Lau harribitxi Erdi Aroko paretetan

araba

Alaitza, Añua, Gazeo eta Arbulu herrietako eliza erromanikoetan, balio handiko horma pintura sorta dago. Erdi Arotik barrokora arteko irudiak biltzen dituzte eraikin horiek. Artelan zaharrenek ez dute zerikusirik erlijioarekin, gurtzarako esparru batean egon arren. Garaiko familia nobleen jokabideak irudikatzen dituzte, margo gorriz.
Jon Rejado.

Lau altxor txiki daude ezkutatuta Arabako Lautadan, balio eta interes handiko lau horma pintura sorta. Gasteiz eta Agurain artean daude, hogei kilometro eskaseko tartean; Alaitza, Añua, Gazeo eta Arbulu herrietako elizetan, hain zuzen. Lau eraikinek jatorri erromanikoa dute, baina barruan dituzten artelanek denbora tarte zabalagoa hartzen dute: Erdi Arotik barrokora. Kilometro gutxian, artearen historian eta garaiko ohituretan bidaiatzeko aukera eskaintzen dute.  
Horma pintura horietako batzuk nekez irudika daitezke eraikin erlijioso baten barruan, Alaitzako Jasokundeko Gure Amaren elizan daudenak, adibidez. Atentzioa ematen duen lehen gauza kolorea da. Margo gorriarekin eginda daude guztiak. Isabel Mellenek, arte historialariak eta Erdi Aroko Araba proiektuko kideak, azaldu du horma pintura gorria oso zabalduta egon zela X. mendetik XVI.era arte, gutxienez, Turkiatik Ingalaterraraino. “Alaitzako margoak Europan ondoen kontserbatuta daudenetakoak dira”.
Margo gorriaz gain, irudietako gaiek harrituko dute bisitaria. Eliza batean badaude ere, ez diote erlijioari aipamenik  egiten: setiatutako gaztelu bat dago, zaldunak borrokan, emakumezko bat erditzen… “Garaiko landa eremuko nobleziaz espero zena agertzen da: horma irudietako gizonek eta emakumeek haien garaiko gauzak egiten dituzte marrazkietan, beren genero eta maila sozialari zegozkienak”. Artelana XII. mendekoa dela ondorioztatu du Mellenek, orduko adierazle estetikoak baititu.
Landa eremuko nobleziak sustatuta
Irudi erlijiosoak zergatik ez diren ageri labur azaldu du Erdi Aroko Arabako kideak. “Arabako erromanikoa oso pribatua zen: nobleziak sustatu zuen, emakumezkoek nagusiki. Beraz, haiek ordaintzen zutenez, haiek erabakitzen zuten zer margotu”. Halaber, zehaztu du Alaitzako margoetako pertsonen ia erdiak andrazkoak direla. Mellenek argitu du testuinguru horri esker “erraz” uler daitekeela horma  pinturen esanahia.
Añua herriko Andre Mariaren Jaiotzaren elizan are sakonago dago ideia hori. Elizaren goialdean, motibo geometrikoak daude, gorriz margotuta; haien azpian, berriz, gaztelu bat setiaturik. “Gai bera da, baina pertsona ezberdinek margotu zituzten, eliza ezberdinetan, mende bateko aldearekin. Hortaz, pentsa daiteke Alaitzakoa ez zela salbuespena” ondorioztatu du Isabel Mellenek. Erdi Aroko margoez gain, Añuako elizan beste garai bateko horma irudiak daude,  Errenazimentukoak, hain zuzen.
Arbuluko San Martin elizan, artearen bilakaera hori “bikain” ikusten da, arte historialariaren ustez. “Oso didaktikoa da, Arabako elizak garaiaren arabera nola margotzen ziren azaltzeko aukera ematen duelako”. Izan ere, elizak hainbat garaitako eraikinen zatiak ditu: eraikin nagusiak XVI. mendekoa ematen du, baina murruetako bat beste garai batekoa da, aurretik zegoen Erdi Aroko eliza batena, eta bertan jatorrizko margoak daude oraindik.
Nahasketa horri esker, hainbat epealditako artelanak daude eremu berean: koruaren azpian, “kalitate aparteko” margolan errenazentistak daude; bataiotegian, XVIII. mendeko pintura barrokoak; eta eliza zaharraren murruan, Erdi Aroko margo gorriak. Alaitzakoak baino are “enigmatikoagoak” dira, Isabel Mellenen ustez. “Bi kontsakrazio gurutze daude, eta badute zentzua. Gainerakoa, ordea, misterio hutsa da: asteriskoak, gurpilak, animaliak…”.  Margoez gain, arte historialariak giltzarriak nabarmendu ditu: gangako nerbioei eusten dieten atalak. “Arabako multzorik onena da”.
Erretaularen atzean ezkutatuta
Azken harribitxia Gazeon dago, Tourseko San Martin eliza barruan. “Horma pintura gotikoaren adibide onenetako bat da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan” azaldu du Erdi Aroko Araba proiektuko kideak. Urte askoan, baina, ezkutatuta egon zen. 1967ko irailaren 7an ikusi zuen argia. Juan Jose Lekuona parrokoari erretaularen atzealdeari begiratzea otu zitzaion, eta margoak topatu zituen. “Parroko horrek beste aurkikuntza batzuk ere egin zituen, Alaitzako margoak, kasu”. 
Gazeoko horma pinturak erlijiosoak dira. Hil ostean pertsona guztiek aurkituko zutena erakusten dute. “Ez dago nahasteko aukerarik, margolanean bertan idatzita dagoelako zer den gauza bakoitza” argitu du Mellenek. Goian, erdian, Hirutasun Santua dago, Kristo gurutziltzatua, eta uso bat. Horien azpian, birjinak,  apostoluak eta aingeruak daude, gurtzeko jarreran. Are beherago, arimak bertara heltzeko egin behar duen bidaia dago irudikatuta: arimen pisatzea, infernurako sarrera… “Zeruko atean, Ama Birjina dago. Berak egiten zuen harrera, ez Done Petrik. Hori gerora heldu zen”.
Erdi Aroko Araba proiektuari esker, Gazeoko elizako hamaika irudi daude Interneten: 360 graduko argazkiak, bideoak, argazki zaharrak… Ondare Irekia izeneko egitasmoaren barruan egin dute lan hori, Araban gordetako altxorrak ezagutarazteko. Mellenek azaldu du eliza gehiagoko irudiak jaso nahi dituztela etorkizunean. Bitartean, Erdi Aroko Araba proiektuak euskarazko bisita gidatuak eskaintzen ditu, astebururo, harribitxiak bertatik bertara ikusteko.