Haien beharrean

Denbora gutxian, birus ñimiño batek erabat irauli du mundu osoa. Dena hankaz gora ipini, eta guztiok etxean sartuta utzi gaitu SARS-CoV-2 koronabirusak. Bueno, guztiok ez, ia guztiok: jarduera ugari etenda izan dira zenbait astez, eta azken egunotan hainbat jende lanera itzuli den arren, egun askoan ezinbesteko zerbitzuak bakarrik egon dira martxan. Oinarrizko zerbitzuak, egoera aldrebes honetan funtsezkoak direnak: osasun zerbitzuak, elikadurarekin lotutako lanbideak, janari dendetako dendariak, kazetariak, garraiolariak... Baldintza ezin bereziago eta zailagoetan lan eginez, bizitzak aurrera jarrai dezan, tirriki-tarraka bada ere, aritu eta aritzen dira. Egoera arruntean, askotan oharkabean pasatzen zaizkigu lanbide horiek, baina pandemiarik gabe ere oso garrantzitsuak dira. Ezin guztiak hemen batu, baina zenbaiten esperientzia jaso dugu ondorengo orrialdeetan. Txomin L. Aramaio, Arkaitz Almortza, Esti Lanao.

medikua“Positibo gutxiago daude, eta, ondorioz, pixka bat lasaitzen hasiak gara”

Leire Egiguren Urrosolo (1980, Ondarroa) larrialdietako medikua da Mendaroko (Gipuzkoa) ospitalean. Besteak beste, Eibar, Elgoibar, Ermua eta Mutrikuko biztanleak artatzen dituzte bertan. Egigurenek 11 urteko lan esperientzia dauka Mendaron, eta azken hilabete eta erdian bizi izan dutena inoiz bizi gabe zeukan.

Egiari zor, lana ez da aldatu; bai, ordea, lan egiteko modua. Izan ere, ospitaletako larrialdietako zirkuituak aldatu egin dira. Hots, zati bitan banatu da larrialdietako zerbitzua: bata arnas aparatuko gaixotasunak eta sukarra dituen jendearentzat, eta bestea bestelako gaixotasun guztietarako. Toki bakoitzean, larriak edo ez larriak egon daitezke. “Paziente bakoitza dagokion lekuan artatzen dugu” azaldu digu Egigurenek. Lanean sartzen direnean, langile bakoitzak aginduta du non eman behar duen egun osoa; medikuek, erizainek, erizain laguntzaileek eta zaindariek  leku berean egon beharra daukate. Ahalik eta gutxien nahastea eta kutsatzea da helburua.
Hori bai, alde batean edo bestean lan egiteko babesak ez dira berdinak izan hasieran. NBEa erabiltzen dute alde batean: ilea bilduta, ebakuntza gelako txapela, betaurrekoak edo aurpegi osoa estaltzen duen pantaila bat, bata iragazgaitz bat, gainetik plastikozko beste bat, eskularruak, ffp2 maskara eta laginak hartzeko unerako bestelako eskularruak eta maskarak (ffp3). Fonendoskopioa ere ezin norberarena erabili. Beste aldean, aldiz, orain arte maskara, eskularruak eta bata besterik ez dute erabili, baina gauzak aldatzen hasi dira. Izan ere, zerbitzuen banaketa ez dago hain garbi orain. Hau da, kutsatuen kurba beherantz doan heinean, alde susmagarriko proba gehienek negatibo ematen dute; eta alderantziz, lehen zorabiatuta, zerbait hautsita edo zauri batekin zetorren jendea susmagarria ez zen aldera eramaten zuten zuzenean, baina  orain hasiak egiten diren probek gero eta positibo gehiago ematen dute haien artean. Sintomarik gabeko positiboak dira. Horregatik, une honetan, denak artatzen dira babes berdinekin.
