“Itxialdi honetan, kulturak duen garrantziaz jabetu behar dugu”

ylenia

Aurpegi ezaguna da Ylenia Baglietto (Eibar, 1986) aktorearena, ez soilik euskal ikusleen artean. Espainiako telebista publikoko Acacias 38n jokatutako rolak egin du ezagun, baina duela 10 urte Goenkale folletoian hasi zenetik ikusi izan dugu pantaila txikian; harrezkero, makina bat saio eta antzezlanetan aritu izan da. Egun ere, itxialdi betean, ETB1 ematen ari den Etxekoak telesailean parte hartzen ari da, nahiz eta, sektoreko gehienen antzera, beste hainbat lan bertan behera geratu zaizkion. Bilbon dago konfinatuta, sare sozialetan aktibo eta egoera gaitzari baikortasunez aurre egin nahian. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Loinaz Actores.

Hasteko, ezinbesteko galdera. Zer moduz itxialdia?
Egia esan, oso ondo daramat. Oraingoz, osasuntsu nago; beraz, aurretik egin ezin nituen gauza pila bat egiteko aukera izaten ari naiz. Hasteko, gitarra jotzen ikastea erabaki nuen. Orain dela 6 urte, gitarra erosi nuen, Lisboan, eta hortxe neukan koitadua, ukitu gabe. Online ikastaro bat egiten hasi, eta hor nabil. Izan ere, poesia idazten dut, eta nire ametsa da egunen batean olerki horiek abesti bihurtzea. Horregatik heldu nahi nion gitarrari, neure abestiak sortzeko. Horrez gain, etxean egotera ohitu behar nuela esan nion neure buruari, eta kirola bertan egiten hasi nintzen. Normalean, egunero saiatzen naiz kirola egiten. Hortaz, moldatzen, egokitzen... Errutinatxoa jarri nuen, eta, tira, oso ongi daramat.
Itxialdi betean, Etxekoak telesailean lan egiteko aukera izan duzu. Ez da gutxi.
Bada, bai. Oparitxoa izan da, ez bainuen inondik inora espero orain, itxialdi honetan, lan egitea. Bat-batean, Pausokaren deia jaso nuen, telesail honetan parte hartzea proposatu zidaten, eta, nola ez, aurrera! Azkenean, nire lanbidean aurrera egin nahi dut, ikasi eta ikasi, eta hobetu eta hobetu. Lan horrek ere ikasteko aukera ematen dit, azken finean dena berria delako. Etxetik egiten dugu, aktore bakoitza bere etxean, tripode batekin, argi batekin, eta norberak egiten du dena: ile apainketa, jantziak, arlo tekniko guztia, testua ikasi, antzeztu... Finean, geuk egiten dugu dena, zuzendu izan ezik, hori Jabi Elortegik egiten du. Sekulako ikasketa izaten ari da.
Lanari dagokionez, nola eragin dizu pandemiak eragindako krisiak? Brecht-en La boda de los pequeños burgueses estreinatzear zineten Arriagan, besteak beste. Bertan behera geratu al zaizu proiektu gehiagorik?
Berez, bertan behera ez. TVEko (Espainiako telebista publikoa) Acacias 38 telesaila grabatzen ari nintzen, eta eten egin da. Printzipioz, normaltasunera itzultzen garenean jarraituko dugu. Ez dakigu noiz, hori egia da. La boda de los pequeños burgueses, Arriagan egin behar genuena, bertan behera gelditu da, guztiz. Bestalde, aurrerago, pelikula batean parte hartuko dut; hasiera batean, ekainean grabatu behar zen, baina uste dut itxaron egin beharko dugula. Azkenean, egunero zer edo zer ezberdina esaten dute. Hortaz, horrela gabiltza: zain eta egunetik egunera ikusten zer gertatuko den.
Bestela ere ezegonkortasun handia dago zuen lanbidean. Krisi honen ondorioak izugarriak izango dira sektorean.
Bai, hala izango da. Antzokiei dagokienez, hasieran esan ziguten agian urte amaierarako hasiko zirela programazioarekin, baina gero eta gehiago atzeratzen ari dira. Itxialdi honetan, kulturak duen garrantziaz jabetu behar dugu. Denok gaude etxean, telesailak edota pelikulak ikusten, edo musika entzuten, edo liburuak irakurtzen... Zeinen garrantzitsua den konturatzen zara. Hala ere, badirudi oraindik ere ez garela ohartu zeinen inportantea den antzerkia. Tira, batzuk ari dira antzerkia beste modu batean egiten. Adibidez, duela gutxi, lagun baten mikroantzezlan bat ikusi nuen, online: euro bat ordaindu, kode bat jaso gunean sartu eta antzezlana ikusi ahal izateko, eta aktorea bere etxean antzezten ikus dezakezu. Nik uste antzerkia ere moldatuko dela, poliki-poliki, egoera honetara. Azkenean, horrela lan egin beharko dugu.
