Igor Arzuagaren disko berria, abesti berrituekin

belarrion

Igor Arzuagak Menditik jaitsi ginen (Gaztelupeko Hotsak) diskoa kaleratu du, aurreko diskoetako hainbat kantu beste instrumentu batzuekin jantzi eta berriro grabatuta. Horretarako, jazz hirukote formatu klasikora jo du (pianoa, bateria eta kontrabaxua; tarteka, teklatuak ere bai), Hasier Oleagaren (bateria) eta Victor Gomezen (kontrabaxua) laguntzarekin. Hala, herri musika tradizionaleko melodiak eta erritmoak hiriko musika hizkuntzara eraman ditu kantu batzuetan, baina beste batzuetan pop izaerari eutsi dio. Hiru abesti berreskuratu ditu Argi izpi bat (2002) lanetik; bi Smog (2004) diskotik; Ilargi gorria kanta Unibertsoa gu (2008) lanetik; eta Nire aberria Luis Vilekin osaturiko Mara-mara (2011) diskotik. Hortaz, Arzuagaren ibilbidearen zati bat laburbiltzen duen bildumatzat har daiteke lan hau, baina musikariaren garapena eta heldutasun artistikoa nabari dira bertsio berrietan. Gainera, hiru konposizio berri gehitu ditu: Arin-arin, piano hutsezko Amaiera, eta Mehatzariena.


keuURA ETA BAKEA (Airaka) da Keu Agirretxearen azken lanaren izena. Somaliako gerratik ihesi ateratako familia baten historia irakurrita bururatu zitzaion, familia horrek, ehunka kilometro oinez egin ostean, ia abandonatuta zegoen errefuxiatu kanpamentu batean geratzea erabaki zuelako, han aurkitu zituelakoan behar zituen gauza biak: ura eta bakea. Zortzi abestiz osatua, ondarrutarrak berak konposatu du abesti guztien musika, baina, hitzak sortzeko, Aiert Goenaga, Gotzon Barandiaran, Nerea Arrien, Txili Lauzirika eta Eneko Garmendia izan ditu lagun. Emaitza folka, rocka eta popa nahasten dituen disko lasaia da. Izan ere, soinu iturri bakarra gitarra elektrikoa eta akustikoa dira, Agirretxearen ahotsarekin batera.

 

belatzHOTZ EGIN DUEN ARREN
Belatz
Baga-Biga, 2019

Gernikarren zortzi abestiko diskoan, rockak poparen astindu alai eta errazak ditu, baina baita rock gogor eta trinkoa, grunge leuna, elektronika tanta batzuk, baladen gozotasuna... ere. Rock erakargarria, azken finean, bere adar guztietan. Taldearen bigarren diskoa euskara batuan zein Gernikako bizkaieraz argitaratu da, eta Azkue Fundazioaren Banden Lehia irabazi izanaren ondorioz kaleratu dute. Pello Arriola (bateria), Mikel Conde (baxua), Ibon Bilbao (gitarra), Asier Zabala (ahotsa) eta Endika Elizaga (gitarra) dira Belatz.

berzaitzPIER PAUL BERZAITZ & L’ORCHESTRE SYMPHONIQUE DU PAYS BASQUE
Elkar, 2019

Disko hau Pier Paul Berzaitzen kantutegi zabal eta oparotik aukeratutako abesti samur, adierazkor eta esanguratsuenen bilduma da, Berzaitzen zazpigarren bakarkako lana. Guk musika taldearekin 70eko hamarkadan kantuan hasi eta gaur egun musikari jarraitzen duen zuberotarrak Baionako Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoko hamasei musikariren laguntzaz argitaratu du diskoa. Hamahiru kantuk osatzen dute 50 urteko lanaren lagina, eta Arnaud Oihenart, Xabier Lete eta beste idazle batzuen hitzak ere aurki daitezke bertan.