Falta zitzaiguna

Gaixo larriak, hildakoak, denok pairatuko ditugun ondorio psikologikoak, osasun sistemaren kolapsoa, hezkuntzan eragindako kalteak, krisi ekonomikoa, familia eta bizilagunen arteko urteetarako haserre eta ezinikusiak... Koronabirusaren pandemiak ekarritako gaitz horiek guztiak nahiko ez eta, gainera, izurriteak eragin dizkigun beldurrak aprobetxatuta lapurretan ibiliko direnak ere ez zaizkigu falta.
Hainbat administrazio publikok gaitzaren zabalkundea jarraitzeko eta murrizten saiatzeko aplikazioak kaleratu dituzte. Gehienetan, komunikazioa oso kaskarra izan da, eta horrek erraz jarri dizkie gauzak lapurrei. Hego Euskal Herrian eta Espainia osoan, milaka salaketa izan dira phising erasoak direla eta: itxura instituzionala duen posta elektroniko bat gaixotasunaren aurkako aplikazio bat deskargatzeko lotura batekin dator. Lotura horretan klik egitean, aplikazio dendara baino, galdetegi moduko batera iristen gara, non gure datu pertsonalak idazteko eskatzen diguten: izen-abizenak, adina, bizilekua... eta kontu zenbakia! Tamalez, erabiltzaile askori konfiantza ematen dio mezuan administrazio publiko baten logoa ikusteak, eta datuak eman dituzte. Kaltetuak zenbat diren eta zer-nolako kaltea jasan duten ez dakigu oraindik.
Egunotan, inoiz baino gehiago erabiltzen ari gara sarea, eta horretaz ere baliatzen ari dira lapurrak. Adibidez, itxuraz Netflixek bidalitako e-posta batean erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen dira, ustez norbere kontua eguneratzeko galdetegi baten bidez. Behin datuak jasota, lapurrak benetako Netflixen sartu eta erabiltzaile horien datuak, bankuko kontu zenbakia barne, lapurtzen dituzte.
Beste e-posta batek, ziniko samarra bera, pornografia ikusten harrapatu dutela esaten dio hartzaileari, eta ordenagailuko kamerarekin ezkutuan egindako grabazioak dituztela. 1.700 euro ordaindu ezean grabaziook senide eta lagun guztiei bidaliko dizkietela ere esaten dute. Gezur hutsa da guztia, jakina, baina bidalketa masiboak egiten dituztenez, jasotzaileen ehuneko oso txiki batek sinetsi eta ordainduta ere negozio ederra egiten dute ziberlapurrek.
Amarru zahar hauetan ez jausteko arma bakarra, nola ez, sen ona da. Baina azkenaldian oso-oso urduri gabiltza denok, eta, noski, errazagoa da amuari heltzea. Badaezpada, horretan ere kontuz ibili, ados?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/phising
Euskal Herrian gertatutako phising eraso batzuen gaineko albistea, Debagoieneko Goiena toki komunikabidean.

https://labur.eus/aholkuak
Zibersegurtasun Euskal Zentroaren aholkuak honelako erasoetatik babesteko.

https://labur.eus/gezurrak
Ez dira eraso informatikotzat hartzen, baina batez ere sare sozialen bidez zabaltzen diren gezurrak ere oso arriskutsuak izan daitezke. Gaiari buruzko iruzkina, audioan zein testuan, Euskalerria Irratian.