Altzariak mugitzen

olasagarreJuanjo Olasagarre

Pandemia sortu zenean, apokalipsia iragarri eta deskribatzen dituzten liburuak aipatu ziren, Camusen Izurria, esaterako, edo Otto Pette bera, nerauk orri hauetara ekarri nuena. Orain, etxean geratzera behartuta gaudenon errealitateak beste ispilu batzuetara jo du bere burua ikusteko.
Ez dakit zuei, baina niri gero eta gehiago agertzen zait Franz Kafka esnatu eta berehala: Prozesua-ren bide errepikakorrak: zer egiten dugu hemen? Zer da hau guztia? Edo Sławomir Mrożeken ipuinetako pertsonaiak ageri zaizkit, altzariak batetik bestera mugitzen, mugimendua bera ere kontsolamendua ez dela. Absurdoa.
Izurria-k eta Otto Pette-k deskribatzen dituzten gaixotasunaren ondorioak, heriotzak, osasun langileen nekea, supermerkatuko langileen aurpegi ahituak, iragarri zaigun krisi ekonomikoa, eliteen huts eta ihes egitea... hemen ere badauzkagu, baina, azken boladan absurdoa da gailentzen den sentsazioa, zertarakorik gabe altzariak batetik bestera ariko bagina bezala. Zergatik ote den galdetzen diot neure buruari; izan ere, klase ertaineko norbaiti dagozkion “luxu” guztiak ditut: hozkailua ongi horniturik, lana galtzeko beldurrik ez, urrun bada ere giza berotasuna esaten diogun hori, adiskidantza, bikotekidea, familia, produktu kulturalak eskura...
Lehendik ere hortxe zegoen sentimendua zen, baina egunerokotasunaren ardailak estalia zuen; lanera joateak,  esaterako, zentzua ematen zion, arretaz begiraturik, batere zentzurik ez duen bizitza bati.
Egia da absurdoaren adakerak gutxi irauten duela, etxean altzariak batetik bestera mugitzeak, garbitzeak, irakurri eta zutabe hau bera idazteak, telefonoz jo eta su aritzeak... egunari nolabaiteko zentzua ematen diotela, baina absurdoaren sentsazioak gainezka egiten dit, hondoa jotzeraino.
Ondoren, arrazoiaren aldamioa ekartzen dute, eta eguna eraikitzen hasten naiz. Etxepeko Eroskiko langileengana joaten zait gogoa. Horiek Erri de Luca edo Balzacen nobeletako pertsonaien lehiarekin bizi dira, nik altzariak batetik bestera mugi ditzadan.