Mendia

zabaletaDuela 40 urte iritsi zen lehen euskalduna Everestera

Maiatzaren 14an, 40 urte beteko dira Martin Zabaleta hernaniarra eta Pasang Temba xerpa Everesten  gailurrera (8.848 m) heldu, eta ikurrina bertan jarri zutela. Everest Euskal Espedizioko bi kideak larri ibili ziren 300 metroren faltan, baliabide eta oxigeno gutxirekin, baina lortu zuten helburua. “Gora Euskadi askatuta! Gora Euskadi antinuklearra!” egin zuen oihu Zabaletak gailurrean ikurrina jartzean. Jaitsiera gogorra izan zen: gaua arrakala batean babestuta igaro behar izan zuten, oxigenorik gabe, baina azkenean lortu zuten espedizioko gainerako kideekin elkartzea. Tontorrera heldu zirela erakusteko froga ere eskuratu zuten: hiru hilabete lehenago bi mendizale poloniarrek utzitako arrosarioa. Zabaletak eta Tembak utzitako ikurrina, berriz, Polonian dago gaur egun, ondoren igo zen espedizioak jasoa. Izan ere, orduan hori izaten zen erronka bete izanaren froga: aurreko espedizioak lagatakoa jaistea.