Aristerrazu, erromeriaren plaza

erromeria

Dela herri eta auzoetako festetan, dela jai seinalatuetan, Euskal Herriko hainbat tokitan egiten dira erromeriak. Bada, ordea, noizbehinkako hitzordu horietatik bereizten denik: Aristerrazuko erromeria, urtero denboraldi finko batez igandero ospatzen dena. Urritik ekainaren erdialdera bitartean, trikiti eta dantzazaleen ezinbesteko plaza bihurtzen da Aristerrazu. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Urriaren erdialdetik aurrera, igande arratsaldero, erromeria antolatzen dute Aiako Andatza auzoan, Aristerrazu jatetxe eta baserriaren aurrealdean. Igandero, 18:30etik 21:30era. Inguruko auzoren batean edo Aian bertan festak egokitzen direnean soilik uzten diote egiteari, hitzordu batek ez dezan bestea estali. Ekainaren erdialdera arte irauten du denboraldiak, San Joan eguna baino lehentxeago bukatuta. Hots, herri eta auzoetako festen sasoia hasi denera arte irauten du.
Berezia da Aristerrazuko erromeria, Euskal Herriko beste inon ez baita halakorik egiten. Aristerrazu baserri eta jatetxeko seme eta erromeria antolatzen duen Andatza Erromeri Elkarteko kide Juan Mari Azkuek dioenez, “denboraldi osoz egiten den beste erromeriarik ez dut ezagutzen. Trikitilariek eurek ere ez dute esaten halako besterik dagoenik”. Josu Arrizabalaga Izer trikitilari eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lehendakariordeak antzekoa dio: “Ohitura hori ez dugu beste inon ezagutzen. Eta kontuan izan plaza gehienak zapaldu ditugula”. Zelatungo mendi-lepoan (Hernion) irailean igandero egiten direnak, herri nahiz auzoetako jaietakoak, Itziarko eta Azkoitiko jatetxe banatan tarteka larunbatetan egiten diren erromeria-afariak... unean uneko halako hitzorduak izaten dira, baina Aristerrazukoa bezalakorik ez. Andatzan, hainbat hilabetez, astebururo izaten da fandangoa, arin-arina eta bestelako piezak dantzatzeko parada. Solte zein lotuta, jakina.
Plaza estimatua
Hitzordu finko eta iraunkorra izateak trikitizaleen eta trikitilarien begiko bilakatu du Aristerrazu. Musikariek, esaterako, estimu handia diote. Besteak beste, Azkuek dioenez, plazan aritzeko aukera ere eskaintzen dielako ezagunak ez direnei: “Herriko festetan eta, normala den bezala, sona daukatenak eramaten dituzte. Hemen, tarteka-tarteka, itzal gutxiago dutenek ere jotzen dute. Beraientzat plaza probatzeko aukera izaten da. Hori asko estimatzen dute trikitilariek, eta sekulako ilusioa egiten die hemen jotzeak”. Izerrek, adibidez, hitz txeratsuak darabiltza Aristerrazuri buruz: “Bigarren etxea bezalakoa da. Askotan jo izan dut bertan eta, jo behar ez dudan igandeetan, libre banaiz, beti joaten naiz”. Musikariek asko eskertzen dute dantza eta musikari oso lotuta dagoen entzuleak izatea. Izerren hitzetan, “ni bertara joaten hasi nintzanerako, oso izen berezia zen Aristerrazu musikariontzat. Han jotzea, guretzat, nahiko helburu handia zen. Erromerietan badira beste leku indartsu batzuk, Zelatun, adibidez. Askok nahi lukete han jo, baina denek ezin dute. Kontua da Aristerrazun badakizula, batetik, erromeria ona egiten dela, jendea dantzara joaten dela; eta, bestetik, soinujolea ere estimatu egiten dutela. Aristerrazu oso beroa da, jendearen gertutasuna sentitzen duzu, eta izugarri estimatzen dute jotzen duzuna. Beraz, jotzailearentzat oso-oso ederra da”.
Elgeta, Tapia, Sakabi, Laja eta Landakanda, Zialtzeta, Kaxiano, Maixa eta Ixiar, Gozategi taldea... Ia zenbatu ezinak dira bertan jo duten musikariak. Azkuek berak dioenez, “egun aski ezagunak diren asko ere hemen jotzen hasitakoak dira, gazte-gaztetatik: Gozategi anaia-arrebek 12 bat urterekin jo izan dute, ez behin, igande askotan baizik. Xabier Solano ere ume-umetatik ezagutu dut hemen. 9 urterekin jo izana da...”. Gazte zein beterano, ezagun nahiz ez hain ezagun, trikitilari askoren doinuak entzun ditu Aristerrazuko oholtzak.
Dantzarako grina
Izerrek aipatu bezala, publikoak ere berezi bihurtzen du Aristerrazu. Fidelak dira, dantzari eta soinuari erabat emanak. Gehienak helduak dira, gazteak ere biltzen diren arren. Horretan, erromeriek azken hamarkadotan izandako aldaketak nabari dira. Garai batean, erromeriak herri eta auzo ezberdinetako gazteek elkar ezagutzeko topalekuak izan ohi ziren. Mutiletan edo nesketan egiteko leku bakanetakoak, alegia. Horregatik, Azkuek dioen moduan, “lehen jende gaztea baino ez zen biltzen erromerietan. Jende edadetua ez zen etortzen”. Funtzio hori, ordea, aspaldi galdu zuten erromeriek. Aristerrazun ere ezagun dute aldaketa, helduak izaten baitira nagusi. “Garai hartan ibiltzen ziren gazteak, dagoeneko aitona-amonak eginda, ibiltzen dira orain hemen”. Denak ere dantza eta trikitizale porrokatuak, emanaldia bukatu arte dantzatzeari uzten ez diotenak. Helduak, Azkuek dioenez, “toki askotatik etortzen dira; gutxien, igual, hemen ingurukoak. Zarauztik, Azpeititik, Azkoititik, Elgoibarretik... Beratik ere bikote bat etorri ohi da”.
Hortaz, helduak nagusi. “Gazteak gutxiago izaten dira, baina badira koadrilatxo batzuk. Horiek ere hainbat tokitakoak: Eibar, Bergara, Oñati, Irun, Markina...”. Helduen antzera, zaletasunak batzen ditu gazteak. “Hemen soinujole gazteek ere jotzen dutenez, haien ingurukoak bildu ohi dira. Zaletasun handia dute, eta dantzan ere aritzen dira. Asko animatzen dute festa lekua”. Heldu eta gazte, nahas-mahasean dantzan, emanaldia amaitu arte. “Ondoren, afaltzen geratzen dira gehientsuenak. Giro polita sortzen da”.
Duela berrogei bat urte hasi ziren Aristerrazun erromeria denboraldi finkoarekin. Azkueren arabera, “lehenago ere egiten ziren erromeriak, baina tartekatuago. Nire aitak-eta esaten dute beraiek txikiak zirenean ere egiten zirela tarteka. Gero ere, jaiero-jaiero ez, baina bai maiztasun handiagoz. 70eko hamarkadan hasi ginen erromeriak igandero finko egiten”.
Egun, Andatzako Erromeria Elkarteak antolatzen badu ere, hasiera batean auzoko gazteek antolatzen zuten. “Bere garaian, inguruko gazte asko hasi zen etortzen hona: Asteasutik, Larrauldik, Oriotik, Zarautz aldetik, Itziar aldetik... Hala, hemengo gazteak erromeria jaiero jartzera animatu ziren. Urte askoan ondo funtzionatu zuen gazte jendearekin”. Soinujolea ekarri eta, ondoren, txapela pasatzen zuten, bildutakoarekin soinujoleari ordaintzeko. “Zer edo zer falta baldin bazen, zozketekin-eta estaltzen zuten, edo jatetxeak berak jarrita falta zena”. Duela 25 bat urtera arte, hala egiten zen. “Baina dantzalekuak-eta ugaritzen hasi eta auzoko gazteak sakabanatzen hasi ziren. Orduan, jatetxeak hartu zuen antolaketa bere gain”. Ondoren sortu zuten Andatzako Erromeria Elkartea Azkuek berak eta beste bi lagunek. Harrezkero, elkartea arduratzen da erromeria antolatzeaz.
Gerora begira
Joanak dira txapela pasatzeko kontuak. Egun, tabernan eta jatetxean ateratzen dutenarekin ordaintzen diete musikariei. Horrez gain, Aiako Udalak ere laguntzen die. Musikarien aldetik jasotzen duten jarrera ona ere lagungarri dute: “Ezin gara kexatu soinujoleekin. Beraiek ere kontzientziatuta daude erromeriari eutsi egin behar zaiola, halako besterik ez delako geratzen”. Musikariek ez ezik, “jendeak berak ere animatzen gaitu erromeria mantentzera”.
Etorkizunera begira, kezka hori badutela aitortu du Azkuek: “Oraingoek etortzeari uzten diotenean, izango al da erromeriarik? Gazte gehiago etorri ezean, oraingo helduek etortzeari uzten diotenean, akabo! Hori ez da bost urteko epean gertatuko, baina, aurrera begira, erreleborik izango ote den… Ez dakit zer gertatuko den, baina kezka hori badago”. Trikitilarien ikuspuntutik ere, gazteen garrantzia nabarmendu du Izerrek. Gazteak erakartzeko, Aristerrazu plaza egokia dela deritzo: “Gazteak soinua txapelketen mundua ikusten du. Badaki erromeriak egiten direla, baina ikusten ez baditu, zer diren ez du jakingo. Bai ikasteko garaian, bai txapelketen prestakuntzan, sufrimendua jasaten dute, eta ez dute ikusten soinuarekin zenbat goza daitekeen, zenbat parranda egin, zenbat lagun ezagutu… Erromeriaren bueltan ikusten da hori. Baina, jakina, horretarako, joan egin behar da. Gurasoek ez badituzte eramaten, edo lagunak ez badira animatzen, zaila da”. Aristerrazun, behintzat, aukera faltarik ez dute.
Nolanahi ere, oraingoz, behintzat, osasuntsu dabil Aristerrazu, jende faltarik ez dute eta. Horren publiko fidel eta animatuari esker ona azaltzeko, omenaldia egin zieten erromeriazale guztiei iazko udaberrian. Hala, bazkaria eta dantzaldia egiteaz gain, Xabier Laka eskultoreak eginiko plaka bat paratu zuten erromerian ibiltzen direnei eskainia, baita Aristerrazun bildutako argazkiekin osaturiko horma-irudia ere. Merezitako omenaldia, haiek baitira, infernukoaren baimenarekin, erromeriaren hauspoa.

Leial eta nekaezin

Publiko fidela da Aristerrazukoa, eta asko eta asko hutsik egin gabe agertu ohi dira igandero. Toki askotako jendea, helburu bakarrarekin: erromeriak iraun bitartean, jo eta su dantzatzea.“Botatzen duten izerdi pila! Askok aldatzeko arropa ekartzen dute, erromeria ondoren hemen afaltzen geratu behar badute ere” dio Azkuek. Grina sobera dute, Aristerrazura hurbilduta ikus daitekeenez. “Beste edozein kirol balitz bezala, guk dantza egiten dugu. Bizi egiten dugu” dio duela 20 bat urtetik Aristerrazura astebururo gerturatzen den Itziar zarauztarrak. Asteasuko Irenek ere 25 urte inguru darama bertara joaten. Senarrarekin joan ohi dira biak, haiek ere gustuko dutelako. Itziarren hitzetan, “erromeriazaleak gara, erabat. Erromeria dagoen tokian, hantxe izaten gara gu: Itziarko ostatuan egiten diren trikiti-afarietan, Azkoitikoetan... Eta udan, berriz, herri eta auzoetako jaietan”.
Hurrenez hurren Villabonan eta Donostian bizi diren Joxepa eta Iñaxi asteasuarrek eta Usurbilen bizi den Mari Karmen aiarrak ere atxikimendu berbera diote Aristerrazuri. Mari Karmenen hitzetan, “orain dela 30 bat urte etortzen gara”. “Jaiero”, gehitu du Joxepak. Erromeriazale leialak direla ezin uka, Iñaxik azaldu duenez: “Orain aise ibiltzen da jendea, baina hemen jende askorik izaten ez zenean, gaueko 22:00etan hasten zenean (garai batean beranduago hasten zen erromeria, baina, jende gutxiago izaten zenez, aurreratu egin zuten), guk eusten genion. Agian sei bat lagun baino ez, eta, hala ere, hona etortzen ginen!”. Hirurak ere dantzazale petoak, euren senarrekin etortzen dira: “Etorri eta bukatu arte dantzan, ondo pasatzen dugu hemen”. Izan ere, Mari Karmenek azaldu bezala, “izugarri gustatzen zaigu trikitia. Ez da galdu behar, zoragarria da eta”.