Cimade, Ipar Euskal Herriko etorkinen babesleku

ipar

Etorkinen harreran, laguntzan eta babes juridiko zein sozialean jarduten du Cimade elkarteak. Beraren helburuetako bat ere bada Frantziako immigrazio-politika gero eta zorrotzagoak, elkartearen lana oztopatzeaz gain, giza eskubideak urratzen dituela salatzea. Hendaiako Atxikitze Zentroan eta Baionako bulegoetan, Ipar Euskal Herriko paperik gabekoak bideratzeko ahal murritzak eduki arren, langile eta laguntzaileek badiraute eguneroko aholku-lana eskaintzen. Audrey Hoc baionarra (Donibane Lohizune, 1980) duela sei urte sartu zen taldean, suminduraren suminduraz “oso gaizki tratatua den eta ikusten ez dugun jendea” ondoan zeukala ohartuta. Ondoren, pertsona horien berri eman nahi izan zuen, Cimetière des Vivants (Bizidunen Hilerria, 2011) dokumentalaren bitartez. Maialen Errecart.

 

 

Cimade erakundearen zeregina da legez kanpoko etorkinak, babesleku eskatzaileak eta iheslariak bideratzea. Baina legeria murritzaileak,  tesi xenofoboen entzuleria gero eta handiagoak eta bazterkeria biderkatzeak korapilatu egiten diote lana.
Frantziako lehen atxikitze zentro administratiboak sozialistek sortu zituzten 1981ean, lurraldean egonaldi-agiririk gabe zeuden etorkinak atxilo edukitzeko haien herrialdera bidali aurretik; orain, halako hogeita bost zentro daude lurralde osoan. Hasieran, atxiloketek zazpi egun irauten zuten; 2003an, hogeita hiru egunera luzatu zen epea, Sarkozy zela presidentea; azkenik, 2011ko legeak 5 egunean finkatu zuen gutxieneko egonaldia (ordura arte 2 egunekoa zen, baina bi aldiz egin zitekeen hogei egunez luzatzeko eskaera).  “Gobernua aldatzean,  uste izan genuen egonaldi epea laburtu egingo zela eta erraztu egingo zirela etorkinek lana aurkitzeko urratsak, promestu zuten bezala” dio Hocek. Atxikituriko atzerritarrek helegitea aurkez dezakete auzitegi administratiboan edo penalean, eta, beren eskubideak aldezteko, abokatu batengana edo zentroan dagoen elkartearengana jo: Cimadera, hain zuzen, Hendaiakoaren kasuan.
2008an, Hendaiako Atxikitze Zentro berrituak ateak ireki zituen, hogeita hamar lagunentzako tokia zuela. Urtean laurehun bat pertsona sartzen dira, eta horietarik ehuneko hogei kanporatzen dute lurraldetik: atzerrira botatzen dituzte, Hocen esanetan. “Gehieneko berrogeita bost egunak igaro direlako, auzitegiaren epaiagatik edo administrazio mailako akatsen batengatik askatzen dituzte besteak”. Egun, Hendaiako zentroa beteta baitago, familientzat ere gune berezi bat antolatu dute, “nahiz eta legez ezin den familiarik atxilotu; azkenekoz, 2010ean gertatu zen horrelakorik, eta, kanpoko presio handia eragin zenez gero, ez dira menturatu besterik giltzatzera”. Ez denez delitua egonaldi agiririk ez edukitzea, etorkinak ezin dira espetxeratu, baina bai zentro berezi horietan sarrarazi, “askatasunik gabe bizi dira, hala ere: presondegian bezala”. Prefetaren esku dago etorkinen atxiloketak erabakitzea: hark ditu eguneko atxilotze ordutegiak jartzen. “Mugatik 25 kilometrora ezin dituzte etorkinak hartu; ondorioz, kokapena dela eta, anitz sartzen dituzte Hendaiako zentroan” dio Hocek. Atxikiak direnetatik, laurden bat Magrebetik dator, beste bat Afrikako hegoaldetik, %18 SESB (Sobietar Batasuna) ohiko herrialdeetatik, edo