Osasuna

kutxaduraAirearen kutsadurak hiru urtean laburtzen du bizi itxaropena

Pertsonon bizi itxaropena murrizten duten arrazoien artean, eguratsaren kutsadurak eragin handiagoa du tabakismoak, gerrek eta malaria edota GIBaren moduko gaixotasunek baino. Hala, airearen kutsadura desagertuz gero, munduko biztanleen bizi itxaropena 3 urte luzeagoa izango litzateke, Cardiovascular Research agerkarian plazaraturiko ikerketa batek dioenez. Airea kutsatzen duten hainbat iturri aztertu dituzte Alemaniako Max Planck Institutuko eta Mainzeko Unibertsitate Zentro Medikoko bi ikertzailek; zehazki, zein eragin duen airearen kutsadurak sei gaixotasun motatan, batik bat arnas aparatuko eta bihotzeko gaixotasunetan. Ikerketaren arabera, 2015ean 8,8 milioi heriotza goiztiar izan ziren munduan aire kutsaduraren eraginez; horrek, batez beste, bizi itxaropenaren 3 urteko murrizketa erakutsiko luke. Beste heriotza zioekin ere alderatu zituzten datuok: 2015ean, 7,2 milioi hildako eragin zituen tabakismoak (batez beste, 2,2 urteko murrizketa bizi itxaropenean), milioi bat GIBak (0,7 urteko murrizketa), 600.000 hildako malariak eta antzeko eritasunek (0,6 urte gutxiago); eta 530.000 hildako mota guztietako indarkeriak, gerrak barne (0,3 urte gutxiago). Lekuaren araberako kalkuluak ere egin zituzten. Hala, Asian 4 urte labur daiteke bizi itxaropena; Afrikan, 3,1 urte; Europan, 2,2 urte; eta Ipar Amerikan, 1,4 urte. Hori bai, kutsaduraren ezaugarriak ere bereizi zituzten: saihets daitekeena (gizakiak eragindakoa, batez ere erregai fosilen ondorioz) eta saihetsezina (adibidez, basamortuko hondarra edota baso suteen kea). Bizi itxaropena gehien murrizten duena saihets daitekeena da: hildakoen bi hereni eragin zien 2015ean. Hori guztia kontuan hartuta, ikerketaren egileek azaldu dute “airearen kutsaduraren pandemia” bizi dugula, eta arreta handiagoa eskaini behar zaiola arazoari.