Osasun larrialdiaren ondorio txarrek etenik ez

ehaze

Itxialdia arintzeko neurriak abiatu berritan, COVID-19ak eragindako triskantzak ez du etenik ikus-entzunezkoen arloan: bertan behera utzitako edota atzeratutako jaialdi, ekitaldi eta proiektuen zerrendak gizentzen jarraitzen du. Horien artean da, besteak beste, Leioako XXI. Umore Azoka, Euskal Herrian egiten den kale antzerki jaialdi garrantzitsuena. Maiatzaren 14tik 17ra zen egitekoa, baina ez egitea erabaki du Leioako Udalak. Maiatzaren 8tik 16ra ospatzekoa zen 26. Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoa ere ez da egingo, oraingoz.  Nolanahi ere, Bilboko Udalak jaialdia bertan behera ez uzteko asmoa azaldu du, eta beste data batzuk aztertuko ditu. Kaleka Lekeitiko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia ere bertan behera utzi dute. Dena dela, egoerari ahal den neurrian erantzuten ari dira sektoreko hainbat eragile, antolatzaile eta sortzaile, eta Interneten bestelako aukerak zabaltzen ari dira, aurreko hilean atal honetan bertan azaldu genizuen moduan. Oraingoan, beste helbide interesgarri baten berri dakarkizuegu: ehaze.eus, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen webgunea, non sarean ikusgai diren antzezlanen gida osatu duten.


zinemaldiaDONOSTIAKO ZINEMALDIAK bat egin du We Are One: A Global Film Festival izeneko jaialdiarekin: Tribeca Enterprises konpainiak antolatu eta ekoitzitako jaialdi digitala da, eta nazioarteko 20 zinema jaialdiren programazioa eskainiko du, doan, maiatzaren 29tik ekainaren 7ra, YouTube plataformaren bitartez. COVID-19aren pandemiak nazioartean eragindako egoerari erantzuteko asmoz sortu dute jaialdia, eta, besteak beste, nazioarteko zinemaldi ospetsuenek parte hartuko dute: Donostiakoak, Cannesekoak, Berlingoak, Veneziakoak, Torontokoak... Hamar egunez, jaialdi bakoitzak hautatutako programazioa eskainiko du: film luzeak eta laburrak, dokumentalak, musika, umorea, elkarrizketak...  Hil honen amaieran, hortaz, adi pantaila... txikiari!

LABURREAN

AURTENGO UDAN, ez da pastoralik izango Zuberoan. Uztailaren 26tik abuztuaren 2ra bitartean jokatzekoa zen Jean-Louis Davantek idatzitako Abdelkader pastorala, Ezpeize-Ündüreineko, Ainharbeko, Ürrustoi-Larrabileko eta Sarrikotapeako herritarrek egina, baina haren antolatzaileak, Xiberoko Jauna Alkarteak, ez egitea erabaki du, parte hartzaileen nahiz pastoralak ikustera joan ohi diren ikusleen osasuna bermatzearren, eta ezin dituelako ziurtatu pandemia dela-eta Frantziako Gobernuak ezarritako arauak betetzeko baldintzak. Hasiera batean uda osterako uztea deliberatu bazuen ere, azkenean datorren urteko udara gibelatzea hobetsi du.

gaztezuloABIAN DA Gaztezulo aldizkariak antolatutako XI. Gaztezulo Bideo Lehiaketa. Hamasei urtetik gorako edonork aurkez ditzake lanak, betiere zenbait baldintza beteta: gutxienez minutu bat eta gehienez hiru izan ditzakete; Gaztezulo paperezko aldizkaria, aldizkari digitala edota gaztezulo.eus webguneak azaldu behar dute; eta hizkuntz edukirik izanez gero, euskarazkoa izan behar du. Bi sari banatuko dituzte: 1.200 eurokoa lehena, eta 300ekoa bigarrena. Lanak maiatzaren 22ra arte bidal daitezke E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera, eta dagoeneko ikusgai dira zenbait Gaztezuloren atarian, lehiaketaren xehetasun guztiekin batera.