Ikastolak

herriurratsHerri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz, bertan behera

COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz, udaberrian egitekoak ziren ikastolen aldeko jaiak bertan behera utzi dituzte. Zehazki, hiru: Herri Urrats, Senperen maiatzaren 10ean egingo zena; Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen alde, maiatzaren 31n aurreikusia; eta Araba Euskaraz, ekainaren 14an Amurrion ospatu behar zena. Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez, ez dute izan beste irtenbiderik, bizi dugun larrialdi egoera ikusirik; are gehiago festa handi eta jendetsuak direla aintzat hartuta. Hitzordu garrantzitsuak dira ikastolentzat jaiok, beren proiektua ezagutarazteko eta euskal kulturari oihartzuna eta plaza emateko ez ezik, ikastolen hainbat proiektu finantzatzeko ere ezinbestekoak direlako. Nolanahi ere, eta arlo askotako beste hainbat ekitaldirekin gertatu den moduan, oraingoz ez egitea beste irtenbiderik ez dute. Alabaina, egoera normaldutakoan antolatzeko aukera aztertuko du Ikastolen Elkarteak. Ikastolenak ez dira bertan behera geratu diren hezkuntza esparruko jai bakarrak. Izan ere, ekainaren 7an Bastidan egitekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia ere arrazoi beragatik atzeratuko dutela jakinarazi du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak.