Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’, 111 Akademiaren saridun

akademia

Karmele Jaio idazle eta kazetari gasteiztarrak irabazi du 111 Akademiaren Saria, bigarrenez. XXIV. edizio honetan, Akademiako kideek Jaioren Aitaren etxea izendatu dute 2019ko libururik gogokoena. Andoainen kokatua, Euskal Herriko literaturazaleen bilgunea da Akademia. Une honetan, 201 kide ditu. Horietatik 114k hartu dute parte 2019ko saridunaren hautaketan, 2020ko urtarrila eta apirila bitartean banaturiko hiru txandatan. Bozketa guztietan, Jaioren eleberriak jaso ditu boto gehien, azkenekoan lehiakide izan zuen Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak nobelaren gainetik. 2019ko hau ez da Jaioren lehenengo 111 Akademiaren Saria, 2006an ere jaso zuen, Amaren eskuak eleberriagatik. Hala, aitorpen hori bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Jaio, Ur Apalategi, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Canorekin batera. Nobelak maskulinitatea eraiki eta transmititzeko moduak ditu hizpide, eta, oro har, generoak pertsonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da.


zubikaraiONDARROAKO UDALAK eta Elkar argitaletxeak beste behin abiatu dute eleberri sorkuntzarako Augustin Zubikarai bekarako deialdia; hogeigarren edizioa du aurten. Beka eskuratzen duenak 6.000 euro jasotzen ditu nobela bat idazteko. Parte hartu ahal izateko, interesdunek eleberri baten proiektua aurkeztu behar dute, irailaren 30a baino lehen, originala eta euskaraz sortua, idazlanaren lagin batekin batera. Irabazleak, izendatua izan ondoren, sariaren erdia jasoko du, eta gainerakoa eleberria amaitutakoan. Epaimahaia Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osaturik dago. Iazko edizioa Eneko Barberenak irabazi zuen. Katixa Agirreren Amek ez dute eta Alberto Ladronen Xake mate lanek ere erdietsi dute beka hau, besteak beste.

gerraGERRA GARAIKO AMETSAK
Ngugi wa Thiong'o
Itzulpena: Olatz Prat Aizpuru
Erein&Igela, 2019

Aita bat, lau emazte eta hogeita lau senideko familia kikuyu batean jaio zen Ngugi wa Thiong’o, Limurun (Kenya), 1938an. Haurtzaro xume bezain zoriontsuan, ia ez da ohartuko britainiarren mendean bizi dela. Gerora, ordea, aldaketak hasiko dira, eta urteen poderioz handiagoa izango da horien eragina bere bizitzan, urruneko itzal gisa ikusten zuen inperioaren bortizkeria eta haren kontrako altxamenduen ondorioak etxeraino sartuko direlako.

moskitoMOSKITO
Igor Estankona Bilbao
Susa, 2020

Estankonaren bosgarren poema liburua azkena argitaratu zuenetik hamaika urte igaro ondoren kaleratu da. Bizitzako bideak bezain zabala eta ustekabekoa, aitatasunaz ari da egilea, bikoteaz, nazioaz, heriotzaz. Agerpenean eta desagerpenean, adieraztean eta ezkutatzean oinarritzen den unibertsoa da berea, hainbat irakurketarako aukera iradokitzen duena. Poetak badaki zinikoa izaten, baina baita esperantzari eta poesiaren edertasunari eusten ere.