Kilometro zeroko posta elektronikoa

Gure lan bizitzaren eta bizitza pertsonalaren zati gero eta handiagoa zerbitzu digitalen bidez garatzen dugun honetan, inoiz baino beharrezkoagoa bilakatzen ari da batzuek burujabetza digitala izendatzen dutena. Alegia, erabiltzen ditugun zerbitzu digitalak ‘geureak’ izatea, ahalik eta gertukoenak, eta ez multinazional erraldoienak. Kilometro zeroko teknologia ere esan geniezaioke.
Azken boladan, beti kexaka natorkizue, baina gaurkoan, behingoagatik, pozik egoteko arrazoiak emango dizkizuet. Zorte handia daukagu euskaldunok, PuntuEUS Fundazioa gure zerbitzura dugulako. Interneteko domeinuak kudeatzeaz gain, beste gauza asko ere egiten ditu; tartean, sorpresa atseginak eman, noizean behin.
Maiatzaren 17an, Interneten Eguna ospatzeko, opari zoragarri batekin etorri zitzaizkigun fundaziokoak: ni.eus posta zerbitzua. Googleren Gmail ezagunaren antzeko zerbitzua da, nork bere posta elektronikoa izateko, baina alde nabarmenak ditu. Hauxe handiena: ez ditu gure mezuak arakatzen zer publizitate helarazi behar digun erabakitzeko, hau da, benetan zaintzen ditu erabiltzaileon segurtasuna eta pribatutasuna.
Bihotzez gomendatu nahi dizuet zerbitzua probatzea eta, gustatzen bazaizue, behintzat, gaur egun erabiltzen duzuen Gmail, Hotmail, Yahoo edo dena delakoa harekin ordezkatzea. Sarritan kexatzen gara multinazional horiekin dagoen arazorik handiena bestelako aukerarik eza dela. Bada, behin aukera txukuna izanda, Euskal Herrikoa eta euskaraz sortua... probatu beharko, ezta?
Ni.eus dohainik erabil daiteke, mezuak gordetzeko leku mugatuarekin eta E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. estiloko helbide batekin, edo, bestela, hilean kopuru txiki bat ordainduta, leku gehiago eta norberak nahi duen PuntuEus domeinuarekin; adibidez, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ”. Bai, bada diru apurtxoa, baina gogoratu ustez doakoak diren Gmail eta halakoetan erruz ordaintzen dela zerbitzua, zeure eta zure mezuen hartzaileen gaineko informazio piloarekin.
Burujabetza digitala lortzeko pauso txiki bezain garrantzitsua da ni.eus zerbitzu berria, kilometro zeroko teknologia erabiltzen hasteko aukera paregabea. Tomateekin bezala, beharbada apur bat gehiago kostatuko zaigu supermerkatukoak ez eta baserrikoak erostea, batez ere ohitura aldatu beharra dagoelako... baina, aizue, zapore eta kalitate aldetik ez dago batzuk eta besteak konparatzerik, ezta?

Loturak, estekak, linkak

https://ni.eus
Euskarazko posta zerbitzu berriaren webgunea.
https://domeinuak.eus
PuntuEus Fundazioaren webgunea. Fundazioak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuk topatuko dituzu bertan, hala nola labur.eus URL laburtzailea edo artxiboak partekatzeko tori.eus.
https://labur.eus/euskalerria
Ni.eus berriak aurrekari bat izan zuen mende hasieran: euskalerria.org. Doako posta zerbitzu hark 2013an itxi zituen ateak, garai batean 80.000 erabiltzaile ere izan ondoren.