Arrunt ezohiko

birusa

Lerrook leitzean, ezohiko ariketa egingo duzue: paperaren leuntasuna barik, hatzekin pantailaren gogortasuna ukitzen aritu. Ezohiko jarduna, beste asko bezala, ezohiko egoeran ohikoa bilakatzen ari zaiguna. Izan ere, COVID-19aren gaitzaren pandemiak hankaz gora ipini digu orain arte arrunta genuen oro. Kaleak hutsik, jendea etxean, eta eguneroko kontu normaltzat jotzen ditugun ia guztiak erabat etenda, mundu osoa osasun krisi larrian ipini duen birusaren eraginez. Izugarrizko zurrunbiloa, bizitzako arlo guztiei eragingo diena eta behingoz “historiko” adjektiboa taxuz erabiltzeko aukera ematen duena, egoera ezezagun honetara ekarri baitu mundua. Horrekin batera, beldurrak, ziurgabetasuna, zalantzak, ezinegona... baina baita elkartasuna, ekimena, laguntasuna eta une zail hauetara egokitzeko irudimena nahiz prestasuna. Zuok, euskara ikasle eta irakasleok, horren adibide: euskaltegiak itxita, tinko jarraitzen duzue, teknologia lagun, euskara irakasten eta ikasten, egoerari aurre eginez. Geuk ere halaxe helarazi dizuegu apirileko AIZU!, sarearen bitartez, digitalki, berandu baino lehen paperean ere jasoko duzuen esperantzaz. Lehendik aldrebesa zen mundu are aldrebestuagoan, aldizkaria zuen eskura jartzeko.