Diskoetxea baino gehiago

pantx

Pantx Records Bilboko kolektiboak jamaikar kultura eta musika bultzatzen ditu. Kideak reggae eta ska doinuen zaleak dira. Diskoetxea da proiektuaren ardatza. Euskaraz ekoiztutako biniloak argitaratu eta, batik bat, Euskal Herriko taldeak babesten ditu. Horrez gain, badituzte zuzeneko taldea, argitaletxea, estudioa eta disko jartzaile andana. Hori gutxi balitz bezala, hitzaldiak, kontzertuak eta Mundialito mixto antirracista delakoa antolatzen dituzte. Guztia autogestionatuta. Maider del Olmo. Argazkiak: Pantx Records.

Otsailean kaleratu zuten, beste kolektibo batzuekin batera, beren azkeneko diskoa: Subsistak & The Aggramondarrak Iruñerriko taldearen lana. Jamaikar klasikoen bertsioak euskara hutsean ditu, eta oso harrera ona izaten ari da. “Bereziki aipatu behar da zein ondo moldatu dituzten ingelesezko hitzak euskarara. Oso disko gutxitan ikusi dugu honen moldaketa sinesgarria” diote Pantx Records kolektiboan. Orain, ekainean, single bat kaleratuko dute: Suaia eta Ama Rebel taldearena. 
Duela urte batzuk, Bilbon zegoen hutsunea ikusita, hainbat lagunek elkartzea eta kolektibo bat sortzea erabaki zuten. Batzuk musika taldeetan aritu izan dira (Akatz, Euskatalites, Bilbomatiks, Amaika Rude Sound, Pagasarri Ska All Stars...); beste batzuek, berriz, ibilbide oparoa dute fanzineen kulturan (Run Together edo Bilbo Reggae Skins) edota irrati libreen mugimenduan (Irola Irratia edo Tas Tas Irrati libreak). Binilo saioetan ere ibiliak dira.
Hala, diskoetxearekin batera, Gelboe's estudioa sortu zuten. Hasieran ibiltaria bazen ere, egun finkoa da, egonkorra, sustatzaileen hitzetan: “Lehen, grabagailu eramangarria eta mikrofonoa eramaten genituen musikarien txokoetara. Orain, aldiz, badugu toki fisikoa edo lokala, beste kolektibo batzuekin partekatzen duguna.  Denon artean, Manba Beltza izeneko gunea eraikitzea lortu dugu. Eraiki diogunean, hitzez hitz diogu, guk geuk altxatu dugulako estudioa gure eskuekin eta zenbait kolaboratzaileren laguntzarekin. Gure helburua beti izan da herri estudioa sortzea, herriarentzako estudioa”. Hiriko taldeek grabatzeko aukera daukate bertan, eta “dirua ez da inola ere arazoa izango”, autogestioa baita beren lanaren oinarria. 
Zuzeneko taldea
Pagasarri Ska All Stars duela hiru urte sortu zen, Pantx Records kolektiboaren baitan. Estreinaldia 2017ko Bilboko Aste Nagusian izan zuten,  eta  “azken hiru urteotan, beste hiru kontzertu eman ditugu, horietako bat Erromoko ska reggae festibalean, ezagun-ezaguna nazioartean”. Pagasarri Ska All Stars zuzeneko taldeak Pantx Recordsen soinuak islatu nahi ditu, eta kalitate handiko musikariek osatzen dute. “Halaber, taldea sortu zen Bilbora edo Euskal Herrira datorren ezein artista jamaikarren backing band-a (talde babeslea) izateko; oraingoz, ez dugu lortu, baina lanean ari gara. Osasun krisi honek eztanda egin baino lehen, estudioan sartuta genbiltzan, bi abesti grabatzen; hortaz, espero dugu hemendik gutxira horiek entzuteko nahiz gozatzeko aukera izatea”.
Orobat, aurrerantzean ere ekitaldi arrakastatsu bati eusteko moduan izango direlakoan daude, beste talde batzuekin elkarlanean, Mundialito mixto antirracista izenekoari, hain zuzen. Ekimenak musika, futbola eta aldarrikapen politikoak uztartzen ditu. Azken urteotan, agendan gordetzeko data bilakatu da Bilboko eta Euskal Herriko gizarte mugimendu askorentzat, eta uda amaieran egiten dute: “Ezinbesteko tresna dugu gure gizartea kolpatzen duen minbizia salatzeko: arrazakeria. Ikusi besterik ez dago zer nolako jarrera izan duen poliziak berrogeialdian pertsona arrazializatuen kontra, batez ere San Frantzisko auzoan (Bilbo)”.

“DJ kultura sustatu”

Pantx Records kolektiboan, selectors-ak (disko jartzaileak) oso aktiboak izan dira hasieratik. Ehunka ekitalditan parte hartu izan dute: tabernak, herriko festak, jaialdi handiak… “Selectors-ek iragan mendeko 50eko hamarkadatik aurrera hartu zuten indarra Jamaikan. Are gehiago, ezinbestekoak izan ziren jamaikar musika mundu osora zabaltzeko. Guk sound system kultura bultzatu nahi dugu” azaldu dute. Itxialdian, azken asteotan, Pantx Official Selectors-ek zuzeneko musika emanaldiak eskaini ditu, online, beste kolektibo batzuekin batera.

PNTX Liburu ere abian

PNTX Liburu argitaletxea ere badute. Une honetan, hainbat proiektu dituzte esku artean; besteak beste, “idazle jamaikar baten poemen antologia euskaraz argitaratzea. Legearekin loturiko traba batzuk izan ditugunez, baina, oraindik ezin izan dugu argitaratu. Dena den, espero dugu egoera honi irtenbidea ematea eta laster kalean izatea. Edozelan, kultura idazteari buruzko gogoeta aspalditik dago kolektibo honetan. Hala, Pablok Run Together fanzinea egiten du aspalditik, eta orain Bilbo Reggae Skins fanzinearen bigarren zenbakia plazaratuko dugu. Bestalde, geuk antolatu ditugun hitzaldiei dagokienez, beti egin izan diete erreferentzia kultura reggaeari: fanzineen eta diskoen aurkezpenetan... betiere formatu bertikala baztertuta. Izan ere, guk eztabaida sustatu nahi dugu beti, modu bidezko eta horizontalean”.