Bidaiaren bukaera... ala hasiera?

asier

Martxoko zenbakian (445), Asier Arroita elkarrizketatu genuen, iazko irailean abiatutako bidaiaren erdira iritsi zela eta. Nepalen sartzear harrapatu genuen, baina behin handik Indiara igarota, planak aldatu behar izan zituen, COVID-19aren ondorioz. Pasa den hilean itzuli zen Euskal Herrira, baina dezente kostata. Bidaia amaitutzat eman du, oraingoz, behintzat... Estitxu Lopez. Argazkiak: Asier Arroita.

Indian harrapatu zintuen COVID-19ak beharturiko itxialdiak. Ez zen erraza izango etxera bueltatzeko erabakia hartzea, ezta?
Indiako Rishikesh herrian harrapatu ninduen. Hasiera batean jarraitzeko asmoa banuen ere, argi neukan egoerak okerrera egin zezakeela. Gainera, gertukoak oso arduratuta zeuden ailegatzen zitzaizkien irudiekin: polizia jendea kolpatzen, milaka pertsona lanik eta dirurik gabe... Azkenean, etxera bueltatzea erabaki nuen. Pena handiz, baina pozik aldi berean, maite ditudanengandik hurbilago egoteko.
Indian, ipar-mendebalde aldera jo zenuen, ezta?
Bai, Marta bidaia laguna eta biok Uttarakhand estatutik sartu ginen, Nepal atzean utzita, eta muga zeharkatzerakoan lehenengo arazoak izan genituen. Pasaportean, Txinako eta Thailandiako bisatuak nituen, eta haiek kudeatzen zuten zerrenda beltzean zeuden herrialde biak. Baina, zorionez, sartzen utzi zidaten, bai bertako langileek bai tximinoek ere, checkpointean beraiek ziren-eta jaun eta jabe!
Zergatik erabaki zenuten Rishikeshera joatea?
Herri horretan zegoen Ortuellako lagun batekin hizketan egon nintzen, eta elkartzeko asmoa genuen. Polita iruditu zitzaidan txikitako lagun batekin Indian elkartzea. Martak ere bertan gelditu nahi zuen, yoga ikastaroren bat egiteko, eta nik Holi festibala bertatik bertara ikusi nahi nuen. Beraz, leku ona zen guztiontzat. Holi ospatu baino egun bat lehenago ailegatzea lortu genuen. Ikaragarria izan zen. Mundu guztiak koloretako hautsak erabiltzen ditu gainerakoak “margotzeko”. Asko gustatu zitzaidan herriko plazan sortu zen giroa: koloreak, alaitasuna, musika, jendetza, energia... aurreko Korrika ere gogora ekarri zidan, zelan ez!
Punjab aldera bakarrik abiatu zinen, eta bertan harrapatu zintuen larrialdizko itxialdiaren berriak...
Bai, Punjab herrialdera joatea erabaki nuen, Pakistango mugara ahalik eta azkarrena heldu, eta ahalik eta gertuena egoteko asmoz. Baina ez zen oso erabaki ona izan... Oso arraroa izan zen dena. Chandigarhen, Punjabeko hiriburuan, egun batzuk igaro behar nituen Pakistanen sartu aurretik. Ailegatu nintzenean, aterpe bila hasi eta 25 lekutan saiatu nintzen, baina guztietan erantzun bera jaso nuen: beteta, lekurik ez. Ez zen egia, ordea, ez zuten atzerritarrik nahi. Beldurra sumatu nuen. Azkenean, hostel bateko managerrak azaldu zidan zergatia: Gobernuak atzerritarroi leporatzen zigun India birusarekin kutsatzeko arriskua. Hala ere, nire egoeraz jabetu, eta bertan geratzen utzi zidan. Kalera ateratzen nintzenean, gauza bera: jendea nigandik urruntzen zen, leku batzuetan kanpora ateratzeko esaten zidaten... Orduan hasi nintzen kontua serio hartzen.
Zer egin zenuen?
Han nengoela, bertako lehen ministroak egun bakar bateko itxialdia dekretatu zuen, proba moduan. Baina argi zegoen ez zela egun bakarra izango, eta Rishikeshera autobusez bueltatzea erabaki nuen. Azkeneko autobusa hartzeko ehunka pertsona zeuden zain, nor bere etxera itzultzeko, eta bultzaka eta oihuka ibili ginen sartzeko, neu ere bai... Errepidean ere kontrol ugari zeuden. Ni herritik 20 kilometrora gelditu ninduten, eta ez zidaten pasatzen utzi. Ordu batzuk geroago, goizaldean, polizia batek keinu bat egin zidan gainerakoak ohartu gabe, eta bizikleta hartuta aurrera egin ahal izan nuen. Aurrerago beste kontrol batzuk topatu nituen arren, nola edo hala saihestu nituen, eta azkenean Rishikeshera ailegatu nintzen.
Hobeto zeundeten han? Seguruago?
