India

indiaSemaforoetan, hobe klaxonik ez jotzea

Zirkulazioak eta, zehazki, auto gidarien klaxon hotsek sortzen duten zarataren aurkako neurri bitxia hartu dute Indiako Mumbai hirian: semaforo gorrien aurrean, zenbat eta gehiago jo turuta, gidariek itxaronaldi luzeagoa izango dute. Zirkulaziorik txarreneko munduko hirien artean dago Mumbai, eta, ondorioz, trafiko kaotikoak arazo ugari eta larriak eragiten ditu. Tartean, kutsadura, bai eguratsarena baita zaratak eragindakoa ere, biak kaltegarriak hiritarrentzat. Turuta harrabotsari aurre egiteko, soinu neurgailuak ipini dituzte zenbait bidegurutzetako semaforoetan. Neurgailuok 85 dezibeletik gorako zarata antzemanez gero, semaforoan itxaron beharreko denbora bikoiztu egiten zaie gidari turuta jotzaileei. Hain justu, itxaronaldi denbora erakusten duten kontagailuak ere badituzte semaforo horiek, hortaz, itxaron denbora nola luzatzen zaien ikus dezakete gidari zalapartariek. Lehen hiru semaforoak 2019. urtearen amaieran ipini zituzten, probatzeko. Antza, arrakasta izan zuten, urtarrilean beste hamar ipini baitzituzten, eta Indiako beste zenbait hirik ere interesa agertu dute.