Sektoreko jendearekin bazaude harremanetan? Zer-nolako aldartea sumatzen duzu?
Hau guztia putakeria hutsa da denontzat. Jende pila batek lanak zituen lotuta: emanaldiak, birak... eta dena joan da pikutara. Hala, pentsatzen hasten zara hil hauetan jasoko zenuen dirua ez duzula izango, etxean zaudela eta ez dakizula zer gertatuko den. Horrela egonik, ziurgabetasun handia dugu denok. Beraz, normala da mugimenduak sortzea, eta saiatzea ahalik eta modurik hoberenean hobetzen eta aldatzen egoera hau.
Acacias 38n jokatzen duzun rolak famatu egin zaitu. Sentitzen duzu ospetsua zarela? Nola bizi duzu?
Ez, ez dut batere sentitzen. Egia da tarteka norbaitek kalean gelditzen zaituela eta zerbait esaten dizula, baina zuk normal-normal erantzuten duzu. Azken finean, ni Ylenia naiz, betiko Ylenia, eta ez dago ezer desberdinik nire barnean. Bai, lana egiten ari naiz, ikusten dut jendeari gustatzen ari zaiola, baina nik betikoa izaten jarraitzen dut. Ez dakit, sentsazio arraroa da. Eta bizi... ongi ari naiz bizi izaten. Egia esan, gehienbat sare sozialetan nabaritzen dut hori; izan ere, saioak nazioartean izan du arrakasta, beraz, gehienek sare sozialetan idazten didate. Horrek ere ahalbidetzen dizu lasaiago bizi ahal izatea. Ez da kalera irten eta mundu guztiak zu ezagutzea, beste mota bateko arrakasta baizik. Batzuek ezagutzen naute, baina kalean zehar lasai asko ibil naiteke. Hori pila bat eskertzen da.
Famatu egin zaituen pertsonaiak badu oraindik ere arreta pizten duen osagai bat: harreman lesbiko bateko kideetako bat da. Horrek arreta piztea, hain zuzen, ez al da triste samarra?
Bai, guztiz. Hala pentsatzen dut, benetan. Uste nuen gai horri dagokionez aurrerapausoa egina genuela, baina ez dela hala konturatu naiz; are gutxiago mundu mailan. Adibidez, Hego Amerikan, oso-oso atzeratuta daude. Banekien, baina ez nuen espero hainbesterako izatea. Egunero idazten didate neska askok esanez “Eskerrik asko, Ylenia, zure pertsonaiari esker ausartu naiz gurasoei homosexuala naizela esaten”, eta halako mezuak. Oso gogorra da hori irakurtzea. Zeren, azken batean, nire inguruan normaltasunez bizi baitut, eta betidanik bizi izan baitut, kontua gurasoekin, lagunekin... denekin. Horregatik, halako mezuak irakurtzen ditudan bakoitzean, ufa!, oilo ipurdia jartzen zait, benetan.
Sare sozialetan jarraitzaile asko izatea lagungarria al da lana bilatzeko orduan?
Egia esan, ez dakit, zeren nik, oraingoz, ez dut hori bizi. Ideiarik ez dut hemendik aurrera gertatuko zaidan ala ez... Entzuten duzu baten bati lana ematen diotela jarraitzaile gehiago dauzkalako, edo besteren bati... Halere, gero ez badu funtzionatzen? Berdin dio zenbat jarraitzaile dauzkan; azken batean, pertsona horrek nola egiten duen lan balioetsi behar da, ezta? 220.000 jarraitzaile izanagatik, agian ez zara aktore edo abeslari hobea. Hau da, gero lanean erakutsi behar duzu, erakutsi behar denean. Ez dakit horrela ote den, baina nahi nuke ez izatea!
Gimnastika erritmikoan ibili zinen gaztetan, eta horrek sortu zizun aktore bokazioa. Kirolean ikasitako ezerk balio izan al dizu aktore lanerako?
