Trinketa: aldarteak eta erronkak lau hormen erreinuan

trinket

Fronteko paretan, 9,30 metroko zabalera eta bi txapa, lurretik 80 zentimetrora behekoa eta 8,5 metrora goikoa. Atzeko horma ere badago, erreboteak egiteko; alboetan, berriz, 29 metro luze diren bi pareta. Pilotaleku itxiak, kontrakantxarik gabeak eta jokorako baliagarriak diren lau hormarekin: horrelakoxeak dira trinketak, Euskal Herriko kirol ugaritan aritzeko antzinatik erabili izan diren jokalekuak.

Ongi aritzen da kantxa hauetan Battitta Ducassou (Itsasu, 1991), 2018ko munduko txapelduna eta aurtengo garailea, laugarrenez, buruz burukoan: “Aunitz maite dut, sei urterekin hasi nintzen eta ez diot inoiz jokatzeari utzi”. Eskuekin aritzen da itsasuarra, modalitate hori Lapurdin oso zabalduta baitago, “eta gero eta jokalari gehiago dagoela esango nuke” dio Ducassouk. Amaia Larralde (Hendaia, 1997), bestalde, palan aritzen da, eta haren emaitzak ere itzelak dira: Euskal Herriko txapelduna gazte kategorian eta 2. mailan, hainbat alditan; 2019ko munduko txapelduna senior kategorian... Larraldek ez du zalantzarik: trinketaren egoera oso ona da Euskal Herriko iparraldean, frontoien jokamoldeen kalterako, beharbada. Bere iritziz, “oso aktibo dago, ezker pareta baino askoz aktiboago; jendeak ere biziki jarraitzen du, eta txapelketa ugari antolatzen dira”.
Izan ere, orain dela urte asko hasi zen trinketarekiko zaletasuna Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Jatorria jeu de pomme delakoan dugu; zehazki, XIX. mendeko Euskal Herrian sortutako pasaka aldaeran. Joko horretan, jokalariek eskularruak erabiltzen zituzten erraketen ordez, eta, batzuetan, trinketak, pilotan aritzeko erremintak. Denborarekin, pasakan aritzeko kantxa bereziek izen hori hartu zuten, eta, egun, horrela ezagutzen ditugu: trinketak. “Frontoiak modernoagoak dira” dio Larraldek, “eta Iparraldera geroago heldu zitzaizkigun. Horregatik dira, gure artean denbora gehiagoz egon direlako, trinketeko modalitateak ezagunagoak hemen, nik uste”. Horrek ez du esan nahi Hegoaldean trinketik ez dagoenik, jakina, eta hauxe ere azpimarratu du Larraldek: “EAEn eta Nafarroan, trinketa ere bizi da, baina ezker paretan baino jokalari gutxiago daudenez, ez da hainbeste aipatzen. Are gehiago, Hegoaldean oso jokalari onak egoteaz gain, oso trinket politak ere badituzte; adibidez, Iruran, Irunen eta Bilbon”.
Alabaina, eta tamalez, modalitate bakoitzeko jokalarien kopurua ez da Bidasoaren alde batean eta bestean dagoen bereizgarri bakarra. Ducassouren esanetan, “pilotaren munduan, Iparraldekook oso urrun gara, Hegoaldeko jokalari profesionalekin konparatuta. Asko jota, erdi profesionalak izatera hel gaitezke, horrek dakarren guztiarekin,  bai soldata aldetik bai jardun maila aldetik”. Horretan datza, akaso, frontoiarekiko ezberdintasunen jatorria. “Orain arte, horixe izan da Iparraldeko egoera. Hala ere, eta gero eta publiko eta baliabide ekonomiko gehiago egon arren, egia da bitarteko gehienak trinketera bideratzen direla. Eta horixe da, nire ustez, guk jokatzen ditugun modalitateen nagusitasunaren arrazoia” dio Ducassouk.
Bizkaitarrak lau pareten artean
Ezker paretak diru gehiago mugituko du Hegoaldean, beharbada, baina hori ez da oztopo lau hormen eztia probatu duten mendebaldeko euskal herritarrentzat. Bizkaian bizi da, esaterako, Ekhi Ziarrusta (Dima, 1994) trinket jokalaria, Ipar Euskal Herriko 1. mailako txapelduna 2019an eta Bizkaiko aurtengo binakako txapelduna. Zergatik entrenatu Lapurdin, etxetik gertu jokatzeko aukera izanik? “Onenekin lehiatu ahal izateko modu bakarra delako” dio Ziarrustak. “Maila hobea dago bertan, eta horrexegatik hartu nuen Iparraldeko txapelketetan parte hartzeko erabakia, orain dela urte eta erdi”. Denbora honetan, ikusi dugun moduan, oso emaitza onak lortu ditu.
Iritzi berekoa da Inhar Ugarte (Algorta, 1989), Ziarrustaren bikotekidea kantxetan eta harekin batera Ipar Euskal Herriko txapelduna, iaz: “Hegoaldean, maila oneko pilotari gutxi gabiltza trinketean, eta horregatik askok Iparraldera jo behar dugu, gure maila erakusteko eta aurkari gehiago ezagutzeko. Han askoz ere jokalari gehiago dago, eta maila profesionalagoa da”. Baliabideen gainean, Ugartek badu bere iritzia: “Nahiz eta telebistaren laguntzarik ez izan, badago zirkuitu emankorra, non pilotariek dirua irabaz dezaketen. Horra iristea da edozein trinketlariren ametsa”. Hala ere, eta Larralde eta Ducassouren iritziekin bat etorrita, Ugartek dio ekonomikoki ezin direla alderatu EAEko eta Nafarroako frontoi jokamoldeekin, zehazki eskupilotarekin. “Hegoaldean, dakigunez, bi enpresa profesionalek kudeatzen dute kirol hori, telebistaren babesarekin. Horrek asko laguntzen du eskupilotari bizirik eusten. Beste modalitateek, hau da, palak, zesta-puntak, erremonteak... ez dute telebistaren babes hori, ezta harrobia sortzeko erraztasunik ere; horregatik daude, zoritxarrez, egoera tamalgarrian”.
Alta, Ziarrustak argi dauka: “Zazpi lurraldeok osatzen dugu Euskal Herria, eta bateko zein besteko modalitate edo ohiturak izan arren, guztionak dira; hori dela eta, denen alde jarduten hasi beharko genuke, norberarena indartuz eta besteena gutxietsi gabe. Hori lortzen denean irabaziko du euskal pilotak bere osotasunean. Bitartean, galdu egingo da, pixkanaka-pixkanaka”.