Kasu gehien ikusi dituzten asteetan, gazte nahiz heldu batu zaizkie gaixorik, eta  denetik izan dute. Ez da automatikoa zaharrak txarto egotea eta gazteak ondo. COVID-19a ez dago soilik adinarekin lotuta. Hala ere, onartu beharra dago batez ere helduak ari direla gaizki pasatzen. 80 urtetik gorako pertsona asko ikusi dute hiltzen, eta horietatik asko, gainera, egoitzetatik joandakoak izan dira. “Nik lan egiten dudan eskualdeko zahar egoitzetan, COVID-19ak gogor jo du, eta, tamalez, jende asko eraman du”. Hori bai, ospitaleko langileen mesedetan, jendea oso ondo portatzen ari da, eta benetako larrialdiak ez diren gaixotasunekin ez zaie inor joaten ospitalera; lehen ez bezala, nahiko ohikoa baitzen halako kasuetan ospitalera jotzea. Hori dela eta, lan karga asko murriztu da, eta denbora gehiago dute koronabirusak kutsatutakoak zaintzeko. Horrez gain, umeak ere egunean bizpahiru baino ez zaizkie joaten larrialdietara. “Batzuetan, baina, jendea hainbeste egon da etxean larrialdietara joan gabe, ezen benetan txarto heltzen ari zaigun. Apendizitisak peritonitisarekin edo bihotzekoak jota etxean bi egun egondakoak, kasu”.
Dena den, azken egunotan albiste hobeak heltzen ari dira. “Positibo gutxiago daude, eta, ondorioz, pixka bat lasaitzen hasiak gara. Birus berria izan da, informazioa leku guztietatik etorri da, protokoloak egunean behin edo birritan ere aldatu dizkigute zenbaitetan: babes aldaketak, pazienteen zirkuitu aldaketak, pazienteei egin beharreko proba osagarrien aldaketak, erizainenak, garbitzaileenak… oso deserosoa izan da dena”. Gainera, langileak gaixotu ahala, gero eta urduriago jarri dira. “Baina badirudi egoera honetatik ateratzen ari garela, eta gauzak ondo egin ditugulako irudipena dugu” nabarmendu du Egiguren medikuak.
Bukatzeko, etxekoen babesa azpimarratu nahi izan du. “Denon etxeetan ikusi dugu babes handia. Zentzu horretan, asko lagundu digute, eta horrek indarra ematen du. Egia da, halaber, ohiturak aldatu ditugula. Lehen, lanetik irten eta zuzenean etxera joaten ginen ia gehienok; orain, ordea, ospitalean dutxatzen gara. Are gehiago, lankide batzuk ez dira etxera bueltatzen ari” zehaztu du. Etxean gaixo kronikoak dituen jendeak bestelako neurriak hartu ditu senideak arriskuan ez jartzeko, eta lagunek utzitako etxebizitzetan, alokatuetan edo hoteletan daude. Egoera gogorra, jakina.  “Lankide batzuk gaixotu egin dira, eta gero baita haien bikotekideak ere. Azkenean, gure lanak erabateko eragina du familiarengan”.

