Udaltop jardunaldia online egingo dute

udaltop

Ezohiko moduan bada ere, maiatzaren 14an Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren hamabigarren edizioa egingo da. Hasiera batean, bi egunean egitekoa zen, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, beti bezala. Haatik, egungo osasun larrialdiak eraginda, online eta egun bakarrean egingo dute. Aurtengoan, Udaltop etxetik: ireki leiho bat munduari lelopean, eremu sozioekonomikoa izango dute hizpide, eta lan mundua euskalduntzeko beharraz jardungo dira. Bertan Osasuna Fundazioak hartuko du parte, bere euskara planaren berri emateko, non aholkulari duen AEKren Ahize Hizkuntza Aholkularitza zerbitzua. Guztira, bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta hainbat testigantza labur eskainiko dituzte. Jardunaldia www.udaltop.eus webgunean jarraitu ahal izango da, aldez aurretik izena emanez gero; doakoa da, eta maiatzaren 8ra arteko epea dago horretarako, arestian aipatu atarian.


eusplayBIDEO JOKOAK euskarara itzultzeko kanala sortu dute, YouTuben, Game Erauntsia bideo jokozaleen euskal komunitateak eta Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak: Eusplay. Bideo laburren bitartez (hamar, oraingoz), hainbat gai jorratzen dituzte: bideo jokoetako euskal terminologia, euskaratutako bideo jokoak, euskaratzeko dauden erronkak... Hau da, bideo jokoak euskaratzeko ez ezik, euskaraz jokatzeko bideak eta baliabideak ere bildu dituzte. Guztiak YouTubeko Eusplay kanalean ikus daitezke. Nagusiki gazteentzat izan arren, helduen artean ere bideo jokozale asko dago; beraz, zaletasuna euskaraz garatzen hasteko parada izango dute askok Eusplay kanalari esker.

LABURREAN

Ipuina.eus atarian, han-hemenka barreiatuak zeuden ipuinak bildu eta irakurleen eskura jartzea xede duen horretan, narrazio gehiago ipini dituzte eskuragai. Guztira, 34 kontakizun gehitu dizkiote Susa argitaletxearen eta Koldo Izagirre idazlearen ekimenez sortutako guneari. XX. mendeko lehen hiru hamarkadetakoak dira gehienak. Horrela, 69 egileren 92 ipuin daude orain bertan. Etxean egon beharra dugun garai honetan, eskaintza ederra.

HEGO EUSKAL HERRIAN haurrak kalera ateratzeko ezarri duten neurriaren harira, tresna baliagarria sareratu du Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak: norbere bizitokitik kilometro bateko eremuan dagoen esparrua erakusteko mapa interaktiboa. Nahikoa da Gaindegiaren webgunera jotzea (www.gaindegia.eus) eta maparen gainean bizitokia aukeratzea. COVID-19ren pandemiak eragindako larrialdi egoeran indarrean diren arau, gomendio eta, oro har, egunerokoari eragiten dioten kontu ia gehienak egunetik egunera aldatzen direla kontuan hartuta, baliabide praktikoa da benetan.

eguneanASTE SANTUKO oporren ostean, bueltan da Egunean Behin galde-erantzunen jokoa, Codesyntax enpresak garatu duena eta dagoeneko milaka euskaldun jokatzeko irrikan dituena. Apirilaren 27an hasi zen jokoaren 4. denboraldia, eta uztailera arte iraungo du. Zuotako asko jada ariko zarete jokoan, baina izango da, oraindik ere, despistaturen bat... Zeren zain zaudete aplikazioa zuen sakelakoetan deskargatzeko?