Paths of Glory

kirk

Zuzendaria: Stanley Kubrick. Aktoreak: Kirk Douglas, George Macready, Adolph Menjou, Ralph Meeker, Wayne Morris, Joe Turkel. AEB, 1957.

Etxean erraz eskuratzeko eta ikusteko filmekin segituko dugu. Honakoa, Hego Euskal Herriko liburutegi publikoen online eskaintzan eskura daiteke. Gainera, Kirk Douglas aktorea, joan den otsailean zendua, omentzeko baliatuko dugu.
Istorioa: I. Mundu Gerran, Frantzian, Broulard jeneralak alemanen posizio bat konkistatzeko aginduko du, ia erasoezina dela jakin arren. Dax koronelak bideratuko du erasoa, sarraski izugarria izango dena. Porrotarekin haserre, agintari militarrek zenbait soldadu fusilatzeko aginduko dute.
Onena: zinemaren historian, berezko tokia du Kubricken filmak; hots, gozagarri ziurra da. Hizkuntza militarista barra-barra hedatu diguten garaiotan, agintekeria salatzen duen gerraren kontrako eta, batez ere, antimilitarista den filma ikustea ez dago sobera. Douglasen aktore lanik onenetakoak, gainerako aktoreena parean duenak, eta Kubricken zuzendaritza zorrotz eta doiak bete-betean eta gordinki sartuko gaituzte gerraren lokatz ustel gupidagabean, dela lubakietan, dela guda zelaitik urruneko jeneralen kasernetan. Gidoi biribila, eta kamera, maisuki erabilia. Horren adibide, sekuentzia ahaztezin ugari.
Eñaut Mitxelena