Maialen Errekart

maialenAzkarateko (Nafarroa Beherea) etxean bizi izaten ari da itxialdia Errekart, Garazi eta Baigorriko AEKren Gau Eskolako irakaslea, Internet bidez ikasleei eskolak ematen jarraitzen duen bitartean.

Zer ikusten duzu leihotik kanpora?
Mendiak elkarrekin kalakan, gereziondoen adar meheak zozo ausarten jauzipean makurtzen, eta askatasun berriaz baliatzen den belar luzea.
Eta leihotik barrura?
Garai txarragoak ezagutu dituzten horma zabalak.
Auzotarrekin harremanak estutu dituzu, ala hasia zara haietaz gogaitzen?
Deus ez da aldatu: auzoak urrun eta harremanak bakan.
Interneten erabilerari dagokionez zer zara, voyeurra ala exhibizionista?
Ez bata ez bestea izaiteak ez nau oraino kateatu, beharrik eta, agian, luzaz.
Zenbat komuneko paper tutu eta garagardo dituzu etxean?
Astearen iragaiteko doi...
Kaleko zeren falta sumatzen duzu?
Ikusi nahi nukeen jendearen ondoan ezin egotea eta askatasuna, ilusio bazen ere.
Hau amaitzen denean, zer egingo duzu lehenik eta behin?
Emanak izanen zaizkigun baimenen arabera, jatetxea ez da berehalakoa izanen, zoritxarrez. Anartean, familia eta lagunak ikusten ahal badira, hori izanen da lehentasuna. Gelditze behartu honekin irabaziak berriz galaraz ez diezazkiguten zaindu: kontsumoaren apaltzea, inguramenduak ateratako onura, etxekoekin egoteko plazera...