Egoera oso aldatuta zegoen hara ailegatu nintzenean. Hostel gehienak itxita zeuden, eta zabalik zeudenek ez zuten bezero gehiago hartzeko baimenik. Azkenean,  ostatu batean hartu gintuzten. Han, Gasteizen bizi den portugaldar bat ezagutu genuen, Alvaro, eta harekin batera ibili ginen azkeneko egunetan. Goizean bakarrik atera ahal ginen, erosketak egiteko. Izan ere, polizia atzera eta aurrera ibiltzen zen, makilekin, eta inor kalean ikusiz gero, makilakadaka etxera bidaltzen zuten korrika batean!
Zelakoa izan da etxera bueltatzeko bidaia?
Abentura hutsa. Hasieratik jarri ginen enbaxadarekin harremanetan, gure egoera jakinarazteko. Deskoordinazioa izan zen nagusi. Espainiarako hegaldirik ez, New Delhira joateko esaten ziguten behin eta berriz, baina hiri handi hori ez zitzaigun batere segurua iruditzen. Beste bidaia batetik ezagutzen dut, eta gogorra da berez; bada, horrelako egoera batean, are gogorragoa. Gainera, ez zegoen batere argi non geldi gintezkeen, ezta zer-nolako egoeratan ere. Azkenik, Madrilera joateko charter hegaldia jarri zutela jakin genuen, eta hartzea erabaki. Alvaro, baina, pasaporte portugaldarra izanda, ez zuten gure egoera berean jarri nahi. Orduan, planto egin genuen: ez baziguten uzten denok elkarrekin itzultzen, bertan geratuko ginen harekin. Ez zitzaigun buruan sartzen inor bertan uztea. Alvarok sare sozialak erabili zituen (@rodamundu) bere egoeraren berri emateko eta enbaxadaren jarrera salatzeko, eta hurrengo egunean iritzia aldatu zuten. Azkenean, gurekiko trataera bera izango zuenez, denok autobus batean sartu, eta New Delhiko Cervantes Institutuan eman ziguten aterpe.
Zelakoa izan zen hegaldia? Eta zer topatu zenuten Madrilera heldutakoan?
Cervantes Institutuan, gau bakar bat egon ginen. Egiari zor, bertako langileen jarrera gu guztiokin txalogarria izan zen. Adibidez, Martak eta biok gure bizikletak ekarri nahi genituen, baina hegazkin konpainiak ez zituen onartzen. Halere, saiatu beharra genuen, eta orduan Institutuko langileek esan ziguten lortu ezean haiek arduratuko zirela gure bizikletak gorde eta nola edo hala bidaltzeaz. Azkenean, bizikletekin itzultzea lortu genuen. Hegazkinean, 250 bat lagun izango ginen, eta Madrilera ailegatu ginenean jabetu ginen benetan hemengo egoeraz. Aireportutik modu txarrez kaleratu gintuzten. Guk trena hartu genuen, Gasteizerako beste tren bat hartzeko, eta bidean militarrak eta poliziak besterik ez genuen ikusi. Gainerakoa, huts-hutsik. Trenean, euskaldunok bakarrik joan ginen, hamabi bat lagun. Treneko txartel zulatzailea, segurtasuneko jendea... oso urduri sumatu genituen denak! Harritu egin gintuen gauzak esateko era txarrak, oihuek...
Etxera heldu zarete, hortaz?
Orain, Nafarroan gaude hirurok, Ziordia herrian, Alvaroren familiaren pisu batean. Etxekoekin elkartu aurretik, 15 egun eman nahi ditugu hemen berrogeialdian, jende askorekin ibili garelako azken egunotan, eta badaezpada. Hemen ere, hasieran, gaizki hartu gintuzten, baina laster jabetu ziren gure egoeraz, eta auzokideen etengabeko laguntza dugu. Perretxikoak ere oparitu dizkigute! Alkateak ere deitu izan digu (poliziak txostena helarazi zion, gure egoeraren eta helbidearen berri emateko), eta laguntza eskaini, bai erosketak egiteko (horretarako sare bat antolatua dute) bai beste edozertarako.
Pentsatu duzu bidaia noizbait amaitzea? Adibidez, Indiatik abiatu eta etxera bizikletaz itzultzea?
Oraindik goiz bada ere, Kaxmir, Pamir eta Karakorum ibilbideak egingo ditudala badakit. Hori zen bidaia honetan gehien motibatzen ninduena. Noiz, baina, batek daki! Ustez, denboraldi luze batean ezin izango da lehen bezala bidaiatu, gainera bizikletaz bidaiatzeak dituen berezitasunekin... Dena den, bidaiak hiru aldiz gozatzen direla esaten dute: prestatzen duzunean, egiten duzunean eta gogoratzen duzunean... Bada, orain, hirugarrenaren eta lehengoaren artean nabil!