Ez gaude irudiak irakurtzen ohituak

ILUSTRATZAILEAMaite Gurrutxaga, ilustratzailea

Arte Ederrak ikasten ari zela deskubritu zuen Gurrutxagak (Amezketa, 1983) ilustrazioaren mundua. Hainbat idazleren lanak ilustratu ditu, besteak beste, Mariasun Landa, Joseba Sarrionandia eta Juan Kruz Igerabiderenak. Iaz, Habiak (Txalaparta) komikia kaleratu zuen, Dejabu panpin laborategiaren Gizona ez da txoria antzezlanean oinarrituta, baita Alderik alde (Edo!) marrazki hutsez osaturiko liburua ere. Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan bere lanen lagin bat ikus daiteke martxoaren 23ra arte.

 

Zer da, zuretzat, marraztea?
Plazerez egiten dudan zerbait, baina, aldi berean, helburu edo behar bati erantzuten diona: kontatzea eta adieraztea.
Elena Odriozolak dio askoz hobeto espresatzen dela marraztuz hizketan baino.
Ni ere hobeto moldatzen naiz marrazkiekin hitzekin baino. Badirudi batzuetan lanbidea ez dela aukeratzen, baizik eta bideak erakusten dizula. Beste diziplina batzuek ere asko erakartzen naute, musikak, adibidez. Baina ez naiz musikaria, bideak marrazkilari egin nau, eta horrek adierazpenarekin zerikusia duela uste dut.
Koadernorik eta boligraforik gabe atera al zara inoiz etxetik?
Bai, baina beti saiatzen naiz poltsan koaderno txikia eta axota eramaten. Lantokitik kanpo, egoera eta ingurua ez dira berdinak, eta paperean gauza berriak gerta daitezke, interesgarriak. Hori guztia gero lanean erabilgarria izan daiteke.
Lehen komikia izan duzu Habiak. Errepikatzeko asmorik?
Komikiak gauza asko eskaintzen dizkio marrazkilariari: eszenak irudikatzeko aukera, sekuentzia bidezko kontaketa, mugimendua… Hori guztia asko gustatu eta oso interesgarria iruditu zait. Binetaz bineta istorioari forma ematea eta dena lotzea lan handia da, erantzukizun handikoa, gero irakurleak jaso eta ulertu behar duelako. Baina oso polita ere bai. Beraz, agian bai, errepikatuko dut. Proiektua bilatu behar.
Idazleen iritziak aintzat hartzen al dituzu?
Bai, noski. Beti dago ondo idazlearengandik testuaren nondik norakoak jakitea, baina marraztea ilustratzailearen lana da. Gainera, gehienetan, idazleak ilustratzaileak askatasunez lan egitea nahi izaten du, eta konfiantza maila hori polita da. Ilustratzaileari bere erara lan egiten utzi behar zaiola uste dut, lan horiek izaten direlako ederrenak. Jakina, bukaeran, lan horrek ondo defendatua egon behar du, eta testuari leiala izan, baina ilustratzailearen ikuspegitik.
Oraindik ere ilustrazioa haurren kontutzat jotzen al da?
Bai, hala uste dut, hemen, behintzat. Ez gaude oso ohituak irudiaren aspektu narratiboari kasu egiten, alegia, irudiak irakurtzen. Nire ustez, irudiak asko du kontatzeko.
Lanbide erraza al da ilustratzailearena?
Ez, ez da batere erraza. Badirudi korrontearen aurka igeri egin behar dugula beti.
Zer-nolako osasuna du ilustrazioak Euskal Herrian?
Ilustratzaileen aldetik, ona. Ilustratzaile on asko dago, joera ugari jorratzen dira. Bestalde, lan ausartagoak argitaratu daitezkeela uste dut, ilustrazioari garrantzi gehiago eman. Baita lengoaia grafikoa helduon mundura ekarri ere.

 


Eñaut Mitxelena