Waterpoloan, goi mailan eta euskaraz

water

Leioako Waterpoloa Euskaraz Bizi! egitasmoak (WEB!) eman ditu lehen fruituak: Waterpoloaren Hitzen Kutxa eta Waterpoloaren eskuliburua argitaratu dira, kirol horretan euskararen erabilera sustatzeko. Batetik, waterpoloan ohikoak diren hitz eta esamoldeen hitz kutxa; bestetik, kirol horren oinarrizko kontzeptuak euskaraz argitzeko eskuliburua. Irudiak: Leire Iparragirre

Jon Lopezek (Uribe Kostako AEK-ko irakaslea eta Emakumezkoen Lehen Mailako Leioa WLB taldeko entrenatzailea) eta Iratxe Martak (Uribe Kostako AEKren arduraduna eta waterpoloko kadete taldeko jokalari baten ama) garatu eta gauzatu dute egitasmoa.
Berez, 19. Korrikatik dator proiektua, Leioan orduan “oso batzorde indartsua” osatu baitzen. Honela azaldu digu Martak: “Gure herrian ez dago euskara talderik, baina 2015ean Korrika batzordeak izan zuen arrakasta ikusita, olatuari jarraipena ematea erabaki genuen hainbat partaidek. Ordutik hona, Korrika dagoen urteetan Korrika antolatzeaz arduratu arren, hura ez dagoenetan herrian euskararen aldeko ekimenak sortzen saiatzen gara”. 19. Korrikarako batzorde hartan parte hartu zuten herriko kirol talde, jai batzorde, kultur elkarte, auzo elkarte eta bestelako eragileei Euskararen Konpromiso Liburua osatzen laguntzea eskatu zitzaien: “Beren jardunean euskara txertatzeko beharko luketen konpromiso txiki egingarria pentsatzeko eskatu, eta 24 taldek erantzun zuten, tartean Leioa WLBk” dio Martak.
Konpromiso baten emaitza
Lopezek dio klubak “oso konpromiso xumea” hartu zuela, “baina, aldi berean, asmo handikoa: entrenamenduak eta, oro har, gure jarduera euskalduntzea. Hortxe konturatu ginen waterpoloak ez zeukala euskarazko hiztegi teknikorik, eta baliabideak falta zitzaizkigula. Hortaz, waterpolo hiztegi teknikoa egitea otu zitzaigun, eta hazi horretatik sortu zen WEB! egitasmoa”. Izan ere, entrenamenduak gaztelaniaz zein euskaraz egiten zituzten, entrenatzailearen edo jardueraren arduradunaren arabera (euskaldunek erdaratik nork bere kabuz itzulita), baina, oro har, klubeko jarduera batez ere gaztelaniaz egiten zen. Alabaina, Euskaraldian esperientzia “polita” bizi izan zutela dio Lopezek, “11 egunean klubeko jarduera ia guztia euskara hutsean egin zelako. Jakin badakigu hori ez dela benetako egoera, baina abiapuntutzat har dezakegu”.
Kezkak eta lanak emaitza polita izan dute: euskarri arin eta erabilerraza, entrenatzaileek, kirolariek eta klubaren inguruan elkartzen den interesdun orok baliatzeko modukoa. Bestalde, kanpora begira, waterpoloa nahiko kirol gutxitua denez gure artean, partida bat lehenengoz ikustera joango denari kirol hau ulertzeko oinarrizko ideiak agertu nahi izan dizkiote, modu errazean eta euskaraz. Hala, waterpoloari buruzko ezaguera zabaltzeaz gain, eskuliburuek jakin-mina eragitea ere espero dute.
Liburuxken banaketa etenda dago, oraingoz, baina hasiak dira “apurka-apurka jarduerak euskalduntzen. Gero eta euskara gehiago entzuten da gure entrenamendu eta partidetan. Prozesu luzea da, baina bidean gabiltzala jakiteak ematen dit poztasunik handiena” dio Lopezek. Material honek, “oso harrera ona” izan omen du taldean, oro har, “eta espero dugu, harreraz harago, erabilera handia izatea”.
Emakumezkoen lehen taldea, mailaz igotzear
Liburuxken kaleratzea garai berezian gertatu da, gainera, Emakumezkoen Lehen Mailako Leioa WLB taldea denboraldi bikaina egiten ari zelako dena bertan behera geratu zenean: “Denboraldi historikoa” dio Lopezek, “Bizkaiko talde batek sekula egindako onena. Lehen postua erdiesteko aukerak genituen, eta Ohorezko Mailara igotzeko lehia jokatzeko parada ematen duen bigarren postua ia matematikoki lortuta, lau partidaren faltan. Sekulakoa izango litzateke halako partida bat jokatzea, baina...”.
Leioan, izan ere, zaletasun izugarria dago: “Igerileku eskaintza eskasa izan arren, kirolari asko aritzen dira waterpoloan, maila handiko taldeak daude, eta kirolak sona  handia du gure artean. Meritua itzela da, eta gu oso harro gaude kluba leioaztarrek osatzen dutelako gehienbat. Mailaz igotzea egia bihurtutako ametsa litzateke, txikitasunetik lortutako balentria, lan, irudimen eta ilusio handiz. Gure aurka aritzen diren klub gehienek guk baino baliabide gehiago eta hobeak dituzte, baina Ohorezko Mailara igoko bagina, baliabideak lortzen saiatuko ginateke. Lortu ezean, sortu egingo ditugu, WEB! egitasmoarekin egin dugun bezalaxe. Lortzetik sortzera letra bakarraren aldea dago eta” dio, baikor, Lopezek.
Momentuz, ordea, lehiaketa bertan behera gelditu dela baino ez dakite, “hori ziur”. Hortaz, bigarren postua, promozioa jokatu eta igotzeko aukera ematen duena ere lortua dute. Hortik aurrera, ezin jakin zer erabakiko duen Igeriketa Federazioak, zain daude. Hala ere, geratzen diren mailan geratzen direla, euskaraz jardungo dute.