“Gaur egun, musikariak ordu gehiago ematen ditu ordenagailu aitzinean gitarra jotzen baino”

ekiza

Dela Willis Drummond taldeko gitarrista eta abeslari, dela bakarka, dela bestelako proiektuetan kolaboratzaile, musikaz bizi da, eta musikak bizi du, Jurgi Ekiza (Baiona, 1980). Ipar Euskal Herrian konfinamendua arindu berritan hitz egin dugu berarekin, aipatu taldearen azken diskoaren (Zugzwang, Tabula Rasa, 2019) aurkezpen bira derrigor etenda dutela. Haatik, etenak ez du geldirik dagoenik esan nahi. Eñaut Mitxelena.

 

Australian, Japonian eta Tahitin bira egin ostean, etxera zuzenean. Kanpoan luzaroan egotetik kolpe batean etxean luzaroan egotera. Nolakoa izan zen etxerako buelta?

 Nahiko bortitza. Bost astez hirurok elkarrekin etengabe, eta, bat-batean, bakoitza bere etxean. Azken egunean, Tahitiko uharte batean ginen, Moorean, hain zuzen: hondartza bat, kasik nehor ez, arrainekin eta marrazoekin bainatzen... eta biharamunean iritsi eta etxean gakotu. Hastapenean, ez zen arazorik izan; nekatuak ginenez, deskantsatzeko fase bat bagenuela jakinik, ongi. Sufrimendua izan da, batez ere, jet lag famatuarengatik: behar izan ditut kasik bi aste ziklo normala berreskuratzeko, eta horrek nekatu egiten du. Etxetik ezin atera, eta galdua bai denboran bai espazioan, oso luzea izan da. Gainera, psikosi honekin, buruko mina, gorputza nekatua... Hasieran pentsatzen genuen agian koronabirusa genuela eta ez genekiela! Beraz, lehen bi asteak ez ziren goxoak izan. Ondoren, egokitu ginen, azken finean ez dago beste sekreturik.

Biraren erdian zinetela, itxialdia. Kontzertu asko utzi behar izan dituzue bertan behera?

Bai, pila bat genituen antolaturik: Zaragozan, Bartzelonan, Madrilen, Valentzian, Oñatin, Donostian, Ezpeletan... eta denak bertan behera. Oraingoz, batzuk urte bukaerara mugitu dira, baina beste batzuk baztertuta daude, besterik gabe. Arazoa da guretzat: batetik, moral aldetik zaila da, disko berria aurkezteko gogoa dugulako; bestetik, gure lana da, eta ekonomikoki kolpea da horrenbeste kontzertu galtzea. Baina bueno, egoera honetan, non ez dagoen hautatzerik, ez da sobera pentsatu behar. Edozelan ere, ezin dugu deus egin, gauzak onartu eta filosofoa izan, ez da beste biderik. Ez du ezertarako balio burua orduak eta orduak haustea; ez da aterabiderik, hortaz, itxaron, zer egiten ahal dugun jakin eta moldatu.

Hego Euskal Herriarekin alderatuta, Ipar Euskal Herrian, intermitenteen estatutuarekin, Frantziako administrazioak babes handiagoa ematen dizue sortzaile eta kulturgintzako langileoi. Nolabaiteko lasaitasuna ematen al du horrek?

Bai eta ez. Orain bai, baina dekretuak eta legeak aztertu behar ditugu. Intermitentzia langabezia modukoa da: langabeziarako eskubide batzuk badituzu urtebeterako, lanordu kopuru jakin bat bete eta gero. Zure ordu guztiak egiteko urtebete duzu, baina koronabirusarekin arazoa da abuztura arte, bederen, ez dela deus gertatuko. Hots, urtearen erdia galduko dugu, eta denontzat ia ezinezkoa da orduak betetzea. Hori kezka handia izan da, kultura mailan, Frantziako estatuan. Macronek iragarri zuen ez zuela utziko kultura bertan behera, eta, ezingo bagenitu orduak egiaztatu, automatikoki izango genuela luzapena. Nola litekeen ez dugu oraindik irakurri, ziurtatu zain gaude, baina eskuarki bai, urtebetez lasai izaten gara. Horrek laguntzen digu bai guri bai gure teknikariei, haiek ere badutelako estatutu hori. Musikan eta kulturan, arazoa da inguruan badirela beste langile batzuk, produkzio bulegoetan eta, adibidez. Gainera, antolaketari dagozkion kontu asko, bai eta militantziarekin lotuak ere, batez ere Euskal Herrian, kontzertuekin irabazten den diruaren mende daude, eta horrek guztiak zailtasunak dakartza.

