AmiArte, itxaropenerako bide artistikoa

amiarte

Bilboko AmiArte elkarteak arte tailerra dauka Gordoniz kaleko egoitzan. Halere, ez da ohiko tailerra, gure jendarteak bazterturiko hainbat pertsonak sortzen dituztelako bertan euren artelanak. Oro har, tailerraren erabiltzaileak etorkinak, buru gaixotasunak dituztenak, etxerik gabeak... dira. Bego Intxaustegi artista sustatzaileak, ordea, ez du gogoko bazterkeria azpimarratzea, ikuspuntu positibotik begiratzen baitio egitasmoari. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

 

Hainbat diziplinatako jendea elkartzen da AmiArten: margolariak, eskultoreak, idazleak, poetak, arkitektoak, argazkilariak, ingeniariak, irakasleak, psikiatrak, gizarte-laguntzaileak... Nork bere lan ibilbidean ikasi eta jasotakoa ematen du, guztiak baitira behargin erretiratuak eta boluntarioak. Halaber, guztiek dute helburu proposamen berritzaile bat eskaintzea erabiltzaileei, gizartera daitezen. Horretarako erabiltzen dute, hain zuzen ere, artea. Intxaustegik dioenez, “bizitza eta proposamen artistikoak elkarbanatuta, guztiok aberasten gara”. Izan ere, AmiArte egungo jendartearen beharretatik sortua da, kultur aniztasunean oinarrituriko errealitate baten premietatik: “Hemen, Senegal, Mauritania, Nigeria, Estatu Batuak, Italia, Errusia, Errumania, Venezuela, Bolivia... leku askotako jendea batzen da. Bilbo dagoeneko ez da garai bateko hiri txikia. Berton gurutzatzen diren kultura ezberdinek gure errealitatea aberasten dute. Guk mestizajea estimatzen dugu artearen arloan, beti delako plus bat. Hemen dabiltzan pertsonek asko dute adierazteko eta kontatzeko”.
Horiek guztiek harrera maitekorra jasotzen dute AmiArten: “Eurentzat garrantzitsua da hemen zain gaituztela jakitea, talde baten partaide direla sentitzea. Gutako bakoitzak bizi dugun errealitatea ez da beti geuk sortua” dio Intxaustegik, “baina alda dezakegu, neurri batean, behintzat, erabaki egokiak hartu eta hobetzeko. Horretarako, bazterkeria jasaten dutenentzat oso garrantzitsua da bakarrik ez egotea, informazio ona edukitzea eta gertatzen denaren berri izatea”. Tailerrak ederki erakusten omen du noraino irits daitekeen pertsona bat aukera ematen zaionean, bere ahaleginak zentzua duenean: “Guk bitartekoak baino ez ditugu jartzen, barruan duten onena poliki-poliki kanpora dezaten. Gure jendarteak, askotan, ondorio okerrak ateratzen ditu giza gaitasunen inguruan, ezberdintzat ditugun pertsonak arinki epaitzeagatik. Arteak, aldiz, elkar ezagutzeko eta egitasmo kolektiboak garatzeko parada ematen digu”.
AmiArteren egoitzan arte sorkuntzan interesa duten pertsonak elkartzen dira, egoera zailean dauden pertsonei beste aukera batzuk eskaintzeko. Oinarrizkoena falta zaion jendea, kultura eta herrialde askotako aurki daiteke bertan: “Batzuek goi mailako ikasketak dituzte, baina kalean bizi dira”. Elkartean, baina, zinez sinesten dute arteak pertsona eraldatzeko duen ahalmenean, “artea bitartekari bikaina baita pertsonen eta beren gatazka existentzialen artean. Izugarrizko boterea dauka pertsona bere buruarekin harremanetan jartzeko”. Boluntario hauen leloa partekatzea da, artista jenio bakartiaren irudia alde batera utzita: “Artearen arloan, lehiakortasuna oso gogorra da, baina galeria, talde eta bestelakoen artean beldurraren ondorioz sortzen diren mugak alferrikakoak dira. Artea ezberdintasun guztien gainetik dago” dio Intxaustegik. “Alosiengan sinesten jarraitzen dugu, baina uste hori ustela da eta, gainera, lehia okerra bultzatzen du”.
Elkartasunaz gain, lan artistikoa
AmiArte arte sorkuntzarako diziplinarteko tailerra da. Bertako boluntarioek esperientzia artistikoak eta profesionalak partekatzen dituzte egoera latzean dauden pertsonekin, baina jardun hori ez da tailer barruan geratzen, erakusketak eta bestelako arte eta kultur egitasmoak burutzen baitituzte, adibidez, Bilbao Art District delakoan parte hartuz. Esku artean duten hurrengo egitasmoa, adibidez, Basauriko eskola publiko baterako horma-irudia da, eta datorren abendurako amaitzea espero dute.
Hortaz, tailer horretatik artelanak ateratzen dira, asko eta asko kalitatezkoak. Saldu ere egiten dira eta lortutako dirua osorik jasotzen du egileak: “Benetako artistak ditugu hemen, eta gure helburuetako bat da inor ez bizitzea kalean. Gainera, batzuek familia dute euren jaioterrian eta, ahal dutenean, diru pixka bat bidaltzen diete”. AmiArten, halaber, xede dute artelan bat erosten duenak, gustatzen zaiolako erosteaz gain, elkartasun egitasmo bati laguntzen ari zaiola jakitea.
Gordoniz kaleko tailerra erabat beteta dago egun eta itxaron-zerrenda luzea dute, baina elkarteak diru arazo handiak ditu. Erakundeen aldetik “hitz onak eta bisitaldiak” baino ez dituztela jasotzen dio Intxaustegik, “ez dugu beharrezko laguntzarik”. Hala, egitasmo sozial baterako “ezinbestekoak” diren langile batzuei kontratua eten behar izan diete. Gainera, inguruko ume eta gazteentzat zabalik zuten sorkuntza tailerra ere bertan behera geratu da: “Hogeita zazpi gaztetxo etortzen ziren, ederra zen belaunaldi ezberdinetako jendea biltzea, baina aurten ezinezkoa zaigu horrekin jarraitzea”. Ahoz ahoko informazioari esker ezagutu ei dute erabiltzaile askok AmiArte, “kalean ere badirelako sareak, baina beste gizarte-erakunde batzuetatik ere bideratzen da jendea hona”.
Bestalde, Intxaustegik grinatsu kritikatzen du kultur arlorako ematen diren diru laguntzen politika: “Politikariek, kultura era isolatuan ulertzen dute, hezkuntza-balioekin eta gizarte kontuekin inolako loturarik gabe. Alabaina, artea beti da soziala, eta tailerreko atea zeharkatzen duenean, kolektiboa bihurtzen da. Kultur ekimeneko diru laguntzak eskatzeko garaian, letra txikian jasotako baldintzak irakurtzeak hotzikara ematen du: hezkuntza eta gizarte gaiak ukitzen ez dituzten egitasmoak baino ez dira babesten. Gizarte gaietako deialdietan, berriz, argi uzten dute kultura ez dela oinarrizko beharrizana...  Zer-nolako etorkizuna ari gara eraikitzen?”.
Dena den, Intxaustegiren jarrera ez da etsipenezkoa, beste galdera honek islatzen duena baizik: “Zer egin daiteke mundu guztiak uste duenean ezin daitekeela ezer egin?”. Bada, esaterako, AmiArten egiten dutena.