Beldurrak airean

etxaniz

IPUINA. Xabier Etxaniz Rojo. Irudia: Zaldi Eroa.

Hau bukatutakoan… -esan zidan Eñautek aparkalekuko auto baten atzean ezkutaturik geundela- ez naiz sekula santan sagardotegi batera itzuliko…
Une hartantxe, Gene Wilderren Frankenstein gaztetxoa pelikula gogoangarria etorri zitzaidan gogora. Zehazki, Transilvaniako hilerri hartan gertatzen den eszena hura, non Gene Wilder eta Marty Feldman hilobi batetik hilkutxa bat ateratzen ari diren, gauez eta azpikeriaz. “Hau bai lan nazkagarria!” diotso Frankenstein doktoreak zerbitzari begi irten eta konkordunari, eta honen erantzuna:
-Okerragoa izan liteke.
-Okerragoa? Nola?
-Euria egin lezake…

Arnasestuka eta sagardotan blai, zangoko zauri odoltsuari egin nion so. Nolatan geunden egoera tamalgarri hartan? Zer gertatu zen? Zein unetan bihurtu zen infernu festa behar zuena? Ezin nuen ulertu.
Eta nola demontre iritsi ziren arma haiek guztiak sagardotegira? Zein erok eraman ditzake granadak eta kalashnikhovak sagardotegi batera?
Ez… hori ere ezin ulertu.  

Has nadin, baina, hasieratik. J.L.-ren agur bazkaria genuen euskaltegian. Bizitza osoa AEKn lanean eman ostean, J.L.-k bazuen erretiroa hartzeko tenorea. Ondo merezia, gainera, nekagarria izan behar baitu eguna horrenbesteko matraka ematen pasatzeak. Eta gauzak horrela, denok pozarren (J.L erretiroa baserrian igarotzeko asmoa zuelako eta euskaltegiko lankideok arrazoi beragatik) eta festarako prest iritsi ginen sagardotegira.
Ostirala zen. Hilaren hamahirua.
Zer atera zitekeen gaizki?

Iritsi eta berehala, hango fauna sailkatzeari ekin nion, euskaltegiko lehen eguna balitz bezala. Ohiko indigena kuadrillaz aparte (gizonezkoak, alkandora koadrodunak, txotxa hortzetan), lau bat talde identifikatu nituen: heavy talde bateko musikari eskoziarrak (Su Ta Garren antza, gehienak burusoil, gona koadrodunak), euskal alderdi politiko autonomista bateko gazte erakundeko dozena bat kide (markako alkandora koadrodunak, Marca besapean), Biarritz Olympique errugbi taldeko lagunarte bat (koadro zuri-gorriak kamisetetan), eta bi ezkonberri apain eta bi dozena gonbidatu are apainagoa (gorbatarik ez, tximeleta-begizta koadrodunak).
Eta azkenak gu (Korrika style, dena marra eta koadrorik ez).

Txoootx!


Zerbait ezohikoa gertatzen ari zelako lehenengo zurrumurruak kupela baterako ilara kosmopolita batean harrapatu gintuen. Sekulako iskanbila sortzen ari omen zen sagardotegiko beste puntan, kupela “sekretuak” zeuden aldean. Antza, emazte ezkonberriari ez zitzaion gehiegi gustatu alderdi autonomistako gazteetako baten begiratzeko era. Lizunegia omen. Antza, heavy eskoziarrek kilt koadrodunen azpiko zintzilikarioak era lizunean erakusteko tema zuten. Indigena batek, ordea, errugbilariak seinalatu zituen iskanbilaren sortzaile. Mele txukun baten ostean, eskoziar batek miarriztar bat zangotrabatu zuen, lizunkeriaz ez, baina bai azpikeriaz, eta jokalariak sekulako ostia hartu zuen kupela baten kontra. Etxeko nagusiak seinalatutako zigor kolpea ehun kiloko mozkote batek jaurti eta baloiak bete-betean jo ei zuen gazte autonomista baten buruan. Nik, ordea, ez nuen sinetsi. Izan ere, eskoziar gehienak inguruan nituen “Where is the secret barrel?” galdezka, galduta zeuden seinale. Eta ez nau harritzen, ilara hartakoak euskaltegietan maiz erabiltzen dugun “telefono izorratua” jolasaren gero eta antz handiagoa baitzeukan… 
Halako batean, bospasei kolpe lehor entzun nituen bata bestearen atzetik, eta hura ez zela normala ondorioztatu nuen. Zeren, bat-batean, sei upeletik ateratzen hasi baitzen sagardoa. Eta nik edalontzi bakarra! Xahutze begi-bistako hura ikustean, etxeko nagusia gozo jarriko zela pentsatu nuen. Lehenengo eztandak, baina, erauzi zidan pentsamendu hura burutik. Bigarrenak, ordea, airetik jaurti ninduen ni, eta kupela txikitu zuen. Agian, ez hurrenkera horretan. Edonola ere, lurrean nengoen odoletan eta sagardotan blai.

Bizitzan lehenengo aldiz, hurbil sentitu nuen heriotza. Sagardotegiko fauna alde batetik bestera zebilen korrika. Odoletan batzuk, garrasika besteak. Denak noraezean. Kea nonahi. Inork ez zekien hurrengo bala nondik etorriko zen, ezta hurrengo granadak non lehertuko ziren ere. 
Etsai ikusezin baten apeten mende geunden. 
Ezdeus sentitu nintzen.
Txiki eta ezdeus.
Ezkerreko zangoa odoletan neukala ohartu eta une batez zorabiatu egin nintzen.   
Beldurrak airean.

Halako batean, Eñaut hurbildu zitzaidan ez dakit nondik. Ondo zegoela eta handik aterako ninduela esan zidan. Plan bat omen zeukan. Beldurti hipokondriako hutsa izanik, harrigarriki (eta susmagarriki) lasai hitz egiten zidala otu zitzaidan, gaztetan komando paramilitar batean edota (are okerrago) soldadutzan aritu izan balitz bezala.
Egia zen. Eñautek plan bat zeukan, eta, ez dakit nola, handik atera ninduen.
Bizirik. 

-Hau bukatutakoan ez naiz inoiz sagardotegi batera itzuliko
-esan zidan Eñautek aparkalekuan ezkutaturik geundela.
Jarraian, nire zauriari so egin, eta itxura txarra zeukala esan zidan.       
-Okerragoa izan liteke -esan nion.
-Okerragoa?
Marty Feldmanen begiak gogoan, zerura begiratu nuen. Giro polita, eguzkitsua. Ateri. Ez zuen ematen euria zekarrenik.
-Bai, okerragoa izan liteke. Adibidez, saguzar batengandik eratorritako birus bat sar lekiguke denoi biriketan, eta pandemia bat sortu…
-Pandemia? Seko pitzatuta zaude, Xabi…
Jarraian, eztulka hasi zen Eñaut.
-Kaka! Gripeak harrapatu nauela uste dut.
-Eztul itsusia duzu, bai…