Zuberoako gazteei esker, AZIAtik bizia!

azia

Gauza jakina da Zuberoa dela, bai lurralde hedaduraz (765 km2) bai eta herritar kopuruz ere (14.000 biztanle, gutxi gorabehera), Euskal Herriko lurralde edo probintzia historiko txikiena; halaber, ezagutua da kultur berezitasun eta aberastasunez. Gutxiagok dakite, ordea, Ipar Euskal Herri barnealdeko industriagune bakarra dela, eta gazteriaren alorrean talde guztiz kementsu batek diharduela su eta ke lurraldearen ekonomia  eta gizarte bizitasuna akuilatzen, alor horietan (h)azia landatuz eta uzta ederrak bilduz. Allande Sokarros.

AZIA elkartea 1998. urtean eratu zen, garai haietan gogoeta batek agerian jarri baitzuen "Zuberoan, gazteentzat bereziki, ezer gutxi egiten zela". Sentipen hori osoki egia ez bazen ere, gazte anitzek egoera halaxe hautematen zuten. Horretarako zuten gazte talde baten eratzeko erabakia hartu, Zuberoan gazte gisa bazutela zer egin gogoan harturik, baita euren etorkizuna bertan eraikitzeko ikuspegitik ere. Zuberoan bizi eta lan egin daiteke leloaren ildotik, AZIA elkarteak helburu nagusitzat hartu zuen zuberotar gazteen lurraldearekiko konpromisoa piztea, bideratzea eta horretarako baliabideak sortzea. Hiru egitasmo orokor hartu zituzten betekizun: lurraldea zehazki ezagutzea, lurraldeko jarduleekin elkartu eta haien ekintzabideen berri hartzea, eta irekitasuna haztea espiritu eta jokabidean.
Herritarrak, gazteen sustatzaile
Gazteak zirenez eta Zuberoan gazte gisa bizitzeko eta lan egiteko asmoa zutenez (ikasketetarako lurraldetik kanpo joatera behartuak egon arren), beraiek berentzako lanpostuak sortzeko ildoa zuten lehendabizi landu, CLEJ izeneko ekimenaren bidez. CLEJ edo Gazteentzako Tokiko Aurrezki Taldearen egitasmoa hauxe da: herritarrei 180 euroko akzioak har ditzaten proposatzea, Zuberoan euren lanpostua sortzeko asmoa duten gazte batzuei diru multzo bat eskuetan jartzeko. Diru zama hori, noski, ez da nahikoa proiektuak osoki diruztatzeko, baina bankuetatik jesaiteak lortzeko erraztasuna ematen du. Herritar akziodunek sos hori mailegatzen dute, interesik hartu gabe, eta lanpostu sortzaile gazteek euren jarduera ongi bideratu ostean itzultzen dute dirua, 3 eta 5 urteren bitarteko epean. CLEJ 1 2000. urtean plantan ezarri zen, eta gaur egun CLEJ 8 bideratuta dago. Bururaino eraman diren orain arteko zazpi CLEJei esker, 197.115 euroko dirutza mobilizatu ahal izan da, eta dirulaguntza horiek 60 egitasmo gauzatzen lagundu dute, eta ororen buru 96 lanpostu sorrarazi.
Zifra horiek txikiak direla ematen du, baina Zuberoa mailan asko dira eta gazteen konpromiso eta eskusartze handi baten seinale dira, euren arteko zein beste belaunaldien aldetikako elkartasun adierazle nabarmenak direlarik, halaber. CLEJ horiek Zuberoatik eta AZIAren ekimenez hasi baziren ere, Ipar Euskal Herriko beste eskualdeetara ere, Baxenabarrera kasu, hedatzen hasi dira. Horrek berak argi uzten du ekimen mota hori eredugarria dela, gizarteko kohesioaren eta egitasmo kolektibo baten alderdietatik hasita.
‘Lanbideen Gidaliburua’
Zuberoan bizi eta lan egin daiteke, bai... baina lan arloak zein diren eta non jardun daitekeen agerian jarri eta zehaztu behar dela gogoan harturik, AZIAk Lanbideen Gidaliburua deitutako ekimen potoloa bideratu du azken urteotan. Potoloa bai, zeren eta paperean zein Interneten argitara eman duten gidaliburu horrek egiten baititu Zuberoan aurki daitezkeen lan arlo den-denen aurkezpena eta zehaztapena. Guztira, zortzi lan alor daude gidaliburuan zehaztuta: artatzea (osasun alorra), asmagintza eta ikerka (sormena eta ikerketa), eraikuntza eta herri lanak, lantokiak sortzeak eta arrahartzeak, industria, jendeari laguntzea (jendearentzako zerbitzuak), laborantza, eta lantegien sustapena. Gidaliburua osatzean, sekulako lana egin dute AZIAko gazteek ikerketan eta datu bilketan. Berentzat ez ezik, Zuberoako enpresendako eta lurraldeko jardule eta arduradunendako ere oso tresna baliagarria da. Era berean, Euskal Herriko beste lurraldeetan ere, lan txalogarri horrek Zuberoa (ekonomia eta gizarte arloetan, bereziki) zehazki ezagutzeko parada ematen du.
Eztabaida gaualdiak Zuberoan zehar
AZIAtik hurbiltzen den edonor berehala ohartuko da elkarteak gazte anitz biltzen eta mugiarazten duela... baita ere gazte hauetan neskak daudela gehiengo zabalean! Horrek ere zerbait erran nahiko du; hots, neskak (eta ez Zuberoan soilik) oso kementsuak direla, militantismoa ahulduta agertzen den gaur egungo denboretan. Dena den, neska ala mutil, gazte ugari bildu dira AZIAk Zuberoako hainbat herritako tabernetan antolatu dituen eztabaida gaualdietan. Bildu ez soilik, parte hartu ere hitz egitean, ideiak azaltzean, egoerak aztertzean...
Eztabaida gaualdi horietatik batean, aipagaia zen "Honki jin Xiberoan" (Ongi etorri Zuberoan), eta bazen horretan zer gogoetatu, jakinez Zuberoak, lehen eta gaur egun ere, bizi duen erronka garrantzitsuenetik bat dela jendetza apaltzearena. Egoera kezkagarri horrek gogoeta bideak  irekitzen ditu kanpotik etor litezkeen jendeei harrera egitearen eta Zuberoako euskal kultur nortasun berezia sendo atxikitzearen kontuetan. Erronka zaila izanik, Zuberoako beste jarduleekin batera, AZIAko gazteek jakinen dute, segur asko, gogoeta alor horretatik uzta baliagarririk biltzen.