Irribarrea ahoan

gogokoenakDantzalekuan
Subsistak & The Aggramondarrak
Pantx Records, 2020

Disko kutunen txoko honetan, ez zaigu gustatzen lan bat esku artean eduki arte komentatzea, baina birus madarikatuak salbuespena egitera behartu gaitu. Izan ere, oraindik ez dugu Subsistak & The Aggramondarrak taldearen diskoa eskuratzerik izan, baina, sareari esker, konfinamenduan gehien entzun ditugun lanetako bat izan da, eta ez izan dudarik diskoa erostea izango dela egoera normaltzen denean egingo dugun lehenengo gauza. Subsistak hiru neskak osatuta dago, musika jamaikarraren tradiziorik petoenean, eta, Aggramondarren laguntzarekin, rocksteady, ska eta skinhead reggae estiloko 13 klasiko (Delroy Wilson, Kingstonians, Wailers, Heptones, Audrey Hall...) dakarzkigute euskaraturik. Diskoa positibismo txute ikaragarria da, argitsua, jostaria eta dantzagarria: “Ez dut inoiz galduko irribarrea ahoan, ez dut inoiz galduko dantzarako gogoa”. Lapurtu diguten udaberria berreskuratzeko soinu banda aproposa.
Gotzon Hermosilla