Patxi Gallego

gallegoIrakasle lanek utzitako tarteak irakurketarako probestuz dabil Gallego marrazkilaria konfinamendu egunotan Errenteriako bere etxean, hain maitea duen bizikleta berriz hartzeko irrikan.

Zer ikusten duzu leihotik kanpora?
Arratoiak beheko konpostagune eta edukiontzietan, poz-pozik. Urrutira, berriz, Aiako Harria, inoiz baino urrutiago.
Eta leihotik barrura?
Betikoaz gain, Indurainen tourretako etapak, bazkalondoan telebistan ematen ari direnak.
Auzotarrekin harremanak estutu dituzu, ala hasia zara haietaz gogaitzen?
Ez bata ez bestea. Arratoiei hasia naiz maitasun pixka bat hartzen, bati izena ere jarri diot, Xamar, handi xamarra baita.
Interneten erabilerari dagokionez zer zara, voyeurra ala exhibizionista?
Gure amak txikitan arreta handia eskaini zidan, eta orain Ane bikotekideak ere nahikoa eskaintzen dit. Ez zait interesatzen besteen etxean gertatzen dena, neuretik ateratzea baizik!
Zenbat komuneko paper tutu eta garagardo dituzu etxean?
Tutuak gutxi, ura eta xaboia nahiago. Garagardoak egunero bi hartzen ditut, ardoa otorduetarako, eta tragoxka bat whiski afalondoan, japoniarra, oso ona.
Kaleko zeren falta sumatzen duzu?
Jendeak ia dena Amazon bidez erosten jarraitzen badu, faltan sumatuko ditugun gauza berak. Eta etxean edaten jarraitzen badugu, faltan izango ditugun tabernak.
 Hau amaitzean denean, zer egingo duzu lehenik eta behin?
Bizikletan Jaizkibelgo antenaraino igo, oihu bat bota, Hondarribitik pasatu, nire sasoi negargarriak uzten badit Erlaitz igo eta Aiako Harritik itzuli. Besarkadak-eta, eguerditik aurrera.