Kultura

grebaKulturgintzan aritzen direnen kezka, sektorea kinka larrian delako

Sektore ugari kolpatu ditu COVID-19aren krisiak. Zenbait kasutan, lehendik ere egoera txarrean zirenak are okerrago utzi ditu. Hala gertatu da, esaterako, kulturgintzan: antzokiak, aretoak, zinema aretoak, liburu dendak... itxita daude, eta programazio oro etenda dute, Interneten salbu. Egoera horretan, apirilaren 21ean eta 22an greba digitala egin zuten kultur ekosistemako hainbatek. Helburuak ziren erakundeei premiazko neurriak eskatzea, egoera larriari aurre egiteko; kulturgintzari buruzko gogoeta bultzatzea; eta, bide batez, sektorea osatzen dutenen elkargunea eratzen hastea. Ekimenak (www.kulturgintzan.eus) arloko mila lagunen baino gehiagoren atxikimendua izan zuen. Egitasmoak berak azaldu duenez, epe motzerako laguntzak ez ezik, epe ertain eta luzera balioko duten proposamenak ere lantzeko eskatu diete erakundeei. Izan ere, oraingoz, ez dute neurri zehatz askorik proposatu, nahiz eta EAEn, adibidez, Eusko Jaurlaritzak premiazko 2,5 milioi euroko laguntza bideratu duen. Gehiago ere beharko du sektoreak, orain artean ere aski ezegonkorra izanik, ez dezan okerrera egin.