Sormen aldetik, probestu duzu konfinamendua. Hor dira zure ekimenez sortutako Ez dakit gehio zer eguna den kantu kolektiboa edota Bihar abestia, Bizi! mugimenduak eta Manu Robles Arangiz fundazioak aldaketa sozial eta ekologikoa sustatzeari buruz eginiko liburuxkarekin batera kaleratua.

Egia errateko, uste nuen askoz gehiago aprobetxatuko nuela. Aspalditik dut buruan bigarren diskoa egitea bakarlari, eta horretan hasi nahi nuen, denbora lan egiteko baliatu. Baina isolamendua hautatua edo ez hautatua izatea ez da gauza bera. Munduak normalki funtzionatzen duenean, sartzen zara zure etxean edo zure eremuan, gakotzen zara, eta ihes egiteko modu bat da, zure lana etxean egiteko. Baina mundu osoa geldi dagoenean, kentzen dizu, kasik, plazer hori. Nahiz eta isolatu, ez zaude gauzak sortzeko moduan. Beraz, egin nahi nituen gauzak ez ditut egin, eta, aldiz, pentsatu ez nituen batzuk atera dira. Hori onartzen ere ikasi egin behar da. Ez dakit gehio... kantarekin gau batez hasi nintzen etxean, jet lag-agatik lehen astetan ez nuelako lo egitea lortzen, eta denbora pasatzen nuen ukelelearekin musika jotzen. Melodia bat bururatu, egoerari buruzko hitzak di-da sortu, eta pentsatu nuen jendeari parte hartzea proposatzea. Uste dut ongi egin dudala, erantzuna ona izan delako eta, batez ere, horrela kanta amaitu dudalako, behintzat. Bestela, grabatuta egon arren, ez nintzenez batere lan fase batean, segur aski alde batera utziko nuen. Baina hitz eman nuen argitara emango nuela, eta halaxe egin dut. Gauza bera Bihar kantarekin: Txetxekin (Etxeberri, Bizi! mugimenduko kidea) testu horri buruz hitz egin nuen eta esan zidan maiatzaren 11n, konfinamendua arintzen hasiko zen egunean, kaleratuko zutela. Hilaren 6an edo 7an ginen, eta esan nion egingo nuela, lan berezi eta zehatza zenez banekielako nondik jo.

Ez dakit gehio zer eguna den kantu baikorra da. Itxialdiari baikortasunetik heltzeko beharra zenuen?

Uste dut baietz. Bi kantuak nahiko alaiak dira, ukelelearekin joak. Testuak ere, nahiz eta lehena pixka bat tristea den, poza ematen du errepika horrekin. Normalean egiten dudan musika oso iluna da; testuak ere, oro har, oso goibelak dira. Beharbada, gauza baikorrak edo poztasuna adierazteko ez dut musikaren beharrik. Baliatzen ditut, gozatzen dut eta ez dut hori kanporatzeko beharrik. Normalki, musikaren eta artearen plazera eta gaitasuna kontrakoa dira, zerbait ilun eta tristea, hain zuzen. Barruan zerbait tristea edo iluna baduzu, ateratzen ahal duzu; musikaren edo artearen bidez baldin bada, zerbait ederra bilakatzen ahal da, eta gauzak sobera ezkorra izan gabe kanporatzeko aukera ematen dizu. Oro har, horrela funtzionatzen dut. Orain, egoera pixka bat arraroa izanik, azkenean sumatu dut poztasun hori kanporatzeko premia. Iruditzen zitzaidan kanporatzeko beharra nuela, neure buruagatik ez ezik, munduari baikortasun apur bat eskaintzeko ere, psikosi eta beldur giro hartan. Nahiz eta bizitzan oso baikorra izan, sorkuntzan oso iluna naiz, eta on egin dit neure buruari erakusteak kontrakoa egiten ahal dudala.

Hala, itxialdi honek beste Jurgi bat entzuteko aukera eman digu, positiboagoa.

Bai. Segidarik izango duen ala hor bukatuko den... ez dakit. Egia errateko, aspalditik egin nahi nituen kanta batzuk ukelelearekin, baina ez nekien nola: disko bat, bospasei kanta eta kolpe batean argitaratu, gai bat ardatz hartuta... Disko batean bat-batean ukelelearekin jotako kanta bat paratzea ez zitzaidan egokia begitantzen, baina konfinamenduan izan dut aukera bi istorio berezi hauei esker. Litekeena da ziklo bat izatea, edo kanta batzuk egiteko era. Gero eta gehiago gozatzen dut gai berezi baten gainean lan egiten dudanean, edo hala denborari nola formulei dagokienez muga batzuekin. Gustatzen zait, azken finean, oztopo batzuk izatea, zeren eta sorkuntza ireki-irekia denean iruditzen baitzait kasik mugagabetasunaren aurrean gaudela, eta hor ez da erraza hautuak egitea. Gogoko dut mugatua izatea, eta tresna bat oinarri gai edo une berezi bat aipatu behar izanak lagundu dit nire musikari bestelako forma ematen.

Krisi ekologikoa, soziala... gai horiek ageri dira taldearen azken diskoko kanta gehienetan, modu nahiko ilunean. Osasun larrialdian, hitzek zentzu handiagoa hartzen dute.

Bai... Zugzwang iaz kaleratu genuen, gai nahiko sozialak-eta ditu, eta egia da zeharo bat datorrela egoerarekin. Beharbada, joan den urtean baino gaurkotasun handiagoa du. Gauza oso ilun, oso errealista eta oso kritikoa egin nahi izan dugu, baina, era berean, diskoa alaiki eta itxaropen istorio batekin amaitzen da. Kontzientzia eta gordintasun kontua da, ez ezkorra izan nahia. Hau da, ezkorrak ez dugu izan nahi ezkor izate hutsagatik, baizik eta zinez ohartzeko zer gertatzen den eta zertan garen, eta hori, hain justu, aldatzeko. Atzean, beti dago itxaropena. Diskoko azken kantan diogun bezala, azkenean badakigu beste modu batean egin genezakeela eta, hala ere, egiten ez dugula. Horretan datza gizakiaren eta gure gizartearen gakoa: zergatik ez garen aldatzen, nahiz eta jakin... Alegia, gaur egun, adibidez, koronabirusarekin badugu arazo bat, sendagairik ez dugula, hain zuzen; ulertzen dugu oraingoz ez dagoela konponbiderik, antolatu beharra dagoela... Baina gure arazo gehienek, alimalekoek ere (klimaren berotzearena, kasu), badituzte konponbideak, aukerak badaude, gauza txikitan jartzen dira praktikan munduan, baina ez da lortzen era masiboan egitea. Bada, hori oso arraroa da... Bueno, arraroa ez: badakigu, alde batetik, nahiz eta geure burua iraultzailetzat jo, batzuetan denok izaten garela benetako aldaketaren beldur. Uste dut hori gakoetako bat dela. Horregatik, segur aski, benetako aldaketak ez dira sarri gertatzen, inkontzienteki ere jendeak, oro har, daukan horri eutsi nahi diolako. Animalion erreflexua-edo izango da, daukagunari eutsi eta ez galtzea. Oso zaila da daukazuna izaten segitzea eta aldaketa egitea. Bestetik, beste gako bat da, nola ez, bizi dugun egoera oso txar honetan gutxi batzuek abantailak dituztela, irabaziak, eta horiek ez galtzeko egoera iraunarazten dutela. Betiko kontua da. Azken finean, boterean daudenek edo oligarkia horrek, botereari oso lotuta dagoen jende horrek, ez dute daukatena galdu nahi, eta hori lortzen dute beren boterearekin dena bereganatuz eta benetako aldaketari oztopoak jarriz. Baina hori ere aldatzen ahal da: gu gehiago gara!

Biran, hilabete pasatxo eman zenuten antipodetan. Zer moduz?

Oso ondo. Oso pozik ginen birarekin, hainbat arrazoirengatik. Lehenik, gure artean oso ongi moldatu gara, hirurok bakarrik joan ginelako eta berriz elkartzeko aukera izan delako, geure buruak berriz antzemateko; izan ere, hainbeste lan dinamikarekin, ez dugu maiz izaten hirurok elkarrekin egoteko betarik. Ohartu ginen oso gutxitan pasatzen dela, eta elkarrekin oporretara joateko abagunea izan da. Australian, adibidez, bi asteburutan jo genuen, eta gero astebete hartu genuen guretzat: furgoneta bat alokatu, bidaiatu... Bigarrenik, musikaren aldetik, kontzertuak oso ondo joan ziren. Japonian, Tokion ez ezik, Okinawan ere jo genuen, munduko musiken jaialdi batean, eta han baziren kanpoko programatzaileaketa jendea. Ez dakigu ondorioak izango dituen, baina halako kontzertuen xedea da beste kontzertu batzuetarako atea irekitzea. Beraz, pozik ginen, bidean jende berria eta aukera berriak ezagutzen ari ginelako. Australian jotzeagatik ere oso pozik ginen, guretzat rock&rollaren herrialdeadelako, eta betidanik izan dugulako Australian jotzeko ametsa, batez ere Melbournen. Plazer handia izan da, zinez amets bat betetzea. Bestetik, Tahiti oparia izan da, plus bat. Hara joatea ez zen nire lehentasunen artean, baina aukera izan dugu eta asko gustatu zait benetan. Paradisua bezalakoada, eta nahiko turismo gutxi dago. Gainera, kontzertuak oso onak izan ziren. Disko denda batean jo genuen, eta polita izan zen han jotzea eta disko batzuksalgai uztea. Hango tipoak esan zigun mundu osoko disko dendarik isolatuena dela froga dezakeela; musika dendarik gertukoena 6.000 kilometro ingurura omen dago... Beraz, esaten ahal da WillisenZugzwang diskoa munduko disko dendarik isolatuenean ere eros daitekeela orain.

