Lekuz Leku jaialdia ekainaren amaieran egingo dute

lekuzleku

Aldaketarik ezean, XVI. Lekuz Leku nazioarteko jaialdia ekainaren 24tik 27ra egingo da, Bilboko hainbat lekutan, La Fundición Bilbao Aretoak antolatuta. Data hori jakinarazi du antolatzaileak, baina behin-behinekoa da, osasun larrialdiaren bilakaeraren araberakoa, alegia. Nolanahi ere, egitaraua osatuta dago. Hala, ondo bidean, aipatu egunetan bertoko eta nazioarteko dantzarien emanaldiak ikusi ahal izango dira, dantza garaikideko pieza laburrak, hain zuzen. Euskal Herriko parte hartzaileak izango dira, besteren artean, Amaia Elizaran, Ziomara Hormaetxe, Proyecto Larrua eta Osa + Mujika; nazioartekoak, berriz, Denis Martinez (Kuba), Pablo Girolami (Italia), Guaigua & Boudihaf (Ekuador) eta Zum Zum Teatre (Katalunia), besteak beste. Egitarau osoa www.lekuzleku.com gunean dago.


animadebaKULTUR AGENDA zeharo baldintzatzen jarraitzen du osasun larrialdiak eta, tantaka-tantaka, bertan behera uzten ari diren jaialdi, ekimen eta ekitaldien ontzia gero eta beteago dago. Esaterako, Animadeba Debako Nazioarteko Animazio Zinemaldia ez da egingo aurten. Irailaren 3tik 6ra zen egitekoa XIII. edizioa, baina ekitaldia normaltasunez egitea ezinezkoa dela-eta antolatzaileek ez egitea erabaki dute. Bilbon eta Barakaldon ekainaren hasieran egitekoa zen ACT Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdia, aldiz, udazkenera atzeratu dute; zehazki, azaroan egingo da, antolatzaileak, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak, hala erabakita. Identitatea du gai nagusi aurtengo edizioak, baina munduan bizi dugun egoera kontuan hartuta, osasun krisiak sortzaile berrien eszenan izango duen eragina ere izango dute hizpide. Gainera, zenbait online jarduera antolatzeko eta jaialdia streaming bidez hedatzeko aukerei atea zabalik utziko dietela jakinarazi dute antolatzaileek.

LABURREAN

ANTZOKIETAKO oihalak jaitsita dauden garaiotan, Artedrama Arte Eszenikoen Plataforma oihal atzean ari da lanean. Iragarri duenez, Artedrama Euskal Laborategia, apirilean Aulestin egitekoa zena, irailaren 21etik 26ra egin dadin ahalegintzen dihardute. Gainera, hil berean, Huts Teatroarekin batera, beren hurrengo lana prestatzeko egonaldia egingo dute. Xehetasun gehiagorik ez dute eman, lan horren izena besterik ez: Atzerrian lurra garratz.

etbALDAKETA beharra. ETB esnatu! izenburupean, Euskal Telebista “kalitatezkoa, euskalduna eta lehiakorra” eskatzeko sinadura-bilketa martxan dago. Finean, ETB1ek aldaketa behar duela aldarrikatzen dute ekimenaren sustatzaileek. Pandemia garaian, inoizko ikusle-kopuru txikienak izan ditu euskal kateak, gizartean inoiz baino euskal hiztun gehiago badago ere. Ondorioz, egungo gainbehera saihesteko, telebista publikoa berritzeko eskaera egiten ari dira, bai edukiei bai ikusleei helarazteko moduei bai telebistarako sarbideari dagokienez. Gizartean zein ETBren zuzendaritzan hausnarketa piztea helburu,  eskaria change.org atarian sina daiteke.