Garagardoa

basqueEuskal garagardoek beren sor-marka dute

Aspaldiko nahia beteta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garagardo ekoizleek berezko zigilua izango dute hemendik aurrera: Euskal Garagardoa-Basque Beer. Eusko Jaurlaritzak bultzatu du egitasmoa, eta, oraingoz, garagardoa Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten hamabi ekoizlek hartuko dute parte: Baias, Basabe, Boga, Etxeandia, Gar & Gar, Maiken Brewery, La Salve, Olañeta, Olbeam, Pagoa, Txorierri eta Urban Beer. Sagardorako eta ardorako sorturiko sor-markak aintzat hartuta eratu dute. Hala, bi baldintza bete beharko dituzte zigiludun ekoizleek: garagardoa EAEn ekoiztea eta botilaratzea. Modu horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzi eta botilaratzen diren garagardoak “euskal” adjektiboa baliatu bai, baina guztiz berton egiten ez diren marketatik bereizi nahi dituzte. Nolanahi ere, ekoizle gehiagok ere baliatu ahal izango dute sor-marka, oinarrizko baldintzak betez gero. Aurrerantzean urrats gehiago egiteko asmoa ere agertu zuen Euskal Garagardoaren Elkarteak, sor-markaren aurkezpenean. Esaterako, etorkizunean garagardoa euskal osagaiekin egiteko xedea dute, hau da, berton ekoitzitako legamia, lupulu eta maltarekin.