Belakotik harago

# 1
Lukiek
Egilea editore, 2019

lukiekLukiek taldea aurkezteko orduan, errazena Belako taldearekin duten harremanari heltzea litzateke, Mungiako hirukote honetan Josu Ximun Billelabeitia Belakoko kidea baitugu gitarrista eta abeslari. Baina ez litzateke batere zuzena izango: taldeak badu bere nortasuna, eta oso erakargarria, gainera; ez da talde handiago baten “talde paralelo” hutsa. Melodiarekin eta indarrarekin jolasten dira, Pixies taldea gogora ekartzen duten abestietan (Automata-ren koruak, Bi polar eztabaidan-en leloa), eta kantu oldarkorragoetan (Tagerosue) punk-rockera gerturatzen dira. Bere garaian Ama Sayk euskal rock’n’rollean zabaldu zuen bidetik doa Lukiek, eta ez soilik musika aldetik: disko honetako 13 abestien hitzak mendebaldeko euskaraz daude (“lukia” azeria da, bizkaieraz), baina ingelesezko edo frantsesezko berbaren bat ere sartu dute, tarteka, Ama Sayk egiten zuen bezalaxe. Emaitza kontuan hartzeko modukoa da.

Gotzon Hermosilla