Joseba Baleztenak taldea utzi zuenetik, hirukotea zarete. Horrela jarraitzeko asmoa al duzue, gustura zaudete?

Egia errateko, bai. Oraingoz, oso pozik gaude. Pixka bat sorpresa izan zen, batez ere neure buruarentzat, inoiz ez bainuen nahi izan gitarra nagusiaren rola hartu. Josebak utzi zuenean, Japonian gure lehen bira egitekoak ginen justu, hilabete-edo baino ez genuen prestatzeko; hasieran pentsatu genuen norbait hartzea bidaiarako, eta setlist guztia-eta hilabetean prestatzea ez zela erraza izango. Gero, Japoniako biran hirukotea izatea erabaki genuen, probatzeko, baita geroago Euskal Herrian egin genuen Gure Tokia Tour-en ere; ondoren ebatziko genuen horrela segitu ala gitarrista bat bilatu. Ustekabe ederra izan zen, zeren eta landuz oso ongi lortu baikenuen aitzineko errepertorioa moldatzea. Bigarren etapa izan da hiruron artean disko bat egitea; kasu horretan, beste kide batekin, bildumaren ekoizle Johannes Buffekin (Felix Buff taldekidearen anaia), hain zuzen, zeinak parte hartze handia izan duen. Hala ere, hiruron artean sortu genuen diskoa, eta oso ondo atera da. Horrenbestez, horrela jarraituko dugulakoan nago; ez dugu baztertzen kolaborazio batzuk izatea, jendea diskoetan parte hartzera gonbidatzea, baina ez taldekide bilakatzea. Egun, Willis Drummond musika taldea da, baina baita familia ere. Aspalditik garenez oso lagunak, etorri berriarentzat ez da erraza izaten bere markak jartzea. Nire ustez, Josebarekin horixe izan zen, nolabait, zailtasuna. Nahiz eta oso ondo moldatu, imajinatzen dut ez dela erraza gure usaietan nork bere lekua egitea. Horrez gain, ez gara enpresa bat, baina gauza asko eraikitzen dugu hiruron artean. Hasiak gara, Johannesekin, geure estudioa egiten. Horregatik guztiagatik diot Willis Drummonden sartzea ez dela soilik entsegu eta kontzertuetara etortzea; proiektu batean sartzen zara, zure bizitzako nagusian. Azken finean, gure funtzionamendua kooperatibena bezalakoa da, nolabait, eta bakoitzak bere zereginak ditu: honek kontuak egin, horrek sare sozialak kudeatu, hura gauza teknikoez arduratu... Gure adinarekin ere ez da aise topatzen hori guztia egiteko prest eta une horretan libre dagoen norbait. Horregatik, bilatu ere ez dugu egiten. Beti erraten dut inork ez dakiela etorkizunak zer ekar dezakeen, eta igual urtebeteren buruan sei izango gara taldean eta dena aldatuko da... Hala ere, oraingoz ideia da berdin jarraitzea, dinamika eta energia oso onak dauzkagulako, eta elkarrekin primeran pasatzen dugulako.

Willis Drummonden, aldarrikatzaileago; Ekiza bakarkako proiektuan, intimoago. Bi bideak jorratzea beharrezkoa duzu?