aldian aldikoetatik: Siria, Palestina, Pakistan… “Iparralderantz edo hegoalderantz joaten dira gehienak, hemen egoteko xederik ez daukate eta; herena bidaiatzeko txartelaz zebilen poliziak atxilotzean, trenean, autobusean edo topoan”, baina Frantzian ofizialki kanporaketa kotarik ez dela oroitarazi ondoren, “Valls barne ministroak iragarri du 2013an 34.000 etorkin kanporatu zirela; hala, zenbaki horretara iristeko, bidezkotzat hartu dute bidaiariak atxilotzea” azpimarratu du Hocek. Izan ere, Schengengo Hitzarmenaren urraketa salatzen du Cimade erakundeak (Europako Batasunaren baitan, pertsonen kontrolik gabeko joan-etorriak bermatzen ditu itunak, 1990. urtetik): “Zenbakien politikarekin diraute, etorkinekiko mesfidantza elikatuz eta gure baliabideak murriztuz”.
Zailtasun guztien gainetik
Duela hamar urtetik, Ipar Euskal Herriko Cimade elkarteak aholkulari juridiko lanpostu bat dauka, eta hamar bat laguntzailek bermatzen dituzte etorkinen aholkularitza, laguntza eta sostengua: “Gutxiegi gara beharrei erantzuteko; jakinda, gainera, frantses gobernuak ezabatu nahi duela finantzatzen digun postua, beste tokietan bezala”. Baionan, bi laguntzailek eskaintzen dizkiete harrera eta aholkularitza etorkinei (astelehenero, arratsaldeko hiruretatik seietara, Lagreou karrikako 20an). “Bost familia laguntzen ari gara gaur egun, eta gure elkartasun sareak aktibatzen gabiltza aterpe eta diru bila, elkarteak baitizkie ordaintzen garraioari edota administrazioari loturiko gastu guztiak”, edozein agiri egiteko ordaindu egin behar delako: batez beste, 340 euro egoitza karta bat eskuratzeko, esate baterako. Bestalde, Cimadekoak auzialdiak entzutera joaten dira, “oharrak hartzeko eta lekukotasunak biltzeko, horrek denbora asko eskatu arren”. Horrez gain, bisitak egiten dizkiete Hendaiako Atxikitze Zentroko etorkinei (ordu erdikoak), eta eginbehar horretarako ere lagun gehiago behar dutela nabarmendu du Hocek.
Finantzaketari dagokionez, Emaus elkarteak (aterperik gabekoei laguntzeko egiturak) emaitza bat eskaintzen du urtero. Bestetik, departamenduaren laguntza txiki bat ere badauka elkarteak, eta Akitania eskualdeari ere egin dio eskakizuna; alabaina, norbanakoen elkartasuna ezinbestekoa zaio aurrera jarraitzeko. Hil bakoitzaren lehen ostiralean, Baionako herriko etxearen parean, Isiltasunezko zirkuluak antolatzen dituzte, bai etorkinen egoera ezagutarazteko, bai eta gaitzesten duten politikaren ondorioak erakusteko. Eguberri aitzineko elkarretaratzea Hendaiako zentroaren aurrean iragaten da, eta azkenekoan berrogeita hamar pertsona bildu ziren, Hego Euskal Herriko SOS Arrazakeriaren eta Anitzak ekimenen ordezkariekin batera. Elkartasun horren guztiaren erakusle izateko ere ekoiztu zuen Audrey Hocek Bizidunen Hilerria, Hendaiako zentroari buruzko dokumentala. Proiektu eskasian ez dago zinegilea, besteak beste, lan berri bat prestatzen ari baita Ipar Euskal Herrira bizitzera etorritako atzerritarren bizimodua kontatzeko. “Dena dela, legea alde izan ez arren, aurrera jarraituko dugu eguneroko lanetan baldintzak oraingo berberak diren bitartean, baina jendeari esperantzarik eman gabe” dio baionarrak; edonola ere, Cimade elkartekoek argi daukate etorkinak begirada baikorragoz ikustera iristea ere badela lorpen handia.