Euskal garraioen garaia

iparralde

2017ko urtarrilaren 1ean plantan ezarritako Euskal Hirigune Elkargoa erakundeak ez ditu eskuduntza oso zabalak. Frantziako estatu zentralistan, hori ez da zilegi. Hala eta guztiz ere, elkargo horren eratzeak aurretik ez zegoen aukera prezagarri hau eragin du: hainbat alorretan, Ipar Euskal Herriko lurralde osoan, politika bateratuak xedatzea eta garatzea. Garraio publikoa dago, hain zuzen, politika bateratu eta, era berean, lurralde bakoitzari egokituriko horien artean. Allande Sokarros.

Ipar Euskal Herri osoan garraio publikoen gaineko eskuduntza hartzeko urratsetan, azkena 2018ko irailean izan zen: Euskal Hirigune Elkargoaren ardurapeko Mugikortasun Sindikatuak herrien arteko Txik Txak garraio sarea abian jarri zuen. Sarea Akitania Berria eskualdearen eta Pirinio Atlantikoak departamenduaren ardurapean egon zen aurretik. Car Express izeneko zerbitzu horrek, zehazki, Lapurdiko kostaldetik Zuberoa barruraino herrien arteko zortzi autobus linea ditu herritarren esku: Baiona / Donibane Lohizune / Hendaia; Donapaleu / Donibane Garazi; Atharratze-Sorholüze / Baiona; Baiona / Ahurti / Samatse / Bastida; Baiona / Hazparne / Donoztiri; Baiona / Kanbo / Ezpeleta; Kanbo / Hazparne / Iholdi; eta Arrosa / Urepele.
Ikus daitekeen bezala, garraio publiko sare horrek Iparraldea zabal zeharkatzen du, bai hiriguneetan bai baserri lurraldeetan. Linea guztietan, bi euro ordaintzen da bidaia, baina 10 edo 20 bidaiako tarifa gutxituak edo hilabetean edo urtebetean mugarik gabe bidaiatzeko harpidetzak ere aukera daitezke. Ibilbide bat baino gehiago baliatzeko gisan antolatuak daude, halaber, ordutegiak. Kasu horretan, bi euroko txartel batek bi linea baliatzeko ahala ematen du, 2 orduko epean eginez gero. Garraio publiko sare horrek, gainerat, muga bera ere hausten du, nolabait, EuskoPass txartel konbinatuarekin. Horri esker, autobusa Hendaiaraino baliatu ondoren, topoa trenarekin jarraitzen ahal da, 24 orduko baliozkotasuna duen  txartel batekin (5,50 €).
Oro har, Car Express zerbitzua ondo dabilela erran behar da... uda partean salbu, zeren eta orduan nabaritzen baita Ipar Euskal Herriko bide sarea ez dela jada egokitua urtaro horretan egon ohi den ibilgailu pilaketara. Haatik, udaratik kanpo ere Lapurdiko kostaldeak pairatzen duen eraikuntza gehiegikeriak berak ere nekezia handia sortzen du bideetako harat-honatetan.
Trambusa: hiri garraioen eredu berria
Iparraldeko herrien arteko Car Express lineez gain, Chronoplus eta Hegobus sareak ere Txik Txak zerbitzuaren barne daude. Lehenak Baionako hiriguneko autobus lineak (18, guztira) ditu bere gain, baita kitorik egin daitezkeen 5 ibilbide zerbitzu, eskariaren arabera antola daitezkeen garraioak eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei egokitutakoak ere. Sare hori Lapurdiko sei hiri edo herritara zabaltzen da: Angelu, Baiona, Bidarte, Bokale, Hiriburu, Miarritze eta Landetako Tarnosera; guztira, 145.000 bizilaguneko hirigunea hartzen du. Sare horren berritasunik aipagarriena Trambus hiri garraio eredu berria da, Angelu, Baiona, Bokale, Miarritze, Basusarri eta Landetako Tarnos lotuko dituena. Egitasmo honen lehen fasea gauzatuta dago jada, Baionako iparraldea eta Miarritzeko erdialdea bat egiten dituen lehen linea 2019ko irailaren 2an abian jarri zenetik. Trambusaren bigarren linea aurten jartzea hiritarren zerbitzura da helburua. Ororen buruan, hirigune bati hobeki egokituriko garraio eredu horrekin, orduero 1.600 bidaiari eraman litezke leku batetik bestera.
Hegobus sareak, berriz, Lapurdiko hegoaldeko 15 herri lotzen ditu: Ahetze, Ainhoa, Arbona, Azkaine, Biriatu, Donibane Lohizune, Ezpeleta, Getaria, Hendaia, Kanbo, Sara, Senpere, Urruña, Ziburu eta Zuraide. Guztira, 11 linea dira, zeinei gehitzen zaizkien eskariaren arabera antola daitezkeen garraioak eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonei egokitutakoak.
Hurbiltasuneko garraio zerbitzuak
Azkenik, Iparraldeko garraioen eskaintza hazi egin zen, 2019. urtean, Proxi'Bus izeneko  hiru linearekin. Horren helburua da Ipar Euskal Herriko barnealdeko hiru hiritan eta horien ingurune hurbiletan garraio zerbitzu berezia eskaintzea, saltokiak, zerbitzuguneak, hiri barneko eta kanpoaldeko biziguneak, ikastetxeak eta aisialdi guneak lotzeko, egun osoan hainbat joan-etorri bermatuta. Maule-Lextarre eta Sohüta batzen dituen linea, 53 zenbakia duena, jarri zen abian lehenik, 2019ko ekainaren 1ean. Egunero, 07:00etatik 19:15era, 11 bidaia egiten ditu, orduero. Geroztik, Donapaleu inguruko 55. linea, eta Itsasu eta Kanbo inguruko 57. eta 59. lineak jarri dira martxan. Maule-Lextarre/Sohüta lineari dagokionez, aitortu behar da ez duela arrakasta itzelik izan, oraingoz, behintzat. Hortaz, badirudi bi urteko probaldiaren bukaeran zerbitzua egokitzea beharrezkoa izango dela, garraio eremua birpentsatuta, agian.
Ipar Euskal Herriko garraio publikoen azalpena ez litzateke zehatza Aturri ibaia zeharkatzen duten bi ontzien eskaintza aipatu gabe. Hala, Santispituko pasatzaileak Boufflers eta Santespiritu auzoak lotzen ditu, eta Txalupa-k , berriz, Baionako erdialdetik Bokalera joateko aukera ematen du.