Bai, dudarik gabe. Willis Drummonden, askotan egin ditugu biak. Batzuetan oso ondo ateratzen zen, eta beste batzuetan iruditzen zitzaidan ez zela oso aproposa edo hitzak ez zetozela beti bat musikarekin, bazela bi mundu batzea. Bakarka hastea aukera ikaragarria izan da zinez intimo dudan guztia adierazteko, tartean besteak sartu gabe. Ez bada haien intimitatearen parte edo haien burutik pasatzen dena, Felixek eta Xanek (Bidegain, taldeko baxua) ez dute zertan bat egin nik idazten dudanarekin. Horregatik, bakarkako bidea hastea nahiko interesgarria zen. Egitean ohartu nintzen aspalditik nuela gauzak kanporatzeko behar berezi hori. On egin zidan, eta, gainera, bakarka jotzen hasteko bidea ireki zidan. Hitz potoloetan erori gabe, bakarka jotzeak bizitza aldatu didala uste dut, psikologikoki ere lortu dut apur bat neure burua taldetik bereiztea. 2015ean taldean egin genuen etenaldira arte, kasik taldearekin bakarrik identifikatzen nintzen, baina neure burua... ez nekien nor nintzen, Willis Drummondeko kideetako bat, abeslaria, besterik ez. Bada, horretan, asko lagundu dit bakarka jotzeak, bakarrik joaten naizelako kontzertuetara, jendea zuzenean ezagutzen dudalako, teknikariak, antolatzaileak... Zure burua ezagutzeko lagungarria da, eta niretzat oso interesgarria izan da.

Joseba Baleztenak AIZU!-n duela 5 urte esana: “Musikaren munduan ere banpiro pila bat dago. Bulegoetako jendea ahalik eta diru gehiena irabazi nahian ibiltzen da, eta gero gu saiatzen gara geratzen diren pizarrak biltzen”. Zuek musikatik bizi zarete. Baratxuri, gurutze eta ur bedeinkatuarekin ibiltzen ikasi behar al da musikaren munduan?

Ez da oso erromantikoa, baina uste dut gaur egun musikatik bizi nahi baduzu, ezin duzula lehen bezala egin onartu beharra duzula. Musikariak, gaur egun, ordu gehiago ematen ditu ordenagailu aitzinean gitarra jotzen baino. Zaila da onartzen, baina banpiroak gainetik kendu nahi badituzu, zuk zeuk egin behar duzu haien lana, kar-kar! Esan nahi dut gaurko artistok diziplina bat baino gehiago jorratzen dugula, ezin dugula soilik musika egin, soilik gitarra jo... bideogintzan ere aritu behar dugu pixka bat, artea landu, kartelak egin, etab. Lan hori egin beharra inposiziotzat jotzen baduzu, gaizki zabiltza mundu honetan, benetan “Ostia, hau pena, ez da nire lana, ez dut maite” pentsatzen ari zarelako. Onartzen baduzu, ordea, eta gogotsu egiten baduzu, aipatu arlo guztietan alderdi artistikoa izan badenez, zure sorkuntzaren parte bilakatzen ahal da. Nik oso ongi bizi dut gaur egun, onartua dudalako. Taldean, kontu guztietan parte hartzen dugu: produkzio lanak, argiak, soinuak, artea (Ramon Zabalegirekin batera), sare sozialak... geu arduratzen gara guztiaz. Nire ustez, gaur egun musikatik bizitzeko, horrela jokatu behar da. Gitarra jo eta abestu besterik ez baduzu nahi, beste guztia egiteko norbaiti ordaindu beharko diozu, eta amaieran geratuko zaizuna ez da bizitzeko nahikoa izango. Uste dut arazo hori dutela musikari gehienek, baina ados naiz azken finean ez garela batere musikariak. Gauza ugari egin behar direla onartu behar da, baina behin onartuta, eta gozatuz eginez gero, ez da hain problematikoa.

Ama hizkuntza euskara zenuen, baina txikitan galdu zenuen. Gaztaroan, berreskuratu egin zenuen, AEKn ikasiz eta Euskal Ikasketak eginez. Zerk bultzatu zintuen hautu hori egitera?

