Finlandia

samiSami herriak jasandako bazterketa ikertuko du batzorde batek

Urte luzez, samiak baztertuak izan dira. Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiako Kola penintsulako iparraldean bizi dira, eta herrialde guztietan nozitu izan dute, historikoki, bazterketa. Finlandian, adibidez, beren hizkuntzaren (samiera) kontrako  erasoak, eskola bereizketa, derrigor kristau bilakatu beharra, diskriminazioa eta errepresioa, beren kulturaren bazterketa, beren lurraldea baliatzeko debekua... Hots, bigarren mailako herritarrak izan dira samiak urte luzez, eta, XX. mendeko 70eko hamarkadara arte, finlandiar kultura bere egitera behartuak izan ziren. Ordutik, pixkanaka, haien egoera hobetu egin da; esaterako, sami parlamentua badute egun. Era berean, Finlandiako Gobernuak mendeetan eragindako bazterketa aitortu du, eta horretan izan duen erantzukizuna onartu. Orain, iraganean gertaturikoa argitzeko batzordea eratu dute: Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordea. Finlandiako Gobernuak jarri du abian, eta samien parlamentuak ere oniritzia eman dio. Batzordeak helburu zehatza izango du: samiek iraganean pairatutako bazterketa ikertzea eta jarrera haietatik ikastea. Samien parlamentuak azaldu duenez, iraganeko diskriminazioa ikertu ez ezik, bazterketa horrek samiengan oraindik eragiten duen trauma onartu eta aztertu ere egin beharko du. Finlandian eratutako batzordea ez da eremu hartan lehena. Norvegian ere antzekoa sortu zuten, eta 2022an jakinaraziko ditu orain artean bildutakoaren ondorioak. Suediako Gobernuak ere azaldu du antzeko batzorde bat sortzeko asmoa, nahiz eta oraindik ez duen urrats zehatzik egin.