Nork bere droga aukeran

droga

Izen desberdinak dituzte, baina kultura guztietan oso errotuta daude. Batzuk arinak. Beste batzuk, gogorrak. Halarik ere, gehienak kaltegarriak. Behar dugu, behar dute. Ez dago eraginetik libratzen denik, ezta haien atzeko interesetatik ere. Munduan bidaiatuta hainbat herrialde eta kulturatan ezaguturikoak jaso ditugu lerro hauetan; denak daude tokian tokiko berezitasunei lotuta, eta atzean askotariko errealitateak, usu oso latzak, erakusten dituzte. Juan Luis Mugertza.

Tekila. Mexiko.

Guadalajaratik 50 kilometrora, likorearen izena duen herria dago: Tequila. Alde batean eta bestean ereindako soroetan, agabe urdina (Agave tequilana) deritzon landarearen lurrina sudur zuloetatik gora nabaritzen hasita gaude, eta bide bazterretan egokitutako dendetan tekilaren negozioak familia askori etekinak ematen dizkiola oso ondo antzematen da. Aspaldian, mexikar indiarrek jateko, janzteko eta papera egiteko erabiltzen zuten, eta landarearen punta luzeak eta zorrotzak, torturatzeko. Egun, agabe urdina Mexikoko edari nazionala produzitzeko baliatzen da.
Edariaren kalitatea bermatzeko, Mexikoko Gobernuak Jalisco estatura eta Nayarit, Michoacán, Guanajuato zein Tamaulipas eskualdeetara mugatu du tekilaren ekoizpena. Izan ere, bertan baino ez daude baldintza egokiak tekila zapore eta kalitate onekoa izateko. Ehun milioi agabe urdin baino gehiago omen daude leku horietan, eta, orain dela ehunka urte moduan, mandoen gainean garraiatzen, eskuz landatzen eta biltzen dira. Agabeak, landatzen denean kipula baten tamainakoa bada ere, zazpi-hamar urte igarotakoan ehun eta berrogeita hamar kiloko anana baten tamaina har dezake, eta ezpata itxurako hosto urdinxkak ditu. Kaktus itxura izan arren, lirioen familiakoen antz handiagoa du. Behin zatitu ostean, labe batean egosten da hiru egunez, landareak bigun daudela txikitzeko eta muztioa eskuratzeko. Jarabe kolorea hartzen duenez, zukuak ezti ur du izena; upeletan lagatzen da harrotzen, eta legamia eransten zaio. Tekilarik onenek % 100 agabe etiketa daramate; beste batzuek, ordea, azukrea eta koloratzaileak izaten dituzte. Legearen arabera, agabe edukia % 51 baino txikiagoa bada, ez du tekila izena merezi.

Yanomamiak: tabakoa eta yopoa. Venezuela, Brasil.

Tabakoa ez dute erretzen yanomamiek, zurrupatzen baizik. Horretarako, ezpainen barruko behealdean jartzen dute tabakoa, gosea baretzeko, dastamena disimulatzeko eta organismoak behar dituen gatzak xurgatzeko. Boliviarrentzat koka nola, hala da tabakoa yanomamientzat. Zurrupatzeko ohitura aspaldikoa omen da, bai gizonezkoengan bai emakumezkoengan, eta edateko eta jateko baino ez dute ahotik kentzen. Berriketan daudela ere, tabakoa ahoan izaten dute, eta, hala, ahoskera berezia eragiten die. Horregatik, landatutako tabakoa kontu handiz zaintzen dute, eta sutegiaren goialdean batzen dituzte hostoak lehortzeko.
Yopoa pararo izeneko arbolak sortzen dituen hazietatik hartzen dute yanomamiek. Haziak zuritutakoan, eguzkitan ipintzen dituzte lehortzen, gero orea egiteko. Yopoa osatu goizean goiz edota eguerdian egiten dute, eta kontsumitu, berriz, arratsaldeko lehenengo orduetan. Arratseko lauretatik aurrera hartzea ez ei da batere ona, izpirituak etortzen direlako. Gizonezkoek soilik hartzen dute parte prestaketan; emakumeek pararoa batzen eta aleak zuritzen lagun dezakete, besterik ez. Ospakizunaren helburuetako bat da espirituekin harremanetan sartzea, partaideen eritasunak sendatzea, eta etsaiengan kalteak eta gaitzak eragitea. Yopoaren zeremonian, pertsona bik hartzen dute parte: batak esku ahurrean zabaldutako yopoa (hautsa) bestearen sudur zulotik gora egiteko mokohiro izeneko kanaberaren zuloan barreiatuko du, eta mutur batetik putz egingo. Bestea, bitartean, espirituekin harremanetan jartzen ahaleginduko da. Horretarako, behin eta berriro, dantzatu eta “komïre, komï, komire, komïre, komïre” (“oihukatzen duen tximino zuria naiz”) kantatuko du, harik eta trantzean egon arte.

Khata: paradisuko lorea. Yemen, Etiopia, Eritrea, Tanzania.

Landare honek izen asko ditu: kata, gata, jima, mira, Abisiniako tea, kafta (arabieraz)... “Nekatua bazaude, edota gaizki, probatu eta ondo sentituko zara”, halako esaldiak sarri entzungo dituzu Yemenen bertakoen ahotik. Khatak poetak inspiratzen, filosofoen gogoetak sakontzen eta herri xehearen ametsak ikusten laguntzen omen du, eta horrek herri honen kulturari eta harremanei kutsu magikoa ematen die. Antzina, adintsuek bakarrik dastatzen zuten, eta erlijioarekin oso harreman estua zuen. Halarik ere, sasoi batez, Koranak debekatu egin zuen paradisuko lorearen kontsumoa: arimari eta gorputzari kalte egiten zien. Baina debekuak ez zuen luzaroan iraun, erlijio arduradunek erabaki baitzuten onuragarria zela meditatzeko. Gaur egun, khataren kontsumoa oso zabalduta dago: musulmanek, kristauek... guztiek dastatzen dute belar honen gozoa.
Eguerdiko ordu biak dira Sanan, Yemengo hiriburuan. Khat saltzaileak Noeren seme zaharrenak, Semek, eraikitako merkatuan daude, akaras edota surba izenez ere ezagutzen duten produktua saltzen. Gu hura dastatzeko asmoz joan gara horretarako egokituriko toki batera. Alfonbren gainean zabaldutako kuxin bana hartu, eta paretaren kontra ipini gara eroso izateko. Kanpokoen begiradatik babesteko, ateak errezel bat du. Gurekin batera, haginik gabeko agure bat dago. Aho ertzetik etengabe darion bitsak gutako askori nazka eragin badio ere, probatzeko gogoz gaude. Erpurua eta erakuslea erabili ditugu adaxkaren hosto txikiak mozteko, eta gero murtxikatzen hasi gara. Eskuen keinuek adaxkatik ahora egiten dute behin eta berriro. Hamar bat minutu baino ez dugu egin, eta ahoaren zapore garratzak burmuinerako bidea egin aurretik planto egitea deliberatu dugu. Hangoa hausnarrean utzi dugu, eta gu kalera joan gara. Dirudienez, orduak mastekatzen eman ostean nabaritzen da eragina. Kontsumitzaile batek, batez beste, bi mila ordu egiten ditu urtean. Guk, ordu askoz gutxiago eginda, oso zapore ona eraman dugu Yemenetik.