Sei metroko hesia saltatu nahi izan zuen emakumea

hesiaAmanda Andrades González
Ilustratzailea: Amelia Celaya
CEAR-Euskadi

B2

Marie da emakume hori, hainbat aldiz saiatuagatik ere oraindik Marokon harrapatuta segitzen duena. Gero, Amina, Yanelle, Aya eta Joy datoz, nola edo hala Europa gotortu honetan sartzea lortu zutenak; gure artean daude orain, beraz, baina bestelako hesiak saltatzeko borrokan oraino, europarrok geure maila bereko gizakitzat jo ditzagun behingoz.
Liburu hau ez da fikzioa, hori da mingarriena. Espainiako estatuko Hegoaldeko Mugan egikaritzen eta jasanarazten den indarkeriaren, denok ezagun dugun horren, isla erreala da, bost emakume ezezagunen larruan. Hala, bortxari, oro har, andreoi andre izateagatik noziarazten zaiguna batzen zaio, biolentzia fisiko, psikologiko, sinboliko hori guztia. Horixe dute komunean bost lagun hauen abiapuntu eta ibilbideek, zoritxarrez; zorionez, ordea, haietako batek ere ez du amore eman, eta nola eta zergatik kontatu digute, benetako kemena eta irmotasuna zer diren erakusteaz batera.
Testigantzen ondoko marrazkiek ezinegona zertxobait goxatzen laguntzen duten arren, CEAR-Euskadik zabaldutako liburu hau (oraingoz, haren webgunean eta Bilboko Louis Michel liburu-dendan eskuragai) ez da gu europarrontzako, oro har beste alde batera begiratzen ari garenontzako, inolako gozagarririk, gehiago atzeratu ezinezko justizia ekintzarako errebultsiboa baizik.
Usoa Alberdi Fernández