Itzaliko ez diren koloreak

zumeta

Bizitzen ari garen egun grisok are gehiago ilundu zituen, iragan apirilaren 22an, Jose Luis Zumeta (Usurbil, 1939 – Donostia, 2020) margolariaren heriotzak. Gerraosteko euskal artistarik garrantzitsuenetakoa, artean aditua ez denarentzat ere aski ezaguna izango da haren lana. Hura nor zen jakin gabe ere haren artelanik ezagutuko ez duenik topatzea, nekeza. Espresionismo abstraktua eta figurazioa jorratu zituen, eta kolorez bete, hormak ez ezik, herri oso baten izatea ere. Izan ere, haren lan koloretsuak, artearen zirkuituetatik harago, jende askorengana iritsi ziren, koadroetan, diskoetan, karteletan... Euskara eta euskal kulturarekin konprometitua, makina bat lan egin zuen bere ibilbidean Euskal Herriko ekimenen alde. Erreferentziazko artista euskal kulturan, artearen munduak aspaldi aitortu zuen haren garrantzia, baita herritarrek ere. Horren lekuko, haren koloreekin beteta egongo diren etxe ugaritako horma eta apalategiak. Hortaz, koloregilea hilda ere, koloreek bizirik jarraituko dute.