Bai. Gimnastikan balio pila bat ikasten da; gimnastikan baino, kirolean. Gainera, hain gazte hasten zarenean, askoz gehiago. Txikitatik ikasten duzu diziplina izaten, modu ordenatuan bizitzen, egunero errutina bat izaten, elikadurari buruz ere pila bat gauza, psikologiari dagokionez ere bai... Nire ustez, bizitzarako oso balio garrantzitsua ere ematen dizu: galtzen eta irabazten erakusten dizu, eta hori nola kudeatu. Azken batean, bizitzan etengabe ari gara gauzak irabazten eta galtzen. Txikitan ez baldin baduzu hori ongi ikasi, heldutasunean oso zaila da kudeatzea, edo hori kudeatzen ikastea. Hortaz, gimnastikari eskerrak ematen dizkiot, txiki-txikitatik pila bat galdu nuelako, eta, noizean behin, irabazi. Ez dakit ongi ala gaizki ikasi nuen kudeatzen, baina kudeatzen, behintzat, ikasi nuen.
Goenkalen egin zinen ezagun. Zer-nolako garrantzia izan zuen, kontuan hartuta askorentzat mundu profesionalera jauzi egiteko lehen urratsa izan zela?
Niretzat, eskola izan zen; justu Getxoko Antzerki Eskolatik irten berritan hartu ninduten Goenkalen. Antzerki eskolan, antzerkia ikasi nuen, batez ere, eta bat-batean telesail batean sartu nintzen. Eskolan, zer edo zer ikasten duzu, baina ez da berdina han ikasten duzuna eta gero praktikan ikasten dena. Hiru urte eman nituen Goenkalen, eta niretzat masterra izan zen, benetan. Gainera, lanbidean urte mordoa zeramaten lankideak nituen. Adibidez, Patxo Telleriak nire aitaren rola jokatzen zuen, eta ni hari itsatsita egoten nintzen etengabe, galdezka eta aholku eske. Irribarre batekin gogoratzen dut Goenkaleko garaia, oso polita izan zelako eta pila bat ikasi nuelako.
Azken urteotan, ia ez du telesailik ekoitzi ETBk. Lehendik ere beharrezkoak ziren, baina krisi honen ondoren are beharrezkoagoak?
Euskarazko produktuak edukitzea beti da garrantzitsua. Finean, horretarako daukagu ETB1: euskarazko telesailak egiteko eta fikzioa sortzeko. Beraz, nik uste beti dela oso-oso garrantzitsua, garai guztietan.
Oso irribarretsu ikusi ohi zaitugu askotan, elkarrizketetan eta. Hor ere aktorea ageri da, ala benetan zarena erakusten duzu?
Bai, horrelakoa naiz. Pertsona guztiek bezala, badauzkat nire momentu txarrak, negar asko egiten dut... Beti esaten dut: egiten ditudan barre guztiak negarrarekin konpentsatu behar ditut. Dena den, askotan ez dira negar tristeak, batzuetan nire barnea garbitzeko izaten dira. Baina bai, horrelakoa naiz; beti izan naiz, txiki-txikitatik. Jendeak beti aipatu izan dit, une oro nagoela barrezka. Ni ez naiz kontziente. Gero, nire bideoak ikusten ditudanean, hala dela konturatzen naiz. Saiatzen naiz beti, bizitzan, gauza positiboenak ikusten. Nahiz eta gauza zailak eta txarrak etorri, eta horiek bizi behar izan, beti pentsatzen dut zer edo zer ona etorriko delako datozela. Horregatik, onartzen eta onerako hartzen ahalegintzen naiz. Ez dakit, oraingoz nahiko ondo doakit bizitzan; hortaz, berdin jarraitzen saiatuko naiz, kar-kar!

KOLKOTIK

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Ez dagoela koronabirusagatik hildako gehiagorik.
Larunbat gau baterako plan onena? Dantza egitea.
Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan? Arrautzak.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Irribarre bat, kar-kar!
Zerk ematen dizu beldurra? Bakardadeak.
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Gezurrak.
Zerk ematen dizu lotsa? Ufa! Zer edo zer gaizki egiteak.
Bizitzako plazer txiki bat? Foie jatea.
Zer da arrakasta zuretzat? Zerbait ongi egiten aritzea.
Itxialdian, zein generotako lana egingo zenuke? Musikala, alaitzeko.
Telesailak edo filmak, zer ikusten duzu gehien? Erdia eta erdia.
Zein rol jokatuko zenuke gustura? Revolutionary Road pelikulan, neskarena, Kate Winslet-ek jokatzen duena. Ikaragarri gustuko dut.
Erreferentziazko aktore bat? Leonardo Di Caprio.
Bi arrazoi euskara ikasteko? Gure hizkuntza delako eta, gainera, doinu izugarria duelako.
Labur esanda, nolakoa da Ylenia Baglietto? Positiboa.