Norvegia

norwayIzotzaren urtzea, arkeologoen lagun

Lurraren berotzea arazoa den arren, ondorio “onen” bat edo beste izan dezake. Norvegian, esaterako, bikingoen garaiko objektu mordoa topatu dute arkeologoek Lendbreen glaziarraren inguruetan, haren urtzearen ondorioz. Glaziarra Jotunheimen mendilerroan dago, Eskandinaviako Alpeetan. 2011n aurkitu zuten lehen objektua, eta 2015era bitartean, glaziarra urtu ahala, beste ehunka gauza topatu zituzten arkeologoek, Antiquity agerkarian azaldu dutenez. Hainbat mailatan topatu dituzte objektuok. Zaharrenak K.a. 1750. urtearen eta K.o. 300. urtearen artekoak dira. Nagusiki, geziak eta ehizarako gailuak. Izotz geruzaren gainaldean askoz gauza gehiago topatu zituzten: ferrak, burdinazko iltzeak, bastoiak, lera hautsiak, artilezko eskularruak, zaldi gorotzak, larruzko zapatak eta egurrezko goru bat, besteren artean. Horiek berriagoak dira, K.o. 300. eta 1500. urte artekoak. Bidea markatzeko harri pilaketak ere topatu zituzten arkeologoek, baita babesleku baten zimenduak ere inguruko tontorren azpian. Hain zuzen, arkeologoek uste dute mendilerroa zeharkatzeko igarolekua izan zela leku hori, eta merkataritzarako bide garrantzitsu baten parte. Besteak beste, gurina, elur oreinen adarrak eta bestelako produktuak garraiatzeko baliatzen zuten bidea, eta jarduerarik biziena 1.000. urtearen inguruan izan zuen, bikingoen aroan. Aztarnategi hori, gainera, ez da izotzaren urtzeak agerian utzi duen bakarra. Iaz ere, tenperatura altuen eraginez, leku berean objektu gehiago topatzeaz gain, beste zenbait aurkitu zituzten handik hamar kilometrora. Toki hori ere mendilerroa zeharkatzeko igarobidea dela uste dute arkeologoek.