Euskara

euskaraldiaAurtengo Euskaraldia etxean hasi da

Aurtengo udazkenean da egitekoa bigarren Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzea xede duen ariketa soziala. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo denaren aurretik, baina, hizkuntza ohituretan etxean eragiteko ekimena burutu du Euskaraldiak: Etxealditik Euskaraldira. Konfinamendu egoera aintzat hartuta, apirilaren 20tik maiatzaren 3ra egin da, bi helburu nagusirekin: etxekoekin eta etxean gure hizkuntza ohituren gainean pentsaraztea, batetik; eta, bestetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainita. Hala, ekimenak iraun bitartean (aldizkaria inprentan zegoenean oraindik martxan zen), hainbat ekintza garatu dituzte, hiru fasetan, tokian tokiko Euskaraldia batzordeen bitartez: hausnarketa fasea, lehenik; hizkuntza ohiturak aldatzeko edota haiei eusteko proposamenen hedapena, ondoren; eta, azkenik, ekimenari amaiera emateko ekintza, maiatzaren 3an. Hausnarketa eta praktika bultzatu ez ezik, herritarrei digitalki zein fisikoki parte hartzeko bideak zabaldu ere egin dizkie ekimenak, non, besteak beste, AEK-k parte hartu duen. Udazkeneko hitzordua ostertzean, balio beza, konfinamenduan ala konfinamendurik gabe, maiatzaren 3tik aurrera ere etxeko hizkuntza ohiturak aldatzeko!