Zenbat eta zaharrago, orduan eta gauza gehiago ikusten ditut nire ibilbidean. Oroitzen naiz 10 urterekin-edo aitatxirekin komunikatzeko zailtasunak nituela. Euskaldun-euskaldunak ziren, eta ni pixkanaka euskara galtzen ari nintzen. Ez dut oroitzapen finkorik, baina bai sentsazio arraro hori: aitatxi edo amatxirekin izatea eta ez mintzatzea hizkuntza bera; talka handia da. Halaber, gurasoen etxean ziren binilo batzuk oroitzen ditut, Urkoren Hemen gaude, Mikel Laboaren Bat-Hiru, Guk eta Otxalde taldeenak... Laboarena asko maite nuen; ez nituen hitzak ulertzen, baina bazen zerbait, harreman bat, zerbait oso fuertea, eta horrek izan ninduen pixka bat euskarari atxikita. Ondoren, haurra nintzenean, euskal dantza talde batean ibili nintzen; hango batek bazuen Negu Gorriaken Hipokrisiari Stop!, eta hura entzun nuen lehenengo aldiz zinez flipatu nuen. Baionan ikusi nuen taldea zuzenean, 96an edo; nire lehen kontzertu potoloa, eromen hutsa. Orduan pentsatu nuen: “Horixe egin nahi dut bizitzan”. Musikaz harago, bazen aldarrikatzeko beharra, eta euskaraz egitekoa. Garai hartan erabaki nuen euskara berriz ikasi behar nuela. AEKn hasi eta ohartu nintzen euskara ikastea, lehenik, hizkuntza ikastea dela, baina gero horren atzean mundu oso bat dagoela. Euskara ikasteak mundu baterako atea irekitzen dizu. Gogoan dut Korrika Baionatik igaro zenean, geu joan ginela hiriko bihurgune guztietara banderatxoak ezartzera, lasterketa iragartzeko eta. Azken finean, mugimendu handi baten parte bilakatzen ginen, eta lilurak hartzen gintuen. Baduzu sentsazio hori, horren parte zarela, eta dinamika horretan sartzen zara. Hemen ziren euskaldunen taberna eta elkarteetara joaten ginen, mugimendua zegoen, eta beste mundu batean sartzea izan zen. Gero, lizeoan, Xan ezagutu nuen, eta gure lehen taldea sortu genuen. Orduan, berak zuen kantatzen; nik oraindik ez nekien euskara, eta gitarra jotzen hasi berri nengoen. Taldea ez zen oso ona, kar-kar! Nahiz eta euskaltegian nintzen lehen edo bigarren urtea izan, saiatzen nintzen testu batzuk lantzen, eta idaztea ere izan da euskara asko lantzeko metodoa. Nire bizitzan, musika izan da betidanik hizkuntzak ikasteko erarik onena: Lenny Kravitzen liburuxkak eta hitzak irakurriz ingeles dezente ikasi nuen; geroago, ez dira irakaslerik onenak izango, baina Manu Chaoren, Kortaturen eta halakoen bidez gaztelania landu dut; eta euskara abestien hitzak idatziz eta musika entzunez, etxean zeuden binilo haiek guztiak, besteak beste. Gainera, askotan, diskoetan kanten hitzak eta itzulpenak agertzen ziren, euskara lantzeko aukera paregabea. Dena den, onartu beharra dago kanten hitzak, literatura lanekin alderatuta, nahiko errazak izaten direla, sinpleagoak edo, baina haien bidez berdin lantzen ahal da hiztegi anitz, baita gramatika kontu batzuk ere. Musika modu itzela da euskara ikasteko, laburbilduta.

Leitu izan dizut komunikatzeko frantseserako joera duzula; sortzeko, berriz, euskara funtsezkoa duzula. Bitxia.

Bai. Ez da, beharrez, euskaraz sortzeko beharra, baizik eta kantatzeko eta kanporatzeko unean dudana. Ideia asko frantsesez ere idazten ahal dut, eta gero itzuli; edo, batzuetan, euskaraz idazten dut zuzenean, baina ez dut argi. Irribarrez aipatzen dut beti, baina noizbehinka badut itxuratia naizelako sentipena: beti euskal sorkuntzaren munduan banabil ere, euskararekin oraindik zailtasunak ditudala ohartzen naiz. Alabaina, gure egoera ez da normala, eta uste dut baikortasunez hartu behar dela euskararen aldeko edozein ekarpen. Purista bilakatzen bagara, azkar batean desagertuko gara. Intentzio eta energia guztiak ongi etorriak dira, eta saiatzen naiz neure burua ere bakean uzten. Azken finean, gauzak euskaraz egitea da kontua. Batzuetan pentsatu izan dut gezurtia naizela eta ez dudala lekurik merezi honelako gauza batean; beste batzuetan pentsatzen dut niri entzunez, musikaren bitartez, agian jende gehiagok aditzen duela euskara. Ni musikarengatik hasi nintzenez gure hizkuntza ikasten, iruditzen zait beste batzuei ere berdin gertatuko zaiela, eta norbaitengan horretarako gogoa eragiten badut, borroka irabaztetik gertuago egongo gara. Sekula ez diot esan jendeari euskara ikasi behar duela, zentzu horretan ez naiz izan inposatzailea. Eskolan eta lizeoan, ia ez nuen euskaldunik izan inguruan. Gero, etxebizitza lagun batzuekin partekatu nuen, urte batzuez, eskolako lagun batzuekin gerora ere izan dut harremana, eta ez dut errango niregatik izan dela, baina haietako askok euskara ikasi dute. Nire iritziz, sortzen da halako energia bat baita taldearen bitartez ere—, non jendea jabetzen den badagoela bestelako zerbait, eta askorentzat naturala bihurtu da euskara ikastea. Beharbada, denak ez dira euskaldun osoak bilakatu, baina... Badut Landetako lagun bat orain Euskal Herrian bizi dena, euskara ikasi du, eta orain saiatzen gara, bederen, beti euskaraz mintzatzen; saiatuagatik, gero sarritan jotzen dugu frantsesera, baina beti euskaraz hastea bada garaipena. Beste adibide bat: gure familian, amak zekien euskara, aitak ez, eta neba-arrebok galdu egin genuen. Berriro ikasten neu izan nintzen lehena, gero arreba hasi zen, eta AEKn ezagutu zuen orain senarra duena; beren bi haurrek ikastolan ikasten dute, eta euskaldunak dira. Gure anaiak, aldiz, ez du sekula ikasi, bere emazteak ere ez, baina umeak ikastolara doazenez eta euskaldunak direnez, euskaldunagoa bilakatzen ari da. Egoera larria da, ez dugu inoiz ahantzi behar; ez gara egoera normalizatuan bizi, ondorioz, borrokatzen segitu beharra dugu, baina jakin ere jakin behar da gauza onak ikusten eta nabarmentzen. Gure familian bezala belaunaldi batetik bestera euskara irabazten bada, pixkanaka-pixkanaka irabaziko dugu.

Ipar Euskal Herritik proposamen interesgarri mordoxka iristen zaigu tradizionala ez den musika eremutik: Orbel, Lumi, zuek... Zure ustetan, Hegoaldekoon zilborretik jartzen zaio arreta nahikoa Iparraldeko musika eszenari?

Oso zaila zait neurtzea, ez dudalako sobera iritzirik arreta nahikoa eskaintzen ote zaion jakiteko; estatistikoki ere ez dakit zer-nolako arreta jartzen dion Hegoaldeko jendeak bertako euskarazko musikari. Kontsumo kopuruak ikusita, baina, badirudi euskaldunok gutxi kontsumitzen dugula euskarazko sorkuntza (Elkarrek egindako ikerketa baten arabera). Hegoaldean hala bada, imajinatu beste lurralde batetik datorrenari dagokionez. Gainera, nahiz eta gu erabat kontra izan, “Iparraldea Frantzia da” esaten segitzen dugu maiz. Kanpotartzat jotzen badugu, ez da erraza jendearen interesa piztea, konbentzitzea. Hor bada lana kontzientzia komun horri eusteko. Ziur naiz, hori bai, Iparraldean egundoko sorkuntza dagoela, benetan kalitate onekoa; hots, bada kalitatea, eta bada kantitatea. Arazo garrantzitsu bat ere bada, bai Hegoaldean bai Iparraldean: ikusgarritasuna lortzeko tresnarik eza. Alegia, mundu txikia bilakatu da apur bat, eta aski zaigu lau leku euskaldunetan eta bi irrati euskaldunetan agertzea, besterik ez. Zirkuitu hori handitu beharra dugu, hori lortu behar dugu. Gu saiatzen ari gara zer edo zer proposatzen, bederen, eta Iparroratza zigilua sortu genuen. Hasieran, asmoa zen diskoetxe bat sortzea, baina diskoen aroa amaitu zen. Hortaz, nahi genuke kolektibo bat izatea, eta Ipar Euskal Herriko musikari euskaldun guztiak parte hartzera, bat egitera, gonbidatu. Zerbait erraza eta praktikoa. Nola egin, zein tresnarekin... aztertzen ari gara. Baliteke horrek ere interesa sortzen eta gauzak errazten laguntzea. Gaur egun, Iparraldean zein Euskal Herri osoan, halako formuletan pentsatzen ahal dugu, jende gehienak modu errazean kontsumitu nahi baitu. Entzun nahi duen hori ez badu bi klik eginda lortzen, ez du ordubete ematen bila, beste leku batera joaten da; hainbeste aukera daudenez, azkenean ahaztu egiten da. Geure tresnak sortzeko eta egungoetara egokitzeko, lan ikaragarria dugu egiteko. Betiko eztabaidak dira: YouTuben sartu nahi dugun ala ez, YouTuberen moduko enpresa handiei lagundu edo horietan parte hartu nahi dugun ala ez... Horretan sartu gabe, jendearen belarrietara nola iritsi pentsatu behar dugu, batez ere gazteen belarrietara, eta haiek aipatu plataformaren eta bertsuen bidez entzuten dute musika. Gure betiko historia, baina oreka ere lortu behar da etikaren eta eraginkortasunaren artean. Purista izanez eta gure etikari eutsiz, arima garbitzen dugu, baina euskarari ez diogu behar duen laguntza ematen, ez gara eraginkorrak horretan. Ez diot gauzak ahal bezain modu komertzialean egin behar ditugunik, baina tresnak sortzea lortu behar dugu, eta egokitzea, belarri pila batera iristeko. Euskal sortzaileentzat, oro har, kezka delakoan nago: benetako masa batengana heldu ezean, azkenean mundu txikia bilakatuko da gizartean, eta guk ez dugu nahi gizarteko mundu txiki bat, gizarte euskalduna baizik. Badago zer hausnartu, beraz. Greba digitalaren ondoren, hasi da euskal kulturako eragileen eta aktoreen arteko mugimendua sortzen, musikariak, idazleak, ilustratzaileak... bildurik, baita haien inguruan dauden egiturak ere. Baina, nire ustez, irratiek, dendek... euskarazko musika eta kulturarekin zerikusia duten guztiek ere bat egin behar dute. Gogoeta orokorra eragin behar dugu, dena une berean sustatzea lortu behar dugulako, oso gauza zaila dena. Sorkuntza beharrezkoa da, bai, baina baita hura jendartean zabaltzeko modua ere, denengana iristeko. Tresna erraz eta egokiak behar dira, eta horiei eusteko dirua ere bai. Horretaz guztiaz denon artean hitz egin behar dugu; besteak kontuan hartu gabe nork bere aldetik jotzen badu, porrota iznago da beti. Horixe da gure lana orain: dena batera nola bultzatu aztertzeko antolatzea, aintzat hartuta sorkuntza, hedapena, hortik bizi nahi dutenentzako errentagarritasun ekonomikoa... denak aurrera segi dezan. Horretan ari gara.

KOLKOTIK

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Euskarak ofizialtasuna lortu duela Ipar Euskal Herrian.

Larunbat gau baterako plan onena? Kontzertua eman.

Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan? Batzuetan, deus ez da izatea barruan, beraz, ez da halakorik, kar-kar!

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Ufa! Asko aldatzen den gauza bat, egun batetik bestera ez dut gauza bera ikusten.

Zerk ematen dizu beldurra? Neure buruak, kar-kar!

Zerk alaitzen dizu eguna? Gauza askok. Besterik gabe, eguzkiaren argiak.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Gauza asko izaten ahal dira... Gertatzen zaidanean pentsatu eta gero ahaztu egiten dut. Badut neure burua babesteko memoria bat, eta dena ezabatzen dut!

Zerk ematen dizu lotsa? Nire tripa izaten ahal da, kar-kar! Egun batzuetan, ispilu aurrean neure burua itsusi ikusten dudanean, horixe izaten da nire kezka, kar-kar!

Bizitzako plazer txiki bat? Milaka dauzkat. Adibidez, oinez noala airea sentitu besoen gainean.

Musikari bat? Manu Chao.

Musika talde bat? Pearl Jam.

Zuk edo zuek emandako kontzertu bat? Alegiako gaztetxean Bronze taldearekin batera eman genuena. Hura jotzen ari zela, Ertzaintza iritsi, eta geratzeko esan zigun, zarata handia zegoelako. Betea zegoen aretoa, eta proposatu genuen material guztia lurrera jaistea eta bertan jotzea. Jendeak inguraturik eman genuen kontzertua, eta eman ditugunen arteko onenetakoa izan zen, kristorena.

Eta zuk ikusitako bat? Asko. Negu Gorriakena Baionan; Manu Chaok Fermin Muguruzarekin egindako Jai-Alai Katumbi Express biran, Lesakako Zambra diskotekakoa; Rage Against The Machine Donostian; AC/DC Bartzelonan... Horrelako gauza batzuk ezin dituzu ahaztu.

Bi arrazoi euskara ikasteko? Euskara ikasten duzunean, mundu bat irekitzen zaizu; eta euskalduna izatea proiektu batean sartzea da. Hori gehiago lotzen dut etorkizunarekin iraganarekin baino.

Labur esanda, nolakoa da Jurgi Ekiza? Aldakorra, kar-kar! Eta gero eta baketsuagoa, nire ustez. Bere buruarekin gero eta hobeto dagoena, eta hori ez dago batere gaizki.