Kultur sorkuntzarako beka sortu du AEK-Korrikak

lekukoaEuskal kulturako sormen lanak bultzatzeko eta 23. Korrikan Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzeko xedearekin, Korrika-AEK kultur sorkuntzarako beka sortu du AEK-Korrikak. Hala, bi urterik behin, lan bat sarituko du AEK-k, Korrika kulturalaren bitartez. Euskal sortzaile ororentzat, diziplina bakarra edo anitz barnebildu ahal izango dituzte lanek, eta haien emanaldiak agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dira. Horretarako, 23.000 euro jasoko ditu bekaren irabazleak. Lan aukeratua 23. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2022ko azarotik 2023ko apirilera, hain justu. Bekaren xehetasun guztiak Korrikaren atarian (www.korrika.eus) daude dagoeneko, proposamenak aurkezteko epealdia, besteak beste: 2020ko urritik 2021eko urtarrilera. Beka honen bitartez, kultur sorkuntzari bultzada eman nahi dio Korrika-AEK-k, eta, aldi berean, Korrikako kultur eskaintza guztiz berrituko du. Lehenengoz, 23. Korrikan aurkeztuko da bekaren emaitza. Ondorioz, tarteko edizioan, 22. Korrikan, kultur eskaintza beste era batean osatuko da, elkarlana bultzatuz eta Euskal Herrian martxan izango diren sorkuntza lanak Korrikan sustatuz nahiz leku gehiagotara eramanez.