Garraioa

biziBizikleta, kutsatzea ekiditeko

COVID-19aren ondorioz egun indarrean dagoen konfinamendua amaitzen denean, bizikletak garrantzi handia izango du jendearen joan-etorrietan. Izan ere, eta aditu askok nabarmendu dutenez, kutsatzeak saihesteko herritarrek euren arteko tartea manten dezaten garraiobide egokia da bizikleta, garraio publikoaren aldean. Jende pilaketak ohikoak dira garraio publikoan, eta horrek asko handitzen du kutsatzeko arriskua. Hori ekiditeko, bizikletaren erabilera areagotzeko neurriak aztertzen ari dira hainbat herrialde. Frantzian, esaterako, Trantsizio Ekologikorako ministro Elisabeth Bornek jakinarazi du plan bat prestatzen hasiko direla konfinamendua amaitzen denerako. Bizikleta garraiobide nagusia bilaka dadin, errepide, bide eta kaleak egokitu egin beharko dituzte. Modu horretan, garraio publikoak erabili nahi ez dituztenek bizikleta berme handiagoarekin baliatu ahal izango dute: oinezkoen eta txirrindularien arteko gutxieneko distantzia, autorik gabeko kaleak... Antzeko neurriak hartu dituzte munduko hainbat hiritan, hala nola, Bogotan (Kolonbia) eta Berlinen (Alemania), eta beste herrialde asko ere ari dira bide hori lantzen edota aztertzen; besteak beste, Espainiako estatuan, Gobernuak jakinarazi duenez. Behin pandemia gainditutakoan, eutsiko al zaie bizikleta sustatzeko neurrioi, kontuan hartuta koronabirusik gabe ere jendeari eta ingurumenari onura ugari dakarzkiela bizikletak, autoen aldean?