Yasmine Khris Maansri

yasmineIruñean, langabezian bizi du itxialdia Khris Maansrik, baina geldirik ez: AEK-ko euskara eskolak etxean jasotzen ditu, eta Ahotsa.info-n ari da kazetari.

Zer ikusten duzu leihotik kanpora?
Egun osoan Camarón de la Isla jotzen duen bizilaguna. Zorionez, balkoitik Iruñeko Alde Zaharreko katedralaren “punta” ikus daiteke.
Eta leihotik barrura?
Oraindik irakurri ez ditudan liburuak, beti ondoan dudan ordenagailua, irratia eta... txokolate beltza, noski. Eskerrak ezin duzuen nire buruko desordena ikusi!
Auzotarrekin harremanak estutu dituzu, ala hasia zara haietaz gogaitzen?
Urtarrilean etorri nintzen hona, beraz, oraindik ez dut harreman askorik, baina balkoian etzan eta fotosintesia egiten dudanean, goiko bizilagunen solasaldi politiko-komikoa eguneko unerik gustukoena da.
Interneten erabilerari dagokionez zer zara, voyeurra ala exhibizionista?
Egunaren arabera. Sare sozialak gustuko ditut, eta batzuetan hainbat ordu eman dezaket bertan. Beste batzuetan, deus ez.
Zenbat komuneko paper tutu eta garagardo dituzu etxean?
Konfidentzia: berrogeialdia hasi zenean, pisukideok hainbat egun generamatzan komuneko papera erosi gabe, eta oso lasai ibili ginen egun batzuetan. Garagardoena... beste kontu bat da! Bide batez, ez zait ezer gelditzen...
Kaleko zeren falta sumatzen duzu?
Topikoa da, baina besarkadena. Edo nahi nuke lagun batekin kalean topo egin eta... sortzen dena! Euriaz kexatzea ere faltan sumatzen dut!
Hau amaitzean denean, zer egingo duzu lehenik eta behin?
Itxialdiaren aurretik, bidaia baterako txartelak nituen, familia ikusteko. Aukera badut, Mediterraneoa zeharkatuko dut, ea eguraldia hobea den... Epe laburragora, bermut goxoa terraza batean!