Teknologia

chefInprimagailurik gozoena

Txokolatez eta azukrez hiru dimentsiotako irudiak egiten dituen inprimagailua sortu berri du AEBetako 3DSystems enpresak. ChefJet du izena gozozale ororentzat pagotxa izan daitekeen gailuak eta 2014ko bigarren seihilekoan ipini nahi dute salgai. Hiru dimentsiotako inprimagailuak egiten ditu aipatu enpresak eta lehendik ere bazituen objektu jangarriak sortzen dituzten inprimagailuak. Orain, ChefJet delakoarekin, gozogintzaren merkatuari heldu nahi izan dio. Nolanahi ere, gozoekiko zaletasuna ez ezik, diru mordoxka ere eduki beharko da inprimagailua erosi ahal izateko. Izan ere, gozotik duena garestitik ere badu. Bi modelo merkaturatu nahi dituzte urteon: batetik, ChefJet izenekoak txuri eta beltzezko objektuak sortzen ditu azukre eta txokolatearekin, eta 3.700 euro inguru balio du; bestetik, ChefJet Pro izenekoak, koloretako objektu jangarriak egin ditzake, eta bere salneurria 7.300 eurokoa da. Biek ala biek zaporeekin jokatzeko aukera ere ematen dute, banilla, menta, sagar edota gerezi zaporeko sorkuntzak egiteko.