“Gustura nago musikan, dakidanarengatik; eta gustura idazten, ikasiko dudanarengatik”

sardui

Alex Sardui (Gernika, 1966) Exkixu taldeari esker ezagutu genuen duela 20 bat urte. Bi disko kaleratu zituen talde hark, eta ondoren sortu zuten Gatibu, dagoeneko bost disko argitaratu dituena. Sardui aurkezle ere ibili zen Euskal Telebistan, hiru urtez Bi errepidean saioan; eta orain, kate bereko Kontrako eztarria umorezko saioan, musikari famatuen imitazioak egiten ditu. Duela gutxi argitaratu du bere lehen nobela: Esan eta egin. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

 

Liburuak ez du zerikusirik musikarekin; zer dela eta hasi zara idazten?
Barruan eduki dut gordeta. Iaz denbora apur batez ibili nintzen eta erabaki nuen, geldirik egon baino, nahiago nuela barruan neukan hori atera. Animatu eta idazten hasi nintzen. Idatzi ahala gustura sentitu nintzenez, bukatu arte segitu nuen.
Musikazaleak irakurtzen jarriko dituzun esperantzan?
Ez dago txarto pentsatuta! Badu abantaila, agian musikagatik ezagutzen nautenek errazago erosiko dutelako nire liburua beste idazle berri batena baino. Musika entzuteagatik irakurtzera animatzen badira, fenomeno! Ea irakurtzen dutenak ere musika entzutera animatzen diren eta denon artean kultura apurtxo bat biribilduz joaten garen!
Nola hartu dute irakurleek zure lehen liburua?
Momentuz nahiko kritika onak jaso ditut, ez dakit lagunenak direlako izango den, kar-kar! Txarren bat ere egon da: eskastxo geratu dela, igartzen dela nire lehenengo liburua dela, deskribapen batzuk falta direla… Baina tira, komentario orokorra izan da kapitulu laburrak direnez, erraz irakurtzen dela eta harrapatu egiten duela.
Musikan abesti zuzen eta sinpleak aldarrikatzen dituzu; idaztean ere, soiltasuna bertute. Zer ikusten diozu sinpletasunari horrenbeste miresteko?
Bada, zerbait ona baldin bada, soila izanez gero, askoz ere hobea dela. Abestietan ere igartzen da hori, bai egituran, bai melodietan eta hitzetan. Nire ustez, liburuekin gauza bera gertatzen da: erraz eta gustura irakurriz gero, harrapatu egiten zaitu. Hori bilatu nahi izan dut, burua gehiegi jan barik idaztea, gustura irakurtzeko modukoa izan dadin. Izan ere, irakurtzen hasi eta gustatzen ez bazaizu, mesanotxe gainean utzi eta hurrengo gauean beste gauza bat irakurriko duzu. Sinpletasunak, azken batean, edertasuna dauka.
Jendea izutu egiten da kontu sakonekin?
Ez dakit izutzen den gauza sakonak topatzean ala gauzak esateko era sakonarekin. Nik ez daukat ezer sakon idazten duen jendearen aurka, baina erraz eta sinple idazten dutenen alde asko daukat. Goi mailan dabiltzan euskal idazle gehienek ez dute sakontasun hori hizkuntzan bilatzen, istorioan baizik.
Biak probatuta, idaztea eta abestea, non gusturago?
Sasoian sasoikoa. Musikan nahiko solte ikusten dut neure burua, hartuta diot neurria, badakit nondik doan kordela. Idazten, berriz, asko daukat ikasteko, baina gustuko gauza bat ikasteko aukera edukitzeak erakarri egiten nau. Beraz, gustura nago musikan, dakidanarengatik, eta gustura egon gura dut idazten, ikasiko dudanarengatik. Bietan nabil pozik, nahiz eta musika gehiago kontrolatu.
Telebistan, berriz, imitazioak egiten dituzu. Gustatu zaizu esperientzia?
Bai, hor ere ikasi egiten da, nahitaez aztertu behar direlako imitatu beharreko artistaren ezaugarriak. Gainera, barre batzuk egin ditugu eta ondo pasatu dugu.
Etorkizun hurbilean, zer? Diskoa, beste liburu bat…
Momentu honetan, garrantzi handiagoa emango diot diskoari, abendurako bospasei abestiko disko laburtxo bat atera gura dugulako. Ahalegina egingo dugu, behintzat. Horri eman beharko zaio lehentasuna, nahiz eta bestea utzi ez. Liburu baterako ideiaren bat bururatuz gero, ezin da albo batera utzi, kontuan hartu behar da. Izan ere, jendeak gustura hartzen badu lehenengo hau eta aukera ematen badidate bigarrena idazteko, zortea edukiko dut. Gauzak dauden moduan, ez da erraza lehen aukera edukitzea ere, beraz, aprobetxatu egin behar da, musika zein literatura aldetik.
Duela bi urteko elkarrizketa batean, oso panorama larria aurreikusten zenion musikari. Nola darama Gatibuk krisi famatua?
Panorama orokorra larria da, baina guk, egia esan, zortea izan dugu. Urte ona eduki dugu, Euskal Herriko beste hiruzpalau taldek bezala. Nahiko txarto dago, ordea, talde berrientzat, ez baitaukate lehengo aukerarik. Exkixuren garaian, adibidez, diskoetxeek diru apur bat ateratzen zuten salmentatik eta grabatzeko aukera ematen zieten beste talde bat edo biri. Orain, berriz, norbere buruarentzat ere ez dagoenez dirurik, aukera hori desagertu egin da. Hori bai, taldea ona bada, aurrera egingo du, baina gaztea bada edo ikasteko asko badauka, gaitzagoa izango zaio, ez baitago aukerarik. Norberak atera dezake diskoa, eta saldu, baina ardura guztiak hartu ondoren eszenatokira joan, aurreko kontu guztiak ahaztu eta musikari bakarrik jartzea arreta ez da erraza. Ea krisi honetatik atera eta hasten garen  euskal talde berriei diru partida batzuk eskaintzen! Datorrena indartu beharra dago, hemendik hamar urtera odol berria beharko baita derrigor. Euskal Herrian badago gaitasuna, baina aukerak falta dira. Pausoak eman behar dira, plazak berreskuratu eta jende horri aukerak eman.
Zer gomendio emango zenieke musikan lehen urratsak ematen ari diren taldeei?
Lehenengo eta behin, euren buruarengan sinestea. Eta erabaki bat hartzen badute, batuta egotea. Nahiz eta askorentzat zorakeria izan, eurek tinkotasunez sinets dezatela egin duten horretan, emaitzak horrela etortzen baitira: ona ala txarra, bai ala ez, baina irmotasun baten barruan. Ideiak, argi! Eta egin nahi duten horretan, jo eta ke! Gero, entseatu eta behar egin, ahal dela, irtenbidea aurkitzeko. Eta, jakina, lotsarik ez. Maketa bat grabatzen badute, edonora bidal dezatela, beldurrik gabe.
Betiko ereduak ez omen du etorkizunik, baina Gatibuk lehengo eskemarekin jarraitzen du: diskoa atera, kontzertuen bira...
Bai, modu zaharrak eta berriak daude, baina zaharretatik, eskema hori (diskoa grabatu eta ondoren bira egitea) eusteko moduko gauza on bat dela uste dut, egindako lanaren jarraipena delako. Zorionez, gu horrela aritu ahal izan gara, baina ea garai hobeak etortzen diren denentzat, diskoa ateratzen duten talde guztiek jarraipena izan dezaten, hemen gehiena Durangoko Azokarako argitaratzen baita. Hor inflexio-puntu bat egoten da, baina ea denon artean lortzen dugun blokea egin eta denak aurrera ateratzea!
Lan berrien promozioa kezka handia da?
Diskoak aurkeztu egin behar dira eta lana da, baina hiruzpalau hilabete izaten dira. Denek egin behar dute lan hori, talde handiek zein txikiek; mesederako denez, ezin zaio uko egin. Hortaz, umorez eta gustura eginez gero, hobe; bestela, erre egiten du.
Ez duzue oraindik auto-ekoizpena probatu, beste askok bezala...
Ez, aukera hori ere defendatzen dugu, baina, ahal den bitartean, guk geure arreta eta indarra musikari eskaini nahi dizkiogu, bestela gauzak nahastu egiten direlako. Kontzertu bat ematera bazoaz eta antolaketan arazoak izan badituzu, gaitza da horiek burutik kendu eta betiko moduan jardutea. Guk eszenatokira igo nahi dugu musika egitera eta, ahal den neurrian, horrela jarraitu gura dugu, bakoitza bere beharrean.
“Musikarion lan-baldintzak ikaragarriak dira: ez gaude antolatuta, ez dugu sindikaturik...”. 2007an esan zenuen hori.
Duela sei edo zazpi urte, eta berdin jarraitzen dugu! Esan daiteke musikariok oraindik ez garela erakundetu, Europako azken ijitoak garela neurri batean, beti batetik bestera. Oso zaila da, ahalegin batzuk egin diren arren, hainbat arlotako musikari asko gaudelako, hainbat estilo eta egoera. Oso lan sakona egin beharko litzateke eta aukerak, musikariongandik baino, goitik etorri beharko luke, Eusko Jaurlaritzatik edo, musikariontzako plangintza bat prestatuta. Izan ere, arlo honetan, urte bat ona izan arren, hurrengoa txarto etor daiteke. Ez da bizitzeko era erraza, latza da…
Zenbaterainoko erantzukizuna dute erakundeek?
Kultura iritsi egin behar da jendearengana. Adibidez, antzoki gehienak udalenak dira; beraz, antzerkia eskaintzeko, norbaitek ematekotan udalek eman behar dituzte erraztasunak. Horretaz ari naiz gehienbat. Laguntzak, berriz, beste edozein arlotan bezala eman beharko lirateke, enpresariek edo sindikatuek jasotzen dituzten modu berean. Batez ere gure lana nazioartera zabaldu nahi bada, hain gaude harro gure kulturaz...! Musika taldeek ez dute kanpora irteteko adina diru irabazten, hortaz, zirkuituak lortu beharko lirateke kostuak merkatzeko, edota egitasmo on batzuk babesteko ahalegina egin.
Asko atera da Gatibu Euskal Herritik?
Batzuetan bai, baina beti geure kontura. Etxepare Institutuak diru-laguntza bat ematen du, baldin eta gutxienez bost aldiz joaten bazara Euskal Herritik kanpora. Zerbait bada, baina ez da gastuen ehuneko hamarrera ere iristen, talde osoa mugitzea asko kostatzen delako. Gainera, beti aurreratu behar da dirua, ordainketa ostera baitator. Halere, ez naiz larregi kexatuko…
Kulturak doakoa izan behar du? Deskargak doan Internetetik?
Ez, arlo honetan argiketaria edo iturgina izan gura nuke. Internetetik ezin daiteke txaletik jaitsi, ezta? Halere, Internetek alde onak eta txarrak dauzka. Doan ematen bada, musikaria ezin da bizi, baina leku gehiagotara helduko da, eta garrantzitsua da leku horiek bilatzea, ez direlako berez etortzen. Disko bat deskargatzea kaltea da, batez ere diskoetxeentzat; eta horiek desagertzen badira, ez da aukerarik egongo euskal talde berriak ateratzeko. Sakon neurtu beharko litzateke gaia, datuak eskuan. Lana, berriz, ordaindu egin behar da: kontzertuak, hitzaldiak, jai batean parte hartzea…. hori guztia lana da, eta ez dut ezagutzen langilerik nonbaitera joan eta kobratzen ez duenik.
Euskaraz abesten duzue, baina bizkaieraz. Euskaltegietako ikasle gaixoak!
Kar-kar! Taldekideon artean bizkaieraz egiten dugu berba, hortaz, hasieratik erabaki genuen bizkaieraz kantatuko genuela, abestiak horrela errazago idazten ditugulako, bueltaka ibili beharrik gabe. Era naturalean irteten zaigunarekin gusturago ibiltzen gara. Iparraldekoek beren moduan abesten dutenean, oso polita iruditzen zaigu guztioi, beraz, bizkaieraz zergatik ez? Beste euskalkiak bezain polita da, eta geurea.
Zergatik Gatibu? Zeren gatibu zarete?
Berbak bi esanahi ditu gaztelaniaz: esklabo eta zerbaiten mendekoa. Bizitzak ere hori dauka. Alde batetik, esklaboak gara, eta, bestetik, haren edertasunaren gatibu ere bagara. Musikan ere zentzu biak ditu: dena ematen digu, baina erre ere egiten gaitu.

KOLKOTIK

Zergatik ikasi euskara? Europako hizkuntzarik zaharrena delako, eta bizirautea6 gure kulturak eta izaerak zer edo zer berezia duten seinale delako. Biharko egunkarian irakurri nahi duzun albistea? Pasa den hilean ikusi nuen, urtarrilaren 11n. Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Gauza gutxi, pasadaz baino ez dut begiratzen. Eta nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Nagusiago, kar-kar! Ez dakit nora eramango nauen bizitzak... Pasa liteke, baina ez dut uste abesten ahaztuko zaidanik. Eta idazten hasi berria naizenez, suposatzen dut ilusio horri eusteko gauza izango naizela. Musika talde bat? Rolling Stones. Disko bat? David Bowieren Ziggy Stardust. Eta euskaraz, Pantxoa eta Peioren edozein, txikitatik. Liburu bat? El clan del oso cavernario. Idazle bat? Asko. Stephen King, Joseba Sarrionandiaren poemak gustatzen zaizkit, Kirmen Uribe… Larunbat gauerako planik onena? Txikiteotxo bat, zerbait jan eta, kontzertu bat ikusi ostean, garagardotxo bat. Zer ikusten duzu telebistan? Dokumentalak, benetan.