 

lizarra

“Egoera zailenetan ere, auzoko dendak laguntzeko prest egon dira beti, bezeroengandik hurbil”

Nekez ahaztuko dituen egunak bizi izaten ari da Lizarrako Carlos Azcona Garin dendaria. Urtea, berez, berezia da San Migel auzoan dagoen Casa Butaca dendarentzat. Izan ere, aurten berrogei urte beteko ditu auzokideei zerbitzua eskaintzen. “Nire bezeroetako batzuk ezkonberritan ikusi nituen, eta gaur egun 90 urte inguru dituzte” dio irribarretsu eskuak alkoholez garbitzen dituen bitartean.

Espoz y Mina kaleko plaza txikian da denda, auzokideak biltzen diren gunean. Ia mende erdi honetan, Nafarroako eta munduko gertakizunez hitz egin izan du bizilagunekin, mostradorearen beste aldetik, egunkarietako lerroburuen artean eta ahoz aho dantzan dabiltzan hitzekin batera, baina halakorik bizi beharra ez zaiola inoiz gertatu azaldu du. “70eko hamarraldian, langileen greba mugimenduak izan ziren. Orduko lizarrar asko greban zeudenez, jende asko soldata kobratu gabe egoten zen, eta gogoan dut bezero finkoei koaderno batean apuntatzen geniela zor zutena, eta ahal zutenean ordaintzen zuten. Egoera zailenetan ere, auzoko dendak laguntzeko prest egon dira beti, bezeroengandik hurbil. Baina egun bizitzen ari garenaren antzeko egoerarik ez dut sekula bizi izan”.
Koronabirusak goitik behera astindu du Ega ibaiaren ertzean dagoen dendaren egunerokoa. Establezimendu apala da. Bezeroak oinarrizko produktuak aurki ditzake bertan, hala nola, elikadurakoak eta garbiketakoak. Hori dela eta, berrogeialdia hasi zenetik, jo eta su ari da lanean auzokideek behar duten guztia eskura izan dezaten. “Komuneko paperik ez zait inoiz falta izan” dio irribarretsu: “Justu hau guztia hasi zenean, bezperan iritsi zitzaidan eskaria, eta dendan beti izan dut komuneko papera. Egia da lehen baino kopuru gutxiago jasotzen dugula eta inoiz produkturen bat edo beste falta izan dela, baina hiru egunen buruan jasotzen dut”. Auzoko denda txikiek duten abantailaren isla da; martxoaren erdialdean merkataritza gune handietan sortu zen psikosia Azconak ez du pairatu.
Barazkiak eta fruta saltzen ari naiz gehien, baita kontserbak eta garbiketako produktuak ere. Ardoaren, bermutaren eta garagardoaren salmentak nabarmen egin du gora, litxarreriekin batera”. Alarma egoera hasi zenetik, bezero kopuruak ere gora egin du Lizarrako denda honetan. “Lehen etortzen ez zen jendea datorkit orain erostera”. 
Dendariak ere lehenengo lerroan daude osasun larrialdiaren erdian. Horregatik, neurri bereziak hartzen ari dira COVID-19ari aurre egiteko. Azconaren dendan, esaterako, pertsona bat baino ezin da sartu, eta kanpoan zain dauden bezeroek segurtasun tartea errespetatzen dute, normalki. “Batzuetan, adineko pertsonei errieta egin behar izaten diet, segurtasun tartea errespeta dezaten. Lizarran kasu askorik egon ez denez, badirudi urrutiko gauza dela batzuentzat, eta ahaztu egiten zaie neurriak hartzeak duen garrantzia”. Lizarrako Gurutze Gorriak banaturiko NBEa jantzita du, mostradorearen eta bezeroaren artean mahai bat jarri du segurtasun tartea mantentzeko, eskularruak jantzita lan egiten du, eta ondoan, guztiaren lekuko, desinfektatzeko produktua dauka. “Ulertzen dut dagoeneko jendea nekatuta dagoela, baina neurriak bete egin behar dira”. Bere eta bezeroen osasuna zaintzea du lehentasun.
Jendearen aurrean egoteak bizilagunek berrogeialdia nola pairatzen duten ezagutzeko aukera ematen dio. “Bezero asko antsietateak jota sumatzen ditut, oso kezkati; hau guztia oso luzea egiten ari zaie, batez ere egunero bueltatxo bat egitera ohituta dagoen jendeari. Tristea da, bakarrik dagoen adineko pertsona asko dago…”. Hori dela eta, auzoko bospasei emakumeri etxerako zerbitzua eskaintzen die. “Seme-alabek etxetik ez irteteko esan dietenez, ni neu joaten naiz behar dutena eramatera. Eskaria telefonoz egin, eta egunean bertan joaten naiz behar dutenarekin”.
Aste hauetan argitaratu diren datuen arabera, osasun larrialdia hasi zenetik gertuko dendak indartzen ari dira. “Egia da lehen etortzen ez ziren hainbat bezero datozela orain, baina ziur naiz hau guztia amaitzen denean etortzeari utziko diotela eta aurreko egoerara itzuliko garela”. Alarma egoera osteko egoeraz kezkati ageri da. “Nik lanean jarraitu dut, bai, baina jende askok ezingo du berriro bere negozioa ireki; ostalaritzan ere kalteak handiak izanen dira…. alokairuan dauden denda askok oso gaizki pasatuko dute. Lizarra hiri merkataria izanda, ondorio ekonomiko gogorrak pairatuko ditu. Denbora asko igaroko da honi guztiari buelta emateko”.
Herritarrak berrogeialdian txarrenari onena ateratzen egon diren bezala, Azconak uste du egoera honetan zentzudunagoak eta umilagoak izaten ikas daitekeela. “Otsoari belarriak ikusi dizkiogu, solidarioagoak izaten ikasi beharko genuke, pertsonen arteko elkartasuna indartu egin beharko litzateke” dio. Bestelako gizarte bati ateak zabaltzeko unea iritsi da. Guztion esku dago orain.

 

deluna“Lantaldearen WhatsAppeko taldeari kea dario egunotan”

Araba osoko informazioa ematen du Alea aldizkariak, euskara hutsean. Aritz Martinez de Luna da zuzendaria, eta, besteak beste, telelanaren abantailak eta egoera honetan tokiko komunikabideek hartu duten indarra nabarmendu ditu.
Gasteizen du egoitza Arabako Alea aldizkariak, baina koronabirusa dela-eta azken hilabetean lana etxera eraman behar izan dute bertako kazetariek, beste langile askok bezala. Aritz Martinez de Lunak hasieratik izan zuen argi zein neurri hartu behar zuten erredakzioan: “Itxialdia legez ezarri aurretik, eta egoera hartzen ari zen itxura ikusita, ahal genuen neurrian lanak etxetik egiteko erabakia hartu genuen lantaldean”. Kontuan hartu behar da kazetarien jardunaren denbora gehiena ordenagailu aurrean ematen dela: “Guretzat, ez da izan oso desberdina bulegoan edo etxean aritzea, beraz, zentzu horretan eragina ez da beste sektore batzuetan bizi dutena bezalakoa”. Izan ere, erredakzioko kide bakoitzak argi du zein den bere zeregina, eta, oro har, ondo moldatu dira egoera berrira. Trabarik handiena, agian, lanak koordinatzea eta lankideen arteko komunikazio onari eusten saiatzea izan da: “Lantaldearen WhatsAppeko taldeari kea dario egunotan, ezin ukatu”.
Alabaina, eguneroko lana egin ahal izateko zenbait buruhauste sortu zaizkie. Kazetaritzaren zati handi bat kaleko lanari dagokio, eta egoera honek eginkizun hori ohi bezala ezin betetzea ekarri die: “Kazetaritzapremia biziko ondasuna” da, eta horrek gure lana kalean egiteko baimena ematen digu; halere, arduraz jokatu dugu, eta ezinbesteko kasuetan bakarrik ibili gara kalean irudiak edo argazkiak ateratzen”. Ezin dira kalean normaltasunez ibili, baina horrek ere benetako kazetaritza lana egitea ahalbidetu die: “Informazioa bilatzeko sarean nabigatzea edo telefonoz galdetzea besterik ez dugun arren, hainbat iturritara jotzen dugu, batean zein bestean galdetzen dugu, edo datuak kontrastatzen ditugu”. Informazio ahalik eta txukunena sortzeko ahaleginetan dabiltza etengabe.
Horrez gain, telelana oso aukera interesgarria dela ikusi dute, eta etorkizunean horren aldeko apustua egingo lukete, lanaren izaerak aukera ematen duen heinean. “Telelanaren bidez lana eta bizitza pertsonala uztar daitezkeela konturatu gara; etxean egon gaitezke, familiaren beharrei erantzun ahal diegu, ordutegi aldetik malgutasuna dugu… horiek guztiak abantailak dira, nolabait”. Horretarako, dena den, ezinbestekoak dira langileen inplikazioa eta konpromisoa: “Norbere funtzioak zein diren ondo barneratuta izan behar dugu”. Izan ere, telelanak zailtasunak ere baditu, zuzendariaren ustez: “Baliabide falta da nabarmenena; nahiko behin-behineko moduan funtzionatzen ari gara enpresa gehienak, etxean lanean bai, baina baliabideak behar bezain ondo egokitu gabe”. Nolanahi ere, itxaropentsu agertu da, eta egoera honetatik zerbait ikasiko dugula eta etorkizunean lagungarria izango dela pentsatzen du.
Aldizkariari dagokionez, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte. Hasteko, banaketarekin izan dute arazo nagusia: “Kalean jarduteko murrizketek banatzaileen lana oztopatu dute, eta, ondorioz, aldizkariaren formatu digitala irakurleen esku, gure webgunean, jartzeko erabakia hartu genuen; ez soilik harpidedunentzat, irakurri nahi duen ororentzat ere bai”. Zeren eta jendeak, inoiz baino gehiago, informatuta egoteko beharra dauka, eta, hain zuzen ere, horixe da kazetarien lana. “Jasotako erantzunak ikusita, jendeak estimatu egiten duela ikusi dugu”. Horren isla, webguneak izan duen hazkundea: “Iazko datuekin alderatuta, % 220ko igoera izan dugu, orain arteko handiena”. 
Horrez gain, paperezko formatuaren egitura ere bestelakoa izan da, eta askotariko elkarrizketak izan dira nagusi azken asteetan: “Bizi dugun egoerak guztioi eragin digu modu bertsuan, inolako bereizketarik gabe; horregatik, profesional askori eman nahi izan diogu hitza, besteak beste osasun arlokoei, hezkuntzan diharduten langileei eta kultura sortzaileei. Denen iritzia interesgarria da, eta horien berri ematen saiatzen ari gara”.
Ezin ukatu halaber,euskara hutsean lan egiten duen tokiko hedabidea izanik bigarren mailan egotetik lehenera pasatu direla: “Egoera honetan, argi geratu da herritarrek gertuko informazioa nahi dutela, beren bizimoduan eragina izan dezakeen albistea bilatzen dutela… eta hori da, hain zuzen, Alean eta antzeko hedabideetan eskaintzen saiatzen garena”. Txaloak eta eskerrak, beraz, irakurle eta kazetariei ere.