Kultur militantziagatik jarraitzen dugu batzuok lanean

laurobaIker Lauroba
Musikaria

Izarorekin Limones en invierno diskoaren bira abiatzear harrapatu du Lauroba (Donostia, 1975) itxialdiak. Bakarlari ere aritzen da; hain zuzen, Udaberria lana amaitzeko zorian dago, 2018an Negua eta iaz Udazkena kaleratu ostean, denak autoekoizpenak. Berrogeialdian, Nork ostu dit apirila? egitasmoa sortu du Jon Martin, Ane Narbarte eta Eñaut Aiartzaguenarekin batera, “itxialdiari soinu banda” jartzeko asmoz. Beste hainbat kolaborazio ere egin izan ditu, eta egiten ditu, eta ibilbide luzea du musikaren munduan.

Hasteko, zer moduz itxialdia?
Bakartiak garenoi hainbeste eragin ez digulakoan nago. Halere, musikariok beste edozeinen arazo berak ditugu: fakturak ordaindu, jatekoa erosi… Alde horretatik, ez dakit noiz arte izango den jasangarria.
Izarorekin bira dela-eta, kolpe handia?
Oso handia. Urte erdi baino gehiago generaman zuzenekoa prestatzen, astean bi entsegu egiten. Unea hain gertu ikusi eta dena atzeratu behar izaten duzunean, zaplaztekoa handia izaten da. Halere, birusak bere agenda husten duenean, izango dugu lekua.
Sormenerako, bederen, baliagarria?
Guztiz. Udaberria diskoa amaitu dut, orain gauzatu ezin ditugun kolaborazio batzuen faltan. Uda diskorako hainbat abesti maketatzen hasia naiz. Nork ostu dit apirila? proiektuan abestiak sortzen ibiliko gara, konfinamenduak iraun bitartean.
Zure azken bakarkako proiektuari dagokionez, itxialdian aurretik baino ziberkontzertu gehiago lotu dituzu. Pozgarria ala etsigarria?
Alde batetik, pozgarria da jendea zurekin oroitzea, baina nire bakarkako proiektuaren sostengua kontzertuak dira. Orain arteko diskoak defizitarioak izan dira, eta azken hau are gehiago.
Lauroba taldean, baldintza duinak ezin lortzeaz nazkatuta utzi zenioten jotzeari 2018an. Ordutik, ez da ezer aldatu?
Berdin  jarraitzen du denak. Kultur militantziagatik jarraitzen dugu batzuok lanean.
Bakarlari aritzen zarenean, dena etxean grabatu ohi duzu. Oso etxekoia al zara?
Bai, lasaitasunez grabatzea gustatzen zait, abestiei hainbat aldetatik heltzea, gauzak probatzea... Egunak  eman ditzaket estudioan konfinatuta, birusarekin edo gabe.
Udaberriak beste bi urtaroak baino argiagoa beharko luke. Izango al da?
Bai, konfinamendua hasi aurretik konposatu nuen ia osorik, abesti bat izan ezik. 2020koaren ez beste edozeinen antz handiagoa izango du. 
Lantegira joateari utzi ahal izango diozu?
Aurten, lanaldi erdia eskatu dut, musikaren bidearen aldeko apustua egin nahi nuelako. Gaizki atera zait. Lanaldi erdiarekin etxeko alokairua besterik ez dut ordaintzen.  Laster, gitarraren sokak jaten hasi beharko naiz.
Sareetan ezagunak dira zure hitz jokoak. Nolatan zaletasun eta jario horiek?
Azkenetariko kontzertu batean, mutil bat gerturatu, eta zera esan zidan: “Kontzertua izugarri gustatu zait, baina zure hitz jokoak bai mundialak!”. Grazia egin zidan, ez baitut sentitzen bereziki ona naizenik horretan. Txikitatik gustatu izan zait hizkuntzekin jolastea eta hitzei bigarren esanahia bilatzea.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Abesti bat amaitzeak.
Eta tristatu? Abesti batean aurrera egin ezin izateak.
Zerk eragiten dizu barrea? Txiste txar batek.
Eta negarra? Munduak.
Zerk haserrearazten zaitu? Ez naiz haserretzen.
Bizio bat: Txokolatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Umea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Heldua.
Musikari bat: Mark Knopfler.
Abesti bat: Elusive (Scott Matthews).
Kontzertu bat: Fisahara jaialdian jo genuenekoa, Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuan.
Non joko zenuke gustura? Sahara askean.

Eñaut Mitxelena