzi AEK euskaltegiko B2 mailako goizeko ikasleak.

1. Loli
Nik, zorionez, aukera dut gurasoen herrira joateko, eta hori izango da egingo dudana; abuztuaren lehenengo hamabostaldian, han egongo naiz behiak ikusten, mendiak ere bai... eta deskonektatzen. Oso herri txikia da, beraz, espero dut COVID-19 ez ikustea.
2. Helena
Aurten, oporrak bertan behera utzi behar izan ditugu. Parisera joateko ideia geneukan, baina pandemia etorri da eta ez dela gure unea esan digu. Beraz, Donostian egongo gara; eta aukera izanez gero, Nafarroara joateko asmoa daukagu. Han, nire gurasoekin egotea espero dut, nire semeek haiekin goza dezaten.
3. Pontxo
Egoeraren arabera, astebete oporretara joatera gustatuko litzaidake, irail aldean. Oraingoz, ez dugu erabaki nora joan, baina Pirinioetara joan gaitezke. San Maurizio lakua, Aigüestortes... Katalunia aldea eremu zoragarria eta aproposa dela iruditzen zait, gorputza eta, bereziki, burua arintzeko.
4. Judit
Nire kasuan, ez daukat asmorik oporretara joateko. Egia esan, diru beharra daukat, eta garaiak ez dira oso onak lasaitasunez disfrutatzeko. Beraz, aukera ederra da erositako baserri berrian geratu eta bertan lan egiteko. Horretaz gain, espero dut denbora tarte honetan beste lan bat laster to
patzea!
5. Ane Miren
Garai berezia da hau. “Orain inoiz baino gehiago” esaldia entzuten dugu etengabe irratian zein telebistan. Askatasuna kendu didate pandemiaren izenean, eta berreskuratzen ari gara modu arraro batean. Nik uda honetan senideak bisitatzeko asmoa daukat, Euskal Herritik kanpo. Nahiz eta lanean egon, ez dut lurralde berririk ezagutu nahi, nire senideak eta lagunak ikusi baizik. Nire ustez, “orain inoiz baino gehiago”, harremanak babesteko momentua da.
6. Xabi
Nik Lizarra aldean igaroko ditut oporrak. Kanpinera joan, igerilekuan bainatu, terraza batean irakurri eta lo egin. Ba al dago plan hoberik? Hori bai, koronabirus madarikatua dela eta ez dela, oraingoz Leitzarango autobidea zeharkatzeko baimenik ez, eta itxaron beharko dugu...