Arte eszenikoen Baratza

baratza

Antzerki eta dantza garaikidea, esperimentazioa eta ikerkuntza garatzeko espazioa martxan jarri dute Gasteizen Lopez de Armentia neba-arrebek. Ivan Santamaria.

 

“Izenak dena azaltzen du, espazioaren izaera osoa” dio Unai Lopez de Armentiak Baratza Aretoari jarritako izenari buruz galdetzen zaionean. Garazi arrebarekin batera, arte eszeniko garaikideei eskainitako leku berria ireki zuten orain dela hil batzuk Arabako hiriburuan. Antzerkia, dantza, sormena, esperimentazioa, ikerkuntza eta, oro har, proposamen berritzaileak garatzeko tokia izango da. Baina, hasteko, esan bezala, izena. Bi adiera ematen dizkiote: “Txikitan, gure eskolan, Arantzabela Ikastolan, jolastokiari baratzea deitzen zitzaion” zehaztu du Unaik, “eta jolasteari, esperimentatzeari, sekulako garrantzia ematen diogu sortzeko prozesuan”; bestetik, bigarren adierak “erabilera klasikoarekin zerikusia du”, azaldu du Garazik, “izan ere, landatu, erein eta jasotzen den tokia ere bada, eta guk hemen hori gertatzea nahi dugu. Oso pozik gaude izenarekin, egia esan”.
2012. urtean hasi ziren proiektua lantzen. Lehen emaitzak, programazioaren ikuspuntutik, abenduan izan zituzten. “Harrera oso ona izan da, publiko asko erakarri genuen. Oso pozik gaude” nabarmendu du Garazik. Orain, otsailetik aurrera, berriro ere martxan jarriko dute gune osoa: ikastaroak, antzerki taldeentzat egonaldiak, mediateka eta programazioa tartekatuko dituzte. “Milaka ideia buruan, baina orain egutegi baten aurrean jarri eta dena zehazteko ordua da”.
Espazio fisiko baten beharrak bultzatuta heldu zioten erronkari. “Konpainia, Parasite kolektiboa, elkarrekin sortu genuenean, argi ikusi genuen geure entseguak egiteko lekua behar genuela. Baina, noski, hemen bizi ahal izateko ikastaroak ere eman beharko genituela konturatu ginen. Horregatik hasi zen, baina, inertziaz, sekulako proiektuan sartu gara” azaldu du Unaik.
Neba-arreba biek arte eszenikoen bidea hartu zuten. Unaik bere ikasketak Ingalaterran egin zituen, eta ondoren hainbat herrialdetan (Frantzia, Brasil, Londres) aritu da, Gasteizera itzuli arte. Garazik, berriz, dantza ikasketak Bartzelonan eta Europako zenbait hiriburutan egin zituen. Ikastaroak ere nork bere espezializazio alorrean egingo dituzte. Garazik dantza garaikidea landuko du, eta Unaik, berriz, antzerki ensemble delakoa: sormenezko ikerketarako laborategia. Hortik abiatuta, eskaintza zabala eraiki nahi dute: gorputz-adierazpena, clown, ukipen-dantza, feldenkrais, yoga eta training. Bi antzezleek beste talde askorekin dute harremana, besteak beste, Factoria de Fuegos edo Sleepwalk Colectiverekin.
Hastapenetan, hutsik zeuden hainbat lonja begiratu ondoren, Aldabe plazako al-tzari-denda ohi bat aukeratu zuten. Bertan, bi areto, aldagelak eta, sarreran, mediateka bat jarriko dituzte martxan. Hasierako ideia zen taberna bat sortzea, Kafe Antzoki moduko bat, baina taberna izateko baimenarekin arazoak zeuden. Batez ere, iraunkortasun ekonomikoa lortzeari begira, lekua topagune bihurtzea da helburua. “Ideia ez da jendea ikastaro bat egitera etortzea eta gero alde egitea. Jendea hemendik ibiltzea nahi dugu” azpimarratu du Garazik. Beti ere arte eszenikoak ardatz, erabilera askotarikoa izango da. Astegunetan, jarduera nagusiak entseguak eta ikastaroak izango dira, eta konpainiei lanak prestatzeko aukera ere emango zaie. Asteazkenero, mediatekari lotutako jarduerak antolatuko dituzte, eta, hilean behin, asteburu osorako egitaraua prestatuko dute.
Kanpoan ikusitako esperientzietan oinarritu dira ideia garatzeko. Bristol (Ingalaterra) hiriko Tobacco Factory, esaterako, aipatu du Unaik. “Orain alkate denak antzina tabako lantegi izandako eraikina erosi eta bertan ezarri zituzten taberna, antzokia, entseatzeko tokiak”. Hori baino gehiago ere lortu zuen. “Nahiko gaizki zegoen auzo bat biziberritu zuen. Oso ondo garatu da, egiten duten antzerkia arriskutsua da, ez da komertziala, baina erabilera anitzak aukera ematen die horretarako”. Aurrera begira ere horixe da Baratzaren beste helburuetako bat: auzokoekin aritzeko aukerak bilatzea. Frantziako Au Brana zentroarekin ere senidetuak daude.
Publikoari, oro har, antzerki esperimentalerako sarbidea erraztu ere erraztu nahi diote Lopez de Armentia neba-arrebek. “Akaso Gasteizen jendea ez dago ohituta horretara. Baina gaur egun antzerkia asko aldatu da, oso gauza berritzaileak egiten dira”. Publikoa hurbiltzeko, esaterako, sorkuntzaren prozesua erakutsiko dute. “Konpainia batek erakuts dezake lantzen ari dena, une jakin batean, baita gero, amaieran, nola geratu den ere”. Espazio fisikoa, bi aretotan banatuta, ahalik eta malguena izateko eskatu zieten arkitektoei, adierazpen mota orori bide emateko. “Antzerki mota hau oso intimoa da, antzerkiari buruz ditugun ideia eta kontzeptu klasikoak kendu nahi ditugu”. Askotariko eskaintza egongo bada ere, Unaik argi dauka euren oinarriak non dauden:“Sormen garaikidearen zati handi bat kontzeptuala da, baina geurean ikerkuntza da sustraia. Ikerkuntza zientifiko gisa hartzen dugu, eta fisikoki ikertzen ordu asko ematen ditugu”.