Telebistan amaituko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia

orkestra

Martxoren 9an eskaini zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken kontzertua, Istanbulen. Ordurako, COVID-19 oso hedatuta zegoen, eta, itxialdia hasteaz batera, emanaldi asko bertan behera geratu ziren. Bi hilabeteren ondoren, musikariak berriro hasi dira elkartzen, Miramongo egoitzan, eta dagoeneko abian dute alarma egoerara egokituriko proiektua: zortzi kontzertuko denboraldi laburra. Euskadiko Orkestra martxan! izenpean, emanaldiak ETBn eta sare sozialetan ikus daitezke. Robert Treviño zuzendari titularrak 50 musikariz osaturiko taldea bideratzen du, eta emanaldien iraupena ordubetekoa da, gehienez. Aukeratutako konpositoreen artean, Ramon Lazkano eta Mikel Urquiza euskaldunez gain, Mendelssohn, Haydn, Mozart, Richard Strauss eta Brahms daude, beren partituretako asko orkestra txikietarako idatzita baitaude. Lehen programa maiatzaren amaieran eskaini zuten, eta bigarrena ekainaren 6rako dago antolatuta. Ondorengoak Euskadiko Orkestraren webgunearen eta sare sozialen bidez iragarriko dira.


belakoPLAN ALDAKETA garaia da Belako talde mungiarrarentzat. Plastic Drama disko berria maiatzean kaleratzekoak baziren ere, koronabirusaren ondorioz geroko utzi behar izan zuten. Horrez gain, aurtengo zuzeneko emanaldiak bertan behera utzi behar izan ditu taldeak, zaleen zoritxarrerako. Alabaina, ez da gaitzik onik ez dakarrenik, eta Belakori bestelako aukera bat otu zaio:  autozinemetan kontzertuak eskaintzea, bira txiki batean. Horrela, ikusleek derrigor egon behar dutenez auto barruan zein bizikleta gainean, ez dute inolako arazorik izango osasuna babesteko legez ezarritako segurtasun neurriak betetzeko. Euskal Herrian, emanaldi bakarra dago konfirmatuta: Getxoko autozineman izango da, ekainean.

 

 

 

cobraFYRE
Cobra
Marion Cobretti Records, 2020

Lau urte pasatu dira laukotearen azken lanetik, eta, gainera, nahiko lanpetuta ibili dira Cobra taldeko kideak azken boladan. Alta, eta emaitza ikusita, ez dago akidura zantzurik. 10 abesti berri dakarzkigu Fyre diskoak, stoner, metal eta rockaren arteko nahasketa bortitz eta bikainaz blaiturik. Horien artean, euskarazko bi abesti berri (Oroiminduak eta Legarreko kanpaiak) daude, bai eta kolaborazio berezi bat ere: Cancer Bats taldeko Liam Cormier kanadarrak We Are Next singlean parte hartu du. Sugea azalberrituta dator, eta oraingoan ere oso itxura ona du.

euskalskillsEUSKALSKILLZ
Gatom
Tiro Pun, 2019

Iñigo Iriondo bermeotarraren rap proiektua da Gatom, eta bere azken diskoaren izena, Euskalskillz, euskalki eta skills (abileziak) hitzekin osaturiko hitz jokoa. Musika jamaikarraren soinuak dakarzkigu (zehazki, reggae eta dancehall estiloak), orain arte jorratu izan duen rapa alde batera utzi gabe. Nahaste horretaz baliatzen da Gatom gizarte gaien gaineko mezu argiak zabaltzeko, bereziki gazte prekarioen ikuspuntutik: lan zaborra, errebeldea izateko grina eta gizartea eraldatzeko beharra, besteak beste.Diskoa taupaka.eus webgunetik